
Yuri Berchichek Athleticen jarraituko du datorren denboraldian
Yuri Berchichek Athleticen jarraituko du datorren denboraldian
Ezker hegalekoak bederatzigarren denboraldia beteko du lehen taldean, azken denboraldian guztira 39 partida jokatuta, maila bikainean

Yuri Berchichek eta Athleticek akordioa lortu dute kontratua beste denboraldi batez luzatzeko, 2027ko ekainaren 30era arte. 36 urterekin, ezker hegalekoak maila bikaina erakutsi du beste behin ere azken denboraldi honetan, guztira 39 partida jokatuta, horietako 35 hasierako hamaikakoan. Akordioaren sinadura gaur egin da San Mamesen, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez Futbol zuzendari nagusia bertan zirela.
Zarauztarrak bederatzigarren denboraldia beteko du Athleticen lehen taldean. 2018/19 denboraldian itzuli zen Lezamara Paris Saint-Germaintik, Athleticen kadete eta gazte mailatan bi urtez aritu baitzen lehenago.
Yuri erreferente bihurtu da Athleticeko ezker hegalean. Guztira 278 partida jokatu ditu, 15 gol sartu eta hainbat eta hainbat asistentzia eman ditu. Harmailaren ikurretako bat da bere lehiakortasunagatik eta taldearen armarria defendatzeko erakusten duen grinagatik. Zuri-gorriekin batera, 2023/24 denboraldiko Kopa ahaztezina eta 2021eko Superkopa irabazi zituen, biak ala biak La Cartujan.
Erlazionatutako jokalariak

