Getafe CF - Athletic Club
Jardunaldia 4
Liga

Getafe CF - Athletic Club

Getafe CF
Getafe CF
00
Athletic Club
Athletic Club

KokapenaColiseum Alfonso Pérez , Getafe

Getafek 0-Athletic Clubek 0: Itxaropenerako puntua

Athletic Clubek puntu bat eskuratu du Getaferen aurka golik gabeko neurketan. Zurigorriek lan eskerga egin…

Athletic Club

Athletic Clubek puntu bat eskuratu du Getaferen aurka golik gabeko neurketan. Zurigorriek lan eskerga egin dute berdinketa eskuratzeko eta bederatzi jokalariz amaitu duten arren, euren atea zulatu barik utzi dute aspaldiko partez.

Ez da partida polita izan, baina gure taldeak bere buruan berriro sinisteko behar zuen guztia egin du. Lehiakide biek izan duten aukerari erreparatuz gero, baliteke berdinketa lojikoa izatea, baina beste batzuetan gertatu den legez, markagailuan aurrea ez hartzeak lehen minutuetan erabakiorra izan da, ikusteke baitago, batik bat etxetik at, zenolako partida egin daitekeen markagailua alde izanez gero.

Azken finean, abagune kopuru ia berbera egin dute Getafek eta Athletic Club. Halaber, denboraldi hasieran faltan bota diren hainbat ezaugarri berreskuratu ei dira, esaterako taldea elkarrekin aritzeko gaitasuna, borrokarako grina, sendotasun handiago edota arerioari presio hobeagoa.

Txarrena, aldiz, datorren partidarako ordaindu beharrekoa: Aduriz eta Murillo kanporatu dute eta Amorebieta lesionaturik utzi behar izan du Alfonso Pérez Coliseuma.

Hasieratik hainbat aldaketa egitea deliberatu du Felix Sarriugarte entrenatzaileak: Lafuente atean Aranzubiaren ordez. Murillo eskuin lateralean eta Ustaritz atzealdean Prietoren ordez. Orbaiz itzuli da euskarrira eta berarekin batera Javi Martinez. Iraola itzuli da zelai erdira eta Garmendiak hasierako hamaikakoan sartu da lehendabiziz.
Aldaketa franko eta itxura berritua, lehen minutuetan behintzat. Ohitura den legez etxetik kanpo estrainekio aukera gurea izan da: Yestek, buruz, kanpora errematatu du gutxigatik laugarren minutuan. Segidan Paunovicek kanpora bota du eta 14. minutuan etxekoek aukerarik garbiena izan dute. Korner bat bota dute ezkerretik, Adurizek atzerantz orraztu du baloia eta atepean Orbaizek buruz eta eskuz, halanola eta gura barik, urrundu du baloia langaran eta zutoinan jo eta gero.

Une larria gaindituta, Amorebietaren lesioa heldu da eta 18. minutuan Exposito sartu da bere ordez. Berehala epaileak txartel festa zurigorriari ekin dio eta atzeko lana zen nagusi gurean. Pixkaka hasi da berriro luzatzen taldea eta Garmendiak buruz errematatu du 33. minutuan Patoren eskuetara. Bi minutu beranduago Yestek eskuinez bota du gora, 39. minutuan faltaz egin duen moduan. Bazirudien joera horrekin amaituko zela lehen zatia, baina ez da horrela gertatu. Kontraeraso bat moztu guran Orbaizek sarrera gogorra egin du, epailea behingoz abantailaren legea eskaini du (ia bakarra partidan) eta ederra antolatu da zelai erdian. Azkenik, Adurizek txartel gorria ikusi du Getafeko jokalari bat bultzatzeagatik. Helegitea ezartzeko ateak zabalik uzten duen jokaldia azken finean.

Partidaren bilakaera aldatu du errotik, Getafek hartu du ekimena nabarmenki, Sousak kanpora bota du 49. minutuan, baina bigarren zatiaren hasieran Contrak umekeria egin du eta bigarren txartel horia erakutsi diote 51. minutuan. Partida parekatu den arren, zurigorriek txartelak pilatzen segitu dute ere eta azkenean ordaindu egin. Aukerei dagokienez, Garmendialk gora jaurti du buelta erdian 57. minutuan eta 59. minutuan Ustaritzen burukada atzelari batek urrundu du du atepetik.

Schusterrek egin ditu lehen aldaketak 62. minutuan: Pachon eta Casquero sartu dira Sousa eta Redondoren ordez. Oreka hausteko asmoz, Llorente sartu du Sarriugartek Garmendiaren ordez 68. minutuan eta partida zurigorriago zirudien. Dena den, hurrengo aukera Getaferena izan da, baina Paredesen jaurtiketa harrapatu du Lafuentek 76. minutuan. Talde biek nahi zuten garaipena eta abagunerik argiena Athletic Clubena izan da. Honetan ere, ezin asmatu Sarriegik Korner jaurtiketa buruz errematatu baitu, baina gora. Tamalez, irabazteko grina errotik moztu du epailea Murillori bigarren horia erakutsiz. Azken minutuak gogorrak izan dira, batez ere egindako ahalegina pikutara joateko arriskua zegoelako.Ez da horrela izan eta puntuak sailkapenean ez bada, edo ez gura zen bezala behintzat, morla indartzeko balio du, zalantza izpirik gabe.