RCD Mallorca - Athletic Club
Jardunaldia 17
Liga

RCD Mallorca - Athletic Club

RCD Mallorca
RCD Mallorca
13
Athletic Club
Athletic Club
  • 82' Arango
  • Urzaiz 30'53'
  • Etxeberria 84'

KokapenaOno Estadi , Palma de Mallorca

Mallorcak 1 Athletic Clubek 3: Garaipen argia

Athletic Clubek 2007ko lehen garaipena eskuratu du Mallorcan, etxeko taldea 1-3 menderatuz. Urzaizek (2) eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 2007ko lehen garaipena eskuratu du Mallorcan, etxeko taldea 1-3 menderatuz. Urzaizek (2) eta Etxeberriak egin dituzte zurigorrien golak, azken honen kasuan Athletic Clubek Ligan egiten duen 4.100garren gola izanik. Honekin lau dira jada jarraian galdubako lehiak eta horri esker lasaitasun apur bat eskuratzen du gure taldeak beste zelaietako emaitzek lagundu ez duten arren. Gainera gaurko arerio zuzena atzean uzten du Athleticek eta goranzko joerari eusten zaio.

Aurreko bidaian bezala, estrategian eta defentsako lanean oinarritu da garaipena. Taldeak lehen gola sartu du lehen zatian eta bigarrenean ondo baino hobeto eutsi dio abantailari aurkariaren erasoko lana erabat oztopatuz.

Athletic Clubek nagusitasuna erakutsi gura izan du hasiera-hasieratik eta erasoari ekin dio.Yestek faltaz bigarren minutuan Pratsen geldiketa behartu du eta hirugarrenean Javi Martinezek jaurtitzen amaitu du bere barnealdia, Urzaiz erditik sartzen zela ikusi barik.

Mallorcaren txanda iritsi da zazpigarren minutuan eta horixe izan da abagunerik garbienetako bat, gola kenduta jakina. Varelak areaz kanpotik jaurti du, baloia bote altuegia eman du eta ozta-ozta zutoinera ezker eskuz desbideratu du Aranzubiak. Victorrek buruz kanpora errematatu du 16. minutuan eta 17. minutuan Jankovic saiatu da faltaz, baina kanpora. Erasoaldiaren ostean oreka heldu da, baina A Coruñan bezala estretegiako lanari etekina atera dio Athleticek. Yestek primeran jaurti du kornerra 31. minutuan eta erdiraketa bezain ona izan da Urzaizen burukada. Zero eta batekoa urduritasuna hedatu da Ono Estadioan, irailaren 24tik hona Mallorcak ez baitu Ligako partidarik irabazi etxean. Iraolak bigarrena egiteko aukera izan du baina Pratsek erraz harrapatu du arrasean egin duen jaurtiketa.

Halaz ere, indarrak bildu ditu Mallorcak lehen zatiko azken txanpan zailtasunak sortzeko. Jankovicek buruz errematatu du kanpora 41. minutuan eta are argiagoa izan da Pereyraren burukada 43. minutuan, baina atepean urrundu du Expositok.

Zorionez bigarren zatian Athleticek ez dio inolako aukerarik utzi Mallorca taldeari eta hasieratik bigarrenaren bila abiatu da. Yestek lapurtu duen baloia altuegi bidali du Urzaizek, baina bien arteko loturari esker bigarrena heldu da 53. minutuan. Falta jaurti du erdilariak Mallorcaren zelai erditik eta Urzaizek aurrea hartu dio Prats atezainari bigarrena eginez, buruz oraingo honetan ere, eta egin dioten penaltia gaindituz. Hiru minutu beranduago Urzaizek ez du hirugarrena gutxigatik falta baten ondorioz eta hirurogei segundu beranduago Iraolaren jaurtiketa atepean atera dute. Berririk ez zegoen Mallorcari buruz eta Manzano entrenatzaileak aulkian zeukan guztia ipini du belar gainean. Tristan eta Maxi irten dira Jonas eta Victorren ordez 58. minutuan eta lauko lerroa osatu dute erasoan: Jankovic, orain eskuin aldean, Maxi eta Tristan erdian eta Arango ezkerrean.

Alferrik. Abagunerik garbiena eta ederrena zurigorria izan da: oso jokaldi polita egin du Athleticek baloia alde batetik bestera mugituz, azkenik baloi sakona sartu dio Yestek Iraolari eta euskarriak area barruan kontrolatu eta itzuli du baloia Yestek hirugarrena egin zezan, 4.100garrena zena, baina laguntzaileak izaterik ez zuen jokoz kanpoko posizioa seinalatu du.

Urzaizek bere lekua laga dio Adurizi 71. minutuan eta gaur hasieratik irten den Garmendiak Etxeberriari 78. minutuan. Dena den, emozio apur bat falta ei zitzaion oraindik partidari eta ia gura barik, Ibagazaren erdiraketa batera orraztu dute Expositok zein Arangok bat eta bikoa ezartzeko. Hala eta guztiz ere, urduritasunarako denbora gehiegirik ez da utzi eta Etxeberriak maisuki aprobetxatu du atzelari baten pase txarra atezainari goitik bat eta hirukoa ezartzeko eta, bide batez, bere lehorteari amaiera emateko.

Argi dago sailkapeneko egoera bestelakoa balitz, hainbat uneotan bestelako portaera erakutsi beharko lukela taldeak, batez ere baloia kontrolpean daukan orduan, baina orohar ikusita, sendotasun aztarnak uzten ditu beti eta hori seinale ona da bidea ondino luzea den arren. Domekan Vila-realen aurka, aukera paregabea daukagu erdiko postuetan burua sartzen hasteko, baina bitartean ez dezagun ahaz nondik gatozen.