RC Celta - Athletic Club
Jardunaldia 26
Liga

RC Celta - Athletic Club

RC Celta
RC Celta
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 35' Ángel
  • Aduriz 69'

KokapenaBalaídos , Vigo

Celtak 1 Athletic Clubek 1: Denetik

Athletic Clubek berdinketa eskuratu du Celtaren aurka (1-1) denetik izan den partida batean: hasiera ona,…

Athletic Club

Athletic Clubek berdinketa eskuratu du Celtaren aurka (1-1) denetik izan den partida batean: hasiera ona, joku eskasa gero, etxekoen gola, bigarren zatiaren hasiera kaxkarra, itxurosoagoa jokua amaiera arte, zurigorrien baloia zutoinera ia azken segunduan eta ia guztien gainetik zaleen portaera nabarmendu da, milaka izan baitira Vigon taldeari etengabeko sostengua eman diotenak. Golak Angelek 36. minutuan eta Adurizek 70. minutuan sartu dituzte. Hamabi jardunaldi falta dira