Athletic Club VS Real Betis 4/2/2007 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
21. Jardunaldia

Athletic Club1 : 2Real Betis

Urzaiz90'(p.)
Robert18'
Pancrate75'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
04/02/2007
Ordua
17:00
Data eta ordua
4/2/2007 - 17:00

Athletic Clubek 1-Betisek 2: San Mamesen irabazi ezinik

Athletic Clubek ezin izan du etxean daraman bolada txarrari buelta eman eta Betisen aurka galdu…

4 de feb. de 2007

Athletic Clubek ezin izan du etxean daraman bolada txarrari buelta eman eta Betisen aurka galdu du bat eta bi, Robertek eta Pancratek eginiko golen ondorioz 18. eta 75. minutuetan. Urzaizek, penaltiz 91+. minutuan murriztu du aldea baina alferrik.

Athletic gehiago izan da partidan, ekimena eraman ia uneoro, baina ez du behar legezko argitasunik izan azken pasean eta epailearen erabakiek ez dute gehiegi lagundu, asko izan baitu Daudenek emateko eta kentzeko. Betis, espero bezala, atzean sendo sartu da eta izan ditu bi abagune primeran gauzatu ditu. Gauzak horrela eta beste zelaietan gertatu diren emaitzak kontuan hartuta azken hilabeteotako leloari eutsi behar, hots, borroka luzea izango dela eta partida bakoitzeko puntuak urrezkoak diren.

Pentsamolde horrekin zelairatu dira zurigorriak. Athleticek atzean sartu du Betis lehendabiziko jokalditik, baina aukerak ez dira garbiegirik izan. Hamabigarren minutuan Adurizen jaurtiketa desbideratu du atzelari batek eta are argiagoa izan da Sarriegiren aukera 13. minutuan, baina bere burukada Ilicek atera du atepean.

Tamalez 18. minutuan baloi sakona ondo aprobetxatu du Robertek Aranzubia gainditzeko eta hortik ordu erdira bitartean partidako unerik txarrenak igaro ditu Athletic Clubek. Halaz ere, Betisek ez du arriskurik sortu eta berpiztu da gure taldea, eta harekin batera zaleria, batzutan gertatzen den bezala, epailearen erabaki batekin. Fernando Vegak eskuz jo du arean 29. minutuan eta arbitroak ez du pentsatu penaltirik zegoenik. Zerrenda luze baten hasiera baino ez da izan.

Yestek ez du faltarik gauzatu 32. minutuan, Toniren gorputzean jo du Javi Martinezen erdiraketa-jaurtiketa 37. minutuan, Murillok ezkerrez Doblasen geldiketa behartu du 38. minutuan eta Urzaizek penaltia eskatu du 43. minutuan, baina ez zirudien hala izan denik.

Lehen zati honetan zurigorriek hegaletatik saiatu dira behin eta berriz, gola kenduta, Roberterantz zuzendu diren baloiak ederto moztu ditu gehienetan, baina zailtasunak izan ditu Sobisen eta Riveraren lerroarteko jokuarekin.

Bigarren zatian, aldiz, joera askozaz nabarmenagoa izan da. Athletic Clubek estu hartu du Betis, bere zelaian sartu du, gehiago hurbildu da, erdiraketa gehiago egin ditu, zalantzazko jokaldi gehiago eskatu ditu andaluziarren arean, baina bitxia bada ere
aukera garbi gutxiago sortu du. Arbelan lehen aldaketak egin ditu Manek, Yeste eskumaldean eta Martinez erdian kokatuz, Adurizi ezker hegala utziz. Betisek betikoari eutsi dio ea Rivera eta Sobisen artean arriskua ahalbideratzen zuten nahiz eta indarrez gero eta justuago zebiltzan arrean. Berehala Caffak utzi dio bere lekua Fernandori. Hortik gutxira Llorente sartu da Adurizen tokian eta Javi Martinez ezkerraldean kokatu da, 66. minutuan honen erdiraketa batek atzelari baten eskuan? bularrean? bietan batera? jo du. Hirurogei segundu beranduago Miguel Angelek Rivera ordezkatu du, Javi Gonzalek Casas 69. minutuan eta Pancrate Sobisen lekuan sartu da 73. minutuan. Norabide bakarreko partida izaten segitzen zuen eta zurrunbiloaren erdian beste penalti bat eskatu du Urzaizek eta minutuak aurrera joan ahala iskanbilaz iskabila aritu dira zurrigorriak, 74. minutuan gertatu den bezala. Hegaleko sake baten inguruan eztabaidatzen egon dira eta konzentrazioa galdu dute. Pancrate sartu berriak, aldiz, ez eta zero eta bikoa ezarri du 75. minutuan aldaratze batetaz probetxatuz.

Aldapaz gora, baina talde honek ez du etsitzen ezta egoerarik larrienetan eta azken minutuak Doblasen ate inguruan pasatzea erabaki dute. Urzaizek buruz gora errematatu du 80. minutuan, 87. minutuan penaltia egin diote Llorenteri baina aurrelariaren aurka seinalatu du epaileak falta eta, atsedenaldian gertatu den bezala, Santa Eskearena egin dute gure mutilek hurrengoan ere eta Urzaizi penaltia argia egin diote 89. minutuan… eta partida amaitzear zenez oraingoan baietz, penaltia zela. Urzaizek gola gauzatu minutu bat pasa ostean, hau da luzapenean, eta bost aldaketa, atezainari denbora galtzeagatik txartela erakutsi ondoren eta zalaparta pare bat tartean… hiru minutuko luzapena eman du epaileak, ezta segundu bat gehiago ere.

Taldeak dena eman du, baina ez du jakin nola ireki arerioaren defentsa erabakiorra suerta zitekeen partida honetan. Eta taldeak garrantzia argi bazeukan ere, “inguruak” ez du ikuspegi bera izan norgehiagokaren inguruan. Derbia irabazi berria zela, Luis Fernandezen “omenezko” astea zela (ederto baliatu da Tarifakoa bere iragan zurogorriaz) ia hedabide guztiei primeran etorri zaie tartea betetzeko eta gainera esateko ez dakit zenbat partidatan zenbaki europarretan geundela… 22 punturekin zuloan, baina adorearekin eta konzentrazioa sendotuz gaur emandakoa ez da alferrik izango eta ea guztioi, aste honetatik bertatik, zerbait ikasteko balio zaigun.