Athletic Club VS Real Zaragoza 2006-12-19 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
16. Jardunaldia

Athletic Club0 : 0Real Zaragoza

Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
19/12/2006
Ordua
21:00
Data eta ordua
2006-12-19 - 21:00

Athletic Clubek 0-Zaragozak 0: Irabaztea ezinezkoa denean berdinketa ez da txarra

Golik gabeko berdinketaz amaitu da Athletic Club eta Zaragozaren arteko norgehiagoka. Honi esker 15 puntu…

2006ko abe. 19a

Golik gabeko berdinketaz amaitu da Athletic Club eta Zaragozaren arteko norgehiagoka. Honi esker 15 puntu lortu ditu gure taldeak, pasa den denboraldiko lehen itzuli osoan lortu zirenak. Beraz, konsolamendu eskasa bada ere, hobetzeko tartea egon badago azken hiru partidatan zazpi puntu erdietsi eta gero. Hirutik hiru eskuratzeko itxaropenarekin abiatu da azken lehia, baina buruak argi dio irabaztea ezin denean berdinketa ez dela emaitza txarra eta are gehiago kalitatezko arerioaren aurka bada.

Eta partidaren kontakizunari ekin baino lehen, esan beharra daukagu bigarren partida jarraian golik jaso gabe dela oraingo hau, eta atzeko lana nabarmentzekoa izan dela, eta baita presioa ere, are gehiago duela hiru egun eskas maila handiko beste partida jokatu genuela kontuan hartuta eta zaleak nolabait “kutsatu” egin direla taldeko izpirituaz eta ekin eta ekin aritu dira etengabe Athleticek egin duen ahaleginaz jabeturik eta aurreko bi partiden emaitza onak eskertuz. Beharbada gaurkoan kontraerasoan freskotasun apur bat falta zaio taldeari, horregatik ezin izan da emaitza borobildu.

Zaragoza arerio zaila izango zelaren inguruko zalantzak zituenak partida hasi eta berehala uxatu ditu. Hirugarren minuturako defentsaren kokapen txarra aprobetxatuz, Aimarrek izan du lehendabiziko aukera, baina Aranzubiak ondo erantzun du eta, bide batez, konfiantza hartu du gau osorako nonbait.

Iragarri eta espero zen bezala, zelai erdian egon da borrokarik handiena. Gure jokalariak saiatzen ziren ahalik eta goien presionatzen baloi lapurketak arrisku bihurtzeko eta horrela lortu dute seigarren minutuan, baina Yesteren jaurtiketa kanpora joan da. Ez zen eroso Zaragoza jokoa sortzean eta joku luzean ere ondo kokatuta zegoen gure defentsa, jokoz kanpoko jokaldi asko eraginez. Victor Fernandezek berehala aldatu ditu Zapater eta Celadesen kokapena euskarrian, baina alferrik, ez dute korapiloa askatu. Athleticek, aldiz, baloi asko lapurtzen zituen baina berehala galdu ere. Norgehiagoka ez zen une horretan ikusgarria aukerengatik, baizik eta talde biek erakutsi duten borrokarako grinarengatik. Baloi ia guztiak borrokatu dira eta trafiko handia zegoen zelai erdian goitik eta behetik.

Hurrengo aukera bilatzeko 33.minuturaino joan behar dugu eta honetan Iraolaren pasea Yestek kontrolatu du arean, baina azken izkin egitean kendu diote baloia. Bi minutu beranduago Urzaizek jaurti du kanpora kontraeraso zurigorria amaitzeko eta Ewerthonek bere taldeko bigarren aukera izan du 42. minutuan baloi sakona jasoz eta gehiegi pentsatu barik buelta erdian arrasean jaurti duenean. Aranzubiak hatz puntaz ikutu du kornerrera bidaliz, baina A Coruñan gertatu zen legez, epailea eta laguntzailea ez dira ohartu. Dena den ez da hor amaitu lehen zatia. Arestian baloi guztiak borroka latzaren helburua bihurtu zirela baieztatzeko, Javi Martinezek, gaur eskuinean hasieran, gero erdi puntan eta azkenik euskarrian, ezinezkoa zirudien baloiaren bila joan da 44. minutuan, atzelariari kendu, baloi soltea Yestek erdiratu eta atepean kendu diote Gabilondori.

Bigarren zatian Etxeberria sartu da hasieratik Gabilondoren ordez, Yeste ezkerraldera pasatuz eta Javi Martinez punta erdian ipiniz. Zaragozarentzat aldaketarik ez, hirugarren minuturako, lehen zatian bezala, aukerarik argiena, kasu honetan Ewrthonena izan da eta Aranzubiaren hirugarren geldiketa. Eta hortik aurrera, saiatu den arren, aukera garbirik ez du sortu Zaragozak. Athletic Clubek bai, asko ahalegindu ostean eta edozein tokitik. Casasek adibidez jaurti du areaz kanpotik 52. minutuan, baina ondo erantzun du Cesarrek. Hortik gutxira, 61. minutuan, bigarren aldaketa egin du Manek, Garmendia Murilloren ordez sartuz. Martinez atzeratu da eta Garmendia punta erdian kokatu da. Sartu eta berehala Zaragozaren aldaratzeak bere buruan jo du, ez da golera joan Recreativoren aurka bezala, baina bai Etxeberriaren hanketara, baina horrek jaurti du ezkerrez gora.

Fernandez saiatu da aurreko lerroa berpizten Sergio Garcia Ewerthonen ordez sartuz 62. minutuan eta lau beranduago eztabaida piztu duen jokaldia heldu da, Piquek penalti garbia egin baitio Urzaizi elastikotik heltzean, epaileak aurrelariari falta adierazi dion arren. Hirurogeita hamargaren minutuan Garmendiak arrasean jaurti du kanpora eta Yestek eskuinez jaurti du keinu tekniko polit baten ostean 77. minutuan. Nahi eta ezin aritu dira amaieraraino zurigorriak, Zaragozak Oscar D’Alesssandroren ordez sartu du 80. minutuan eta Lafita Diego Militoren ordez 90. minutuan eta gure taldeak egin duen bezala berdinketa ontzat eman dute bisitariek.

Gaurko emaitzen zain ere, zentzazio onak utzi ditu taldeak gutxienez. Orain etenaldia hartzen du Ligak eta Athletic Club ez da entrenatuko 21eko eguerditik 26ko arratsaldera arte eta ezta ere hilaren 31an eta urtarrilaren 1ean. Mallorcara bidai luzea erabakitzeke dago oraindik. Atseden txiki hau une onean datorkigun ala ez jakiteko urtarrilera arte itxoin beharko dugu, baina bitartean taldea sendoago dagoela dirudi. Hala bedi.