undefined

Aste erabakigarria Levanteren aurka

Aste erabakigarria Levanteren aurka

Lehoiek, Ciutat de València zelaian jokatuko dituzten bi partidetatik lehenengoari aurre egingo diote ostiral honetan 21:00etan (25. J/LaLiga), martxoaren 4an Kopako finalerdietako itzuliaren aurretik

Athletic Clubek aurkari bera aurrez aurre izango dute hurrengo bi neurketetan, biak jokaleku berean: Levante UD eta Ciutat de Valencia futbol zelaia. Ligako eta Kopako partidak astebete baino gutxiagoan jokatuko dira Valentzian: otsailaren 26an, ostiralean, LaLigako 25. jardunaldia, eta martxoaren 4an, ostegunean, Errege Kopako finalerdietako itzulikoa.

Partida erabakigarriak izango dira Athleticentzat bi lehiaketetan: Europan lehiatzeko Ligakoa, eta finalean sartzeko Kopakoa. Finalerako postu bat lortuz gero, lehoiek bi final jokatuko lituzkete 14 egunetan.

Laligan lehenengo

Athleticek Levanteren etxean Laligan jokatu dituen partida guztiak aintzat hartuta balantzea nahiko parekatua dago, baina zuri-gorriek alde txikia dute: Orriolsen jokatutako hamalau partidetatik, lehoiek sei aldiz irabazi diote Valentziako taldeari, hiru aldiz berdindu dute eta bost porrot jasan dituzte.

2013-14 denboralditik, Levanteren zelaia bisitatu duten sei neurketetatik lautan garaipena lortu dute lehoiek, bat berdindu eta bestea galdu. Aritz Aduriz izan zen, zalantzarik gabe, aipatutako garaipenen protagonista nagusietako bat, horietako hirutan gol erabakigarriak egin baitzituen, birritan bi gol lortuz.

Lehenengoa 2013-14 denboraldian izan zen: aipatutako aurrelari zuri-gorriak lehen zatian sartutako bi golei esker 3 puntuak eskuratzeko balio izan zion Athletici.

Adurizek beste bi sartu zituen hurrengo denboraldian (2014-15), oraingoan bigarren zatian.

Urtebete geroago, bi taldeek 2-2 berdindu zuten Valentzian, eta 2017-18 denboraldian Athletic markagailuan aurreratu zen, berriro ere Adurizen eskutik, oraingoan penaltiz. Aymeric Laportek, 73. minutuan, eta Sergio Postigok, 79. minutuan, euren ateetan gola sartu zuten, eta partida 1-2 bukatu zen lehoien alde.

Athleticek ezin izan zuen Ciutat de València zelaira eginiko hurrengo bisitan punturik lortu, eta iaz garaipen garrantzitsua lortu zuen, pandemiaren geldialdiaren ostean Europarako lehian bizirik jarraitzeko aukerei eutsiz. Oraingoan zuri-gorriek Levante mendean hartu zuten Raul Garciari esker, zati bakoitzaren hasieran gol bana sartu eta gero (44.ean eta 46.ean).