Athletic Club VS Bartzelona 2008-1-27 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
21. Jardunaldia

Athletic Club1 : 1Bartzelona

Llorente78'
Bojan35'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
27/01/2008
Ordua
19:00
Data eta ordua
2008-1-27 - 19:00

Athletic Clubek 1-FC Bartzelonak 1: Burua tente puntu bat berreskuratzeko

Athletic Clubek eta FC Bartzelonak bana egin dute San Mamesen. Bojanek eta Llorentek sartu dituzte…

2008ko urt. 27a

Athletic Clubek eta FC Bartzelonak bana egin dute San Mamesen. Bojanek eta Llorentek sartu dituzte golak giro eta emozio handiko partidan. Bertan, fase eta gorabehera asko ikusteaz gainera, Athletic Clubek berreskuratu egin du bere lotura harmailarekiko azken bi porroten ostean eta akatsak agertu diren arren, taldeak dena ematen duela ikusita, berdinketa ere garaipena balitz bezala ospa daiteke. Gauzak bere horretan segitzen dute Ligako beheko partean, jaitsiera postuetatik puntu bateko aldea dagoen arren eta gaur emandako pauso txikia etengabekoa izan beharko. Dena den, ostegunean Kopa dago eta aurrera segitzeko aukerak azken uneraino agortu behar ditugu gaurko elkarlanaren bitartez.

Lerroak elkartu ditu Athletic Clubek hasieratik eta Barçak zailtasun handiak zituen erasoko jokoa antolatzeko. Dena den, baloia lapurtzen zuenean nahikoa fedea ez du erakutsi gure taldeak atzean sendo agertu den Bartzelona mendean hartzeko. Orbaizek areaz kanpotik lehendabiziko lana eman dio Valdesi bigarren minutuan eta atezainak kornerrera bidali du. Dena den, sasi guztien gainetik, Athleticek baloia gutxiago zeukan, baina arrisku zentzazio gehiago ematen zuen. Esaterako Barçak ez du atera bota 17. minutura arte, Messiren bitartez eta Aranzubiak ondo gelditu du.

Halaz ere, katalunyarrek kalitate handiko taldea osatzen dute eta Xavi, Iniesta eta Decoren eskutik saiatzen ziren presioko lehen lerroa gainditzen. Gainera Messik ahaztu du eskuin hegala erdian kokatzeko eta Bojan pasatu da eskuinaldera. Aldaketa horrek eragina edukiko zuen partidako lehendabiziko golean. Ordu erdira orekatu da berriro lehia eta Javi Martinezen areaz kanpoko jaurtiketa bigunaren ostean, berebiziko aukera izan du Adurizek. David Lopezek erdiratu du Aduriz sartu da Puyolekin borrokan eta baloia gelditu da aurrelariaren hanketan, baina bere jaurtiketa langa gainetik abiatu da.

Askotan gertatzen den legez, futbolak zaplastada ematen dizu berehala, eta horrela gertatu da 34. minutuan hain zuzen. Baloi sakona sartu diote Messiri Aranzubia bizkor irten da, baloia urrundu du Messiren falta gaindituz, baina aldaratzea hartu du Decok, baloia zabaldu eskuinaldera eta Bojanek, kalitate handiz, zero eta batekoa egin du. Real Madrilen aurka gertatu zen bezalaxe, bazirudien kalitatearen indarra berez nagusituko zela. Besterik gabe heldu da partida atsedenaldira, baina punturik urratzea zaila izango zela zen irudipena.

Bigarren zatiari begira Garmendia eta Aitor Ramos sartu dira Susaeta eta Adurizen ordez. Taktikoki David Lopez jarri da eskuinaldean, Yeste ezker hegalean eta sartu berriak aurrelari gisa. Taldeak presioa askozaz gorago egin du, neurriak zeuzkan arrisku guztiekin. Barçak ezin zuen atzetik baloia eroso atera, baina, aitzitik, presio lerroa behin gaindituz gero, zulo gehiago topatu ditu zurigorrien atzealdean eta gure taldeak marrazki berria ondo egokitu baino lehen aukera bi izan du Henryren hanketan 46. minutuan eta Decorentzat 47. minutan, baina jaurtiketa biak kanpora joan dira.

Garmendiaren jaurtiketa desbideratua, 48. minutuan, izan da lehendabizikoa Athleticentzat. Erritmo biziagoa izan du norgehiagokak hortik aurrera eta Athleticek gero eta baloi gehiago zeukan. Martinezek berriro lana eman dio 55. minutuan Valdesi, baina atezainak harrapatu du. Jo eta ke ibili dira zurigorriak, zaleak bizkarrean, baina etekinik gabe. Rijkaardek Edmilson atera du Xaviren ordez zelai erdia sendotzeko, katalunyarrak berpiztu dira eta horrek irakurketa erraza dauka: sufritzea tokatzen zitzaion Athletici eta bazirudien are gehiago sufrituko zuela Javi Martinez erabat birrinduta zela aldaketa eskatu duenean. Llorentek hartu du bere tokia eta ongi etorriko kolpea Thuramekin, alarma guztiak piztuz. Segitu du zelaian eta baita Barça ere. Puyolek aukera paregabea izan du 70. minutuan, bigarren zatiko eta ia partida osoko argiena, baina atzelari batek bidali du kornerrera.

Partida aldapaz gora zela, indarrak atera ditu berriro Athletic Clubek azken erasoaldirako. Eta nola gainera. Unera arte harmailetatik ulertzen zen erronkaren zailtasuna eta taldeak den dena ematen ari zela ikusita zelairatu du ere bere sostengua. Gune beroetan lapurtzen zuen baloia Athleticek eta horrelako batean euskarrian jada jokatzen ari zen Garmendia sartu da eskuinaldetik, behetik erdiratu eta Llorentek “kolpea” itzuli dio Thurami, bien artean desbideratu baitute baloia sareetara. Lehen zutoinera errematatzera joatearen abantaila.

Zoramena egindako lan eskergari saria zen eta, baina Athletic ez da kikildu eta partidaren bila joan da, buruarekin oraingoan ere. Hainbatetan talde osoko presioak baloi politak ahalbideratu ditu eta aukerarik garbiena Ramosek, Ligan debutaria, izan du 84. minutuan, baina Valdesek harrapatu du berriro eta, oraingoan bai, presaka eta korrika atera ere.

Barça saiatu da Gudjohnsen Bojanen tokian sartuz, baina alferrik, izerdia, ohorea eta puntua zurigorriak ziren jada. Ostegunean, berriro ere San Mamesen, beste ahalegin bat Koparen bila gaurko grinari eraginkortasuna gehituz, ahal den neurrian behintzat.