Athletic Club - Sevilla FC
Jardunaldia 19
Liga

Athletic Club - Sevilla FC

Athletic Club
Athletic Club
20
Sevilla FC
Sevilla FC
  • 28' Yeste
  • 68' Susaeta

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2-Sevillak 0: Lehen itzuliari amaiera ona

Athletic Clubek garaipen argia lortu du Sevillaren aurka lehen itzuliari amaiera emateko eta osatu beharreko…

Athletic Club

Athletic Clubek garaipen argia lortu du Sevillaren aurka lehen itzuliari amaiera emateko eta osatu beharreko aurrepausoa eman du lasaitasunerantz doan bidean. Yestek lehen zatian eta Susaetak, bigarrenean, egin dituzte zurigorrien golak. Alderik txarrena izan da Iraizoz eta Orbaizen lesioei dagokiena.

Hobe berandu inoiz ez baino, eta zapore ona uzteko garaipena izan da, partaide orok bertsiorik onena eman duten gauean: taldeak aspaldiko partez erakusten zuen sendotasunaz gain praktikotasuna eta gola gehitu dituelako; zalegoa partidaren garrantziaz hasieratik jabetu delako, aurreko beroaldiak albo batera utziz eta jokalari guztiei, salbuespenik gabe, babesa emanez eta epaileak, aspaldiko partez ere, lan ona egin duelako, baina ez garaipenarengatik ala Sevillako Escude txartel gorriz kanporatu duelako edota hainbat penalti eskatu zaizkiolako, baizik eta protagonista ez delako izan, jokoaren gainean zegoelako eta, behar bada garrantzitsuena, irizpide bera talde bientzako erabili duelako. Eta bageneuzkan gogoak horretaz jarduteko.

Sevillar entrenatzaileak 54. minutuan erakutsi den txartel gorrian bilatu du babesa partidan gertatu dena azaltzeko, baina lehen zatiko hamar minutu kenduta, 15.enetik 25.era, Athletic jaun eta jabe izan da, jokuan eta aukeretan ere.

Hasieran erritmo altua ezarri dio Athleticek lehiari eta asko kostatzen zitzaion Sevillari baloia atzetik tajuz ateratzea. Presioa nabaria zen, batez ere zurien eskuin hegala (Alves-Navas) ixteko, eta baloia De Sanctisen area inguruan zebilen, baina arrisku garbia sortu gabe. Susaetak aukerarik onena izan du hamargarren minutuan, baina atezainak desbideratu egin du baloia. Sevillak nagiak kendu ditu eta baloi jabetza berreskuratzen joan da. Hamar minutu izan ditu partida bere alde ipintzeko. Hauetan, bi abagune parebage izan ditu eta protagonista bera: 17. minutuan Jesus Navasek jaurti du eta itzultzen zen Iraizozek desbideratu du baloia eta 25. minutuan Sevillako lau jokalarik erasoari ekin diote solikik bi zurigorriz osaturiko defentsaren aurka. Alvesek ez du aukerarik onena hartu eta ezer ezean geratu da dena.

Norgehiagoka goizegi orekaturik zegoela bazirudien, baina 27. minutuan Koikilik lapurtu du baloia zelai erdian, azkar eman dio David Lopezeri, horrek pase sakona egin dio Yesteri eta horrek zetorkion moduan jo eta gero goitik gainditu du De Sanctisen irteera. Eta hor amaitu da Sevilla, Athleticek ekimena berreskuratu du eta arriskua norabide bakarrekoa zen. Esaterako Adurizek errematatu du behartuta David Lopezen jokaldi ona 32. minutuan, baina lanik aipagarriena izan da komeni zitzaigun partidaren erritmoa markatzea. Honez gero jada lesionatuta zegoen Iraizoz atezaina, Aranzubia 42. minutura arte sartu ez den arren.

Bigarren zatian Adrianok Crespo lesionatua ordezkatu du eta Capel eta Navas lekuz aldatu dira sorpresa bilatu guran. Minutu gitxi iraun du frogak. Gainera 54. minutuan Escuderi atera diote gorria eta erasora jo behar zuen taldeak atzerapausoa eman du, Poulsen atzeko lerroan kokatuz eta Renato erdira jaitsiz. Berrantolaketa osatzeko, Juanjok Chevanton ordezkatu du eta Duda Capelen ordez sartu da. Alferrik izan da den dena. Unera arte minik egiten ez zuen Athletic hobetuz joan da behartutako bigarren aldaketarekin: Muñoz Orbaiz lesionatuaren ordez. Jaioa da Sevilla, eskarmentu eta kalitate handikoa, eta zailena, batez ere guretzat, geratzen zen.

Adurizek ez du bigarrena egin 61. minutuan, gurutzatuegi joan baitzaio baloia, baina aukera berri bat izan du 68. minutuan Yesteren baloi bikainari esker … penalti eskatu du.. Poulsenek atepetik urrundu du baloia, baina Susaetak barrura bidali du lasaitasuna, ia erabatekoa, ekarriz. Adurizek 71. minutuan abagune berri bat izan du baina errematatu beharrean bularrez kontrolatzea hobetsi du. Iraolak buruz errematatu du kanpora 74. minutuan eta Adurizen burukada De Sanctisek harrapatu du 79. minutuan Iraola eta David Lopezen jokaldi onaren ostean. Eta Sevillak? Aukera pare bat izan du bigarren zati honetan, 76. minutuan Dudak kanpora jaurti du bakarrik zela eta 78. minutuan Marescak gora. Zurigorriek, aldiz, ondo irakurri dute lehia eta kudeatu baloia.

Amaitzeko esan Athleticek antzeko partida egin duela beste batzuetan, baina borobiltzea ala zorte pitin bat falta zaio. Gaurkoan aukera gutxiago egin dira une beroetan, baina bi gol lortu dira, kontrakoan bataz besteko interesgarria gordetzen da: gol bat partidako. Bazen garaia etxeko garaipena ospatzeko, bai, baina, garaipen egunean ere, bide luzea oraindik egiteke daukagula ez dugu ahaztu behar. Bitartean, Kopako erronka zaila gainditzea da hurrengo erronka.