Levante UD - Athletic Club
Jardunaldia 19
Liga

Levante UD - Athletic Club

Levante UD
Levante UD
00
Athletic Club
Athletic Club

KokapenaCiutat de València , Valencia

Levantek 0-Athletic Clubek 0: Beste puntu bat etxetik kanpo

Athletic Clubek lehen itzulia amaitu du berdinketa batekin Levanteren aurka (0-0) etxetik kanpoko partidetako ohitura…

Athletic Club

Athletic Clubek lehen itzulia amaitu du berdinketa batekin Levanteren aurka (0-0) etxetik kanpoko partidetako ohitura onari segituz, baina zapore mingotsarekin norgehiagokan egin diren aukera gehienak zurigorriak izan direlako. Hemeretzi puntuekin gauzak ia berdin segitzen dute sailkapenean, baina beheko taldeekin abantaila handitu da kasu bitan eta mantendu hirugarrenean, Levantek hor segitzen duen bitartean.

Partida ez da ikusgarria izan. Arerioaren planteamendua dela, futbol zelaiaren egoera dela edota beharraren eragina dela, talde biek joku zuzenaren aldeko hautua egin dute inolako lotsarik gabe. Dena den, partidako bi aldeak arras ezberdinak izan dira. Lehendabiziko zatian aukera garbi pare bat izan duen arren, lerroak gehiegi banaturik izan du Athletic Clubek eta ederto aprobetxatu du Levantek bigarren baloi deitzen diren ia guztiak berreskuratzeko.

Bigarren zatian, aldiz, askozaz egokiagoa izan da Athleticen kokapena eta aukerak sortzeaz gainera estutasun gutxiago pasatu dute zurigorriek, aurre partidatan legez, oso lehia txukuna egin dutena defentsako lana burutzeko orduan.

Oreka nagusi izan den honetan, lehendabiziko aukera izan du Adurizek Javi Martinezen paseaz baliaturik, baina Molinaren aurrean desbideratutik jaurti du 16. minutuan. Ia jarraian Expositok aukera ona izan du erdiratzeko, baina jaurtiketa atera zaio Molinaren eskuetara. Levantek aldiz, baloi luzeak ere erabili izan ditu, baina ordu erdira arte ez du arriskurik sortu, alferrik kasu horretan, Kapok orraztu baitu buruz baloi luze bat baina Courtois jokoz kanpo zegoen baloia sareetara bidali duenean. Epaileak eta laguntzaileak jokaldiari suspensea ezarri dioten arren, azkenean ez da gola izan. Argiagoa, batez ere baliogarria zelako, izan da Ettienen aukera 38. minutuan, baina bere boleak Casasen gorputzean jo eta gero ederto desbideratu du kornerrera Aranzubiak.

Halaz ere Sarriegirentzat izan da lehen zatiko azken abagunea eta nahikoa garbia hau ere, baina bere burukada kanpora joan da Molina atepean salduta zegoela.

Esan bezala, bigarren zatian askozaz hobeto irten da Athletic Club. Lehen aukera Javi Martinezena izan da 48. minutuan, baina Molinak kornerrera desbideratu du baloia. Kornerra atera eta gero, penalti garbia egin diote Amorebietari, baina epaileak ez du ikusi. Adurizek ez du kontraeraso polita gauzatu 55. minutuan, Molinak eskua ondo sartu duelako eta Yeste saiatu faltaz 58. minutuan. Garai hartan irten da N’Diaye Tomassiren ordez zelai erdia berreskuratu guran eta 68. minutuan Robert Harteren ordez, Javi Martinez gero eta nagusiago baitzen hegal horretatik. Courtois kokatu da atzean eta Robert zelai erdiko ezker hegalean.

Aldaketa horren bitartez askozaz arriskutsuago izan da Levante estrategiako jokaldietan eta korner guztiak maisuki itxi ditu frantziarrak. Arriskutsuena 81. minutuan heldu da baina Aranzubiak langa gainetik urrundu du. Horixe izan da etxekoen abagunerik argiena, nahiz eta estretagiako jokaldi guztietan aukerak sortu diren arren. Gurean azken ordu laurdenean aldaketak egin ditu Manek, guztiak zelai erditik aurrera azken bultzada eman guran edo. Llorente Urzaizen ordez eta Garmendia Adurizen ordez 76. minutuan eta Gabilondo Yesteren ordez 83. minutuan. Estrategian ere saiatu da Athletic, baina Javi Martinezi egin dioten ustezko penaltia baino ez da lortu.

Azkenik beste puntu bat gehiago behetik ihes egiteko. Gutxienez ez da bost txartelengatik zigortuta egongo den jokalaria, ez da lesionaturik egon eta Valentzian segituko du taldeak prestatzen Ligako bigarren zatia, Anoetan hasiko dena.