Athletic Club - Villarreal CF
Jardunaldia 18
Liga

Athletic Club - Villarreal CF

Athletic Club
Athletic Club
01
Villarreal CF
Villarreal CF
  • Forlán 70'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 0 Vila-realek 1: Ezin punturik urratu

Athletic Clubek ezin izan du punturik urratu Vila-realen aurka 0-1 galdu ondoren Forlanek 70. minutuan…

Athletic Club

Athletic Clubek ezin izan du punturik urratu Vila-realen aurka 0-1 galdu ondoren Forlanek 70. minutuan sartu duen golaren ondorioz. Gutxienez berdinketa eskuratzeko meritoak egin ditu Athleticek eta aukera paregabea izan du partidaren azken unean, baina Yestek jaurti duen penaltia ondo desbideratu du Viera atezainak. Halaber, markagailua zero eta zero zegoela, Josicori bigarren txartel horia nabarmenki barkatu dio epaileak, horrek lehiaren bilakaeran suposa zezakeen guztia kontuan hartuta.

Defentsako lana izan da nagusi eta beherantzazko joera zeraman arren, zailtasun handiak ezarri ditu Vila-realek hasieratik, presioa ondo eginez eta hegalak itxiz. Aurrekariak aurrekari, joku gutxi ikusi da San Mamesen, baloi asko goitik lehiatu dira, beste hainbeste errezegi galdu dituzte talde biek eta ezinezkoa izan da partidaren gidaritza eramatea. Athletic Cluberi dagokionez, larunbatean ateak “itxita” eta hedabideetan argi eta garbi agertu diren eskema zein jokalariekin zelairatu dira zurigorriak, 1-4-4-2koarekin hain zuzen ere, Etxeberria eta Urzaiz aurrean eta Javi Martinez eskuinaldean. Amorebieta sartu da Prietoren ordez atzeko lerroan.

Gauzak horrela eta jokua sortzea zaila zenez, baloi luzeak izan dira nagusi eta horrela laburbil daiteke lehen zatia: Athletic Clubek baloi luzeak bidali ditu Urzaizen bila zelai herida gainditzeko eta Vila-realek Forlanen bitartez saiatzen zen arriskua sortzen, baloi gurutzatuak bidaltzen edota aurrelaria metro batzuk atzeratuz jokaldia egiteko. Arlo horretan ona izan da atzelari zurigorrien lana.

Arestian aipatzen zen ikuspegiarekin zaila izan da oso aukerarik topatzea lehen zatian. Gabilondok ezin izan du errematatu atzelari batek bere atezainari txarto utzi dion baloia 19. minutuan eta jarraian Marcosen areaz kanpoko jaurtiketa kornerrean amaitu da. Hiru minutu beranduago Gabilondoren falta jaurtiketa gora joan da gutxigatik. Abagunerik argiena Iraolarena izan da lehen zatiko luzapenean, baina atzelari batek baloia urrundu du atepean, Viera gaindituta zela… Azken tarte honetan ere, 41. minutuan hain justu, Josicori txartel horia erakutsi dio epaileak. Datu horrek bere garrantzia eduiko zuen bigarren zatian.

Atsedenaren ostean, Mati Fernandezek arrasean jaurti du kanpora eta partida bizitu da. Ekimena Athleticena izan da, baina Maneren mutilek ez zuten bide garbia aurkitzen baloi jabetza izan arren. Hasieratik eskema aldatu da, 1-4-2-3-1koa izanik, Etxeberria eskuinaldean eta Javi Martinez punta erdiaren lana eginez. Testuinguru horretan Josicok falta nabarmena egin dio Iraolari 59. minutuan, epailea hortik pare bat metrora zegoela. Bigarren txartel horia behar zuen jokaldiak, baina txartel gorri gutxi erakusten ei duenez, muzin egin dio errealitateari, geratzen zen ordu herida baldintzatuz. Parte hartzaile guztiek hankasartzeak egiteko duten arriskuaz baino haratago, kezkagarriena litzateke errakuntza nahita egitea, baina horretarako neurgailurik ez dagoenez zalantzarekin joko dugu aurrera.

Aitzitik, zalantza izpirik gabe aritu dena Pellegrini izan da eta berehala, 60. minutuan, sartu du Somoza Josicoren ordez eta batera Bruno Marcosen ordez. Ez da lehenengo aldian San Mamesen hauxe bera gertatzen zaiguna. Racingen aurkako lehian Antonio Tomasekin portaera bera izan zuen epaileak eta Portugalek ziztu bizian aldatu zuen.

Segundu batzuk lehenago, aldaketa bikoitza ere egin du Athletic Clubek: Aduriz Etxeberriaren ordez eta Yeste Gabilondoren ordez. Beste mugimendu taktikoa eragin du aldaketak, berriro 1-4-4-2kora itzuli baita. Kasu honetan Aduriz kokatu da aurrean Urzaizekin, Yeste ezker hegalean eta Javi Martínez berriro eskuin hegalera.

Aukera ona izan du Urzaizek buruz 66. minutuan eta partida norabide bakarrekoa zen arren, dena aldatu da 70. minutuan. Horretan Adurizek aukerarik txarrena hartu du baloia urruntzean eta Vila-realek baloia arearantz sartu duenean hankaz gora harrapatu du atzeko lerroa. Forlanek kontrolatu du baloia eta Aranzubiaren irteera gainditu du nahiz eta angelu gutxi zeukan.

Errakzionatzen saiatu da taldea. Adurizek areaz kanpotik jaurti du 73. minutuan eta Urzaizek berriro buruz izan du aukera 83. minutuan, baina Vila-realek ondo menperatu du jokua eta hobekien zetorkion erritmoa ezarri du. Halaz ere, Athleticek azken uneraino amorerik ematen ez duela erakutsi du eta azken erasoaldia ere antolatzeko gaitasuna erakutsi du. Bitartean epaileak soilik hiru minutuko luzapena eman du, Viera atezaina eta beste lesionatu pare bat sendatzeko askozaz denbora galdu den arren.

Forlanek aprobetxatu du etxekoen urduritasuna 92. minutan, baina kasu honetan Aranzubiak harrapatu du baloia eta luzapenerako markatu den denbora amaitzear zela Sarriegik errematatu du buruz, baina atezainak geldiketa ona eginez erantzun du baloia kornerrera bidaliz. Jaurtitzeko baimena eman du epaileak eta Amorebietaren burukada eskuz moztu du Josemik. Penalti eta txartel horia bisitarien protesten artean. Hortik penaltia jaurti bitartean beste bi minutu pasatu dira, Yestek ez du behar legezko konzentrazioa eskuratu eta bere jaurtiketa desbideratu du Vierak joan den otsailaren 26an egin zuen moduan Orbaizek 92. minutuan jaurti zuen penaltiarekin.

Joan den asteko egoera berberan dago orain Athletic Clubek sailkapenean. Beraz, esandakoa berrestea baino ez zaigu falta: hauxe da patua, borrokan segitzea eta lehenbailehen bolada onari eustea, ea Levanteren aurka lortzen den.