RCD Espanyol - Athletic Club
Final zortzirenak
Kopa

RCD Espanyol - Athletic Club

RCD Espanyol
RCD Espanyol
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 10' Luis García
  • Iraola 82'

KokapenaLluis Companys , Barcelona

Espanyolek 1-Athletic Clubek 1: Final laurdenetan Racingen aurka

Athletic Clubek Kopako final laurdenetako kanporaketa jokatuko du Racing taldearen aurka urtarrilaren 23an eta 30ean….

Athletic Club

Athletic Clubek Kopako final laurdenetako kanporaketa jokatuko du Racing taldearen aurka urtarrilaren 23an eta 30ean. Final zortzirenetan 4-3 irabazi du penaltiz Athletic Clubek Espanyolen aurka. Partida banako berdinketarekin amaitu da. Luis Garcia eta Iraola izan dira golegileak.

Horrela izan dira penaltiak:
Garmendia – gola
Tamudo – gola
David Lopez – kanpora
Valdo – gola
Yeste – gola
Moha -gola
Susaeta – gola
Lola – kanpora
Iraola -gola
Torrejon – kanpora

Horrela da Kopa, ohi baino zoroagoa, joku eskasarekin eta bihotza nonahi, ohi baino emozionanteagoa, parekotasuna gero eta nabariagoa den futbolean eta oraingo honetan penaltien txanponak aurpegia erakutsi digu denboraldiko talderik goraipanuenetariko baten aurka. Espanyol goian dabil Ligan, baina ez da gu baino gehiago izan bi partidatan, beharbada Athleticek ere ez du nagusitasuna erakutsi, baina aukera gehiago sortu ditu eta, azken finean, finago ibili da hamaika metroetatik, azken denboraldiotan ez bezala, Betisen aurka (Valverde aulkian) ala Clujen aurka, esaterako, erakutsi zenez.

Batzuentzat ia ezinezkoa zen Kopan aurrera segitzea eta irakurri ahal izan da hamaikakoa ia ia denborapasa zela, joaneko horren partida ona egin zutenekin alderatuz Gabilondo eta Aduriz baino ez zirela falta erreparatu barik. Gainerakoak, hau da, Aranzubia, Iraola, Ustaritz, Amorebieta, Del Horno, Muñoz, Tiko, Susaeta eta Yeste pasa den asteazkenean zelairatu ziren San Mamesen. Hori bai, arrazoi batzu zirela medio falta ziren ere, besteak beste eta arestian aipatu diren bietaz gain, Iraizoz, Ocio, Orbaiz, Etxeberria edota Javi Martinez eta bazirudien Espanyol zegoela hankamotz… De la Peñaren baja zela eta.

Gauzak horrela, hamaikako batekin ala bestearekin, gol bat egitea ezinbestekoa zen, baina David Lopezek boleaz kanpora jaurti eta gero 8. minutuan, Espanyolek ireki du markagailua 10. minutuan: Moisesen jaurtiketa ez du behar legez harrapatu Aranzubiak, aldaratzea Jonathanek hartu du eta atzera egin duen pasea eskuadran ipini du Luis Garciak. Irakasgaia bera zen, gol bat sartzea alegia. Llorente saiatu da buruz 14. minutuan, kanpora, eta erasoan geldiezina egon den Del Horno ere areaz kanpotik 19. minutuan.

Une horretan Zabaleta lesionatu da eta Lacruz pasatu da eskuin hegalera, sartu berria zen Torrejon erdian geratuz. Bitartean Del Hornok bereari eutsi dio: buruz kanpora 29. minutuan eta, berriro ere areaz kanpotik, gutxigatik desbideratuta 31. minutuan. Eroso zegoen Espanyol zain, Riera zein Valdoren abiadura eta bertikaltasuna aprobetxatu guran.

Partida guztietan gertatzen den legez, ekintza batek alda dezake dena, edo ia dena, edo bideratu gutxienez. Luis Garciaren besoa Tikoren aurpegian jo du eta txartel gorria erakutsi dio epaileak. Herculesen aurka gertatu zen bezala, nagusitasuna gurea zen, zenbaki aldetik behintzat, baina nola jokatzea zen erronka. Badaezpada Lafuente atezain ona dela erakusten segitu du eta Llorenteren errematea harrapatu du 35. minutuan. Harmailetan epailearen aurkako presioa gero eta handiagoa zen eta Athleticek ezin izan du azken txanpa hau behar zen moduan jokatu eta baloia albo batetik bestera mugitu beharrean, haizeak zailagoak egiten zituen baloi luzeak jokatzen gastatu ditu minutuak. Eta, bigarren zatian ikusiko genuena aurreratuz edo, Valdok berebiziko aukera izan du luzapenean, baina Aranzubiak harrapatu du baloia.

