Athletic Club - RCD Espanyol
Final zortzirenak
Kopa

Athletic Club - RCD Espanyol

Athletic Club
Athletic Club
11
RCD Espanyol
RCD Espanyol
  • 78' Susaeta
  • Jonathan 68'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Espanyolek 1: Golaren bila oraingoan ere

Athletic Clubek eta Espanyolek bana egin dute Kopako final zortzirenetako joaneko partidan Jonathanek 68. minutuan…

Athletic Club

Athletic Clubek eta Espanyolek bana egin dute Kopako final zortzirenetako joaneko partidan Jonathanek 68. minutuan eta Susaetak 77. minutuan egin dituzten golen bitartez. Lehiaren gorabeherak ikusita emaitza justua dela esan badaiteke ere, gure taldeak aurtengo denboraldiko irakasgai bera dauka zain: gola egitearena hain zuzen be. Lehen zatian ondo aritu dira zurigorriak, bigarrenean gehiago parekatu dira gauzak, kinka larrian egon da taldea zero eta batekoa jaso eta ondorengo minutuetan eta berpiztu egin da azken txanpan. Dena erabakitzeke badago ere, Bartzelonan derrigorrezkoa izango da gola egitea eta, gure taldearen gabeziak ikusita, horixe da kezkarik nagusiena, egun 17 partida ofiziala jarraian galdu barik daraman talde baten aurka jokatzeaz gainera.

Talde biek nobedadeak aurkeztu dituzte hasierako hamaikakoetan. Gurean Del Horno itzuli da ezker hegalera, Tikok jokatu du aspaldiko partez eta Muñoz agertu da hasieratik, Susaetari gertatu zaion legez. Sasoian dagoen Ernesto Valverderen taldea, Tamudo eta De la Peña aulkian zuela, saiatu da hasieratik hutsuneak bilatzen transizio azkarretan oinarriturik, baina Athleticek erantzun ona eman dio norgehiagokari. Baloia azkartasunez mugitu dute zurigorriek, baita falta jaurtiketetan ere eta bederatzigarren minutuan Iraola ezustean harrapatu ditu bisitariak baina etxera itzuli den Lafuentek desbideratu egin du baloia. Ez dute etsi eta errematatzailerik gabeko barnealdi arriskutsuak egin ditu Athleticek Angelek buruz 22. minutuan Espanyolentzako lehen zatiko aukera bakarra egin duen bitartean.

Segitu dute jo eta su gure jokalariek eta harmailetatik entzuten ziren txistu bakarrak epailearentzat ziren, ia betiko moduan lan “erraza” bezain ixila egin baitu San Mamesen. Athleticek ere betiko moduan segitu du, golarekin haserretuta. Susaetak boleaz ondo astindu du baloia 23. minutuan, baina kanpora, 30. minutuan Muñozek lana eman dio Lafuenteri eta Errekaortukoak kornerrera desbideratu egin du, Yesteren aukera 42. minutuan askozaz garbiagoa izan den arren. Tamalez gora bidali du baloia.

Atsedenaldirako geratu den irudia ia betikoa izan da: Athletic ez da arerioa baino gutxiago eta pasarte askotan nagusitasuna erakusten duen arren, golaren ezak izarretaraino luzatzen du irabazteko beharrezkoa den bidea. Bigarren zatian aldatu behar izan du marrazkia Caparrosek, 37. minutuan Garmendia ordezkatu baitu minduta suertatu den Gabilondo. Yeste joan da ezkerraldera eta bigarren aurrelari moduan aritu da Garmendia.

Lehen minutuetan lehia orekatuko zelaren susmoa zabaldu dute: Luis Garciak kanpora jaurti du faltaz 46. minutuan, Susaetak arrasean Lafuenteren eskuetara 52. minutuan eta Luis Garciak kanpora bota du 54. minutuan. Hortik gutxira Javi Martinez sartu da Tikoren ordez eta Jonathanek abisua eman du 59. minutuan egin duen kontraerasoan.
Athletic ez da kikildu eta segitu da erasoaldia sendo den taldearen aurka. Halaz ere, baloi luze on bat sartu du Luis Garcia ia zelai erditik, Jonathan Sorianok ondo kontrolatu du eta Aranzubiaren irteera ona izan ez denez lasai sartu du gola.

Horiek izan dira unerik txarrenak, batetik harmailetatik oparitan eskaini dutelako Aranzubiaren burua eta, bestetik, taldea groggy geratu delako. Athletic erdi lo zela Jonathanek berak 71. minutuan eta Torrejonek 73. minutuan, aukera paregabeak izan dituzte kanporaketa ixteko… baina Aranzubiak ekidin ditu gol biak… futbolaren enegarren paradoxa.

Markagailuan ez bazen, zelaian bertan itxi nahi zuen Valverdek partida eta Moises atera du Angelen ordez. Ez dio denbora gehigirik eman, Athleticek gutxienez ez baitu itxaropenik, ez eta kemenik, galtzen eta 77. minutuan Susaetak golik bako maldizioarekin amaitu du areaz kanpoko jaurtiketaren bitartez.

Azken minutuetan Amorebietak, lesionatuta, bere lekua utzi dio Luis Prietori eta Espanyol saiatu da De la Peña eta Tamudoren itzala aprobetxatu, baina alferrik. Kanporaketa erabakitzeko astebete beharko dugu itxoin eta bitartean Ligaren erronkari eutsi gaurko izpirituarekin eta, mesedez, golekin.

Azkenik azkenaldiotan partidak jokoan dauden bitartean (Aranzubia, Llorente…) ohitura arriskutsua bihurtzen ari denari buruzko hausnarketa labur bat: itsusia da oso etxekoei txistu egitea eta ez bakarrik etzi jokatu behar dutelako berriro etxean, edo datorren astean, baizik eta euren akats eta asmatutako jokaldi guztiekin gureak direlako, talde baten partaideak eta futbola joku taldea den heinean txistuak eta txaloak guzti guztiengan eragina dutelako, zalantzarik gabe. Ez dezagun ahaztu eta ez ditzagun apal gure buruak hein horretaraino.