Ohiko Batzar Nagusia Euskalduna Jauregian

Ohiko Batzar Nagusia Euskalduna Jauregian

Jon Uriarte buru duen Zuzendaritza Batzordeak gaur arratsaldean egingo du bere lehen bilera, parte-hartze presentzial zein telematikoarekin eta bozketa-sistema berriarekin

Jon Uriarte buru duen Zuzendaritza Batzordeak Ohiko Batzar Nagusia zuzenduko du gaur arratsaldean Euskalduna Jauregian, bazkide konpromisarioekin. 19:00etan hitzartu da lehenengo deialdia, eta, hasierako quorumik ez badago, 19:15ean bigarren deialdia. Hitzordu berezia da, hamaika puntu ditu eguneko gai-zerrendan, eta parte-hartze presentziala eta telematikoa uztartuko ditu.

Berrikuntza nagusia da aretora joango diren konpromisarioek aginte elektroniko batekin egingo dituztela bozketak, eta horrek arindu egingo du Estatutu Sozialen erreformaren ondorengo lehen bilera. Konpromisarioei bozketa-sistemari buruz bidalitako informazioaz gain, bertaratutakoek erabateko laguntza jasoko dute gailua erabiltzeko aretoan. Bide telematikorako akreditatuek telefono-zenbakiak izango dituzte eskura edozein unetan sor daitezkeen gorabeherak konpontzeko. 

Euskaldunara sartzeko posta bidez jasotako eta oraindik ere Bazkideen Txokoan deskargatu dezaketen Asistentzia Txartel Elektronikoa erabili beharko dute konpromisarioek. Nahi izanez gero, San Mameseko Bazkidearen Bulegoan ere eskura daiteke. Txartel honek Euskalduna Jauregira sartzeko beharrezkoa izango den QR kodea du eta inprimatuta edo mugikorrean eraman daiteke sarrerara. 

Aurreko urteko Kontuez eta Kudeaketaz gain, LaLigak 2022-23 denboraldirako baliozkotutako Aurrekontua ere bozkatuko da. Ondoren, Erregelamendu Organikoaren Proiektua, Estatutuen 11.2.b artikuluaren aldaketa puntualaren proposamena eta Bazkideen Defentsarako Erakundea, Diziplina Batzordea, Apelazio Batzordea eta Hauteskunde Batzordea izendatuko dira.