Bigarren zatian Garmendia sartu da Muñozen ordez, Yeste euskarrian kokatu da eta Garmendia Llorenteren bizkarrean. “Hercules” efektuaren bila omen. Espanyol ere atzerago kokatu da, nabarmen, eta Jonathan utzi du nolabait isolaturik. Halaz ere, Rierak izan du lehen aukera 54. minutuan, kanpora jaurtiz, eta Athletici asko kostatzen zitzaion arriskua sortzea. Gol bat falta zen, baina aukerak ez ziren agertzen. Antzekorik izan du Llorentek, 62. minutuan, baina bere errematea kornerrean amaitu da.

Erasorako gizon bakarra zeukan Caparrosek aulkian, Aitor Ramos, eta debutatu egin du lehen taldean 68. minutuan Tiko ordezkatuz. David Lopez euskarrira pasatu da eta aurrean izugarrizko postu dantza antolatu da: Susaeta ipini da ezker hegalean eta Garmendia eskuinean, Ramos Llorenteren bizkarrean, gero eskuin hegalera pasatu da eta Garmendia erdiratu eta batzuetan lau aurrelarirekin ikusi da Athletic zelaian eta hortxe egoen ere arazoa, batzuetan ez baitzen zirrikiturik topatzen hegaletatik eta horrek errazten zuen Espanyolen lana.

Dena den animatu da Athletic, ez zeukan beste erremediorik. Del Hornok errematatu du boleaz 69. minutuan eta Lafuentek oinarekin bidali du kornerrera, Ustaritzek gora errematatu du korner hori, Garmendiak buruz 71. minutuan eta Lafuentek harrapatu du baloia. Ustaritzek berriro buruz, baina kasu honetan zutoinera eta aldaratzea Iraolak gora jaurti du 73. minutuan. Ezintasuna nagusitzen zen eta gainera Tamudo zelairatu da Jonathanen ordez eta Moha Rieraren ordez, Prietok Ustaritzen tokia hartzen zuen bitartean.

Hortik gutxira Clementek ez du jakin aukera ona amaitzen. Zorionez Athleticek ez du amore eman eta hurrengoan bai, heldu da beharrezkoa zen gol. Llorentek buruz errematatu du 82. minutuan, Lafuentek desbideratu du, baina oraingo honetan Iraolak hobeto errematatu du banakoa ezarriz.

Dena aldapaz behera… Aitor Ramosek izan du aukera eguna ahaztuezinagoa bihurtzeko, baina bere burukada kanpora joan da taldeko jokaldi polit baten ostean 87. minutuan eta Susaetak Lacruz atzean utzi du eta sakontzea baino atera jaurtitzea erabaki du, baina Lafuente ez da bere tokitik mugitu. Luzapeneko ordu erdiaren bidean Montjuiceko azken segunduen madarikazioa berpizteko tenorean egon da Tamudoren bitartez. Aurrelariak baloia hartu du zelai erdian eta zurigorri guztiak atzean utziz gehiegi gurutzatu du baloia zailena egin eta gero. Sustoa pasata, Iraolak Lafuenteren eskuetara jaurti du 92. minutuan.

Orain bai, ordu erdia zain. Eta Tamudok bereari eutsi dio, min egiteari, eta bost minututan Prietoren bi txartel hori eragin ditu, 93 eta 98 minutuetan eta lehia parekatu da zenbaki aldetik ere bai. Del Horno zentral moduan aritu da et David Lopez ezker lateralean. Zoramena joan eta etorri asko eta Moisesek buruz langara 100. minutuan. Urduritasuna nagusi eta penaltien zozketa zain. Aldapaz gora ibili ostean alaitasuna nagusi eta urtarrileko egutegia zeharo beteta. Ongi etorria izan dadila. Talde honek ia hogeitahamar jokalari dauka eta guztion artean poztasun bat ematen saiatuko dira, Ligan zein Kopan. Hasteko jeitsiera postuetatik aldentzeko aukera Iruñean, ia ia bihar bertan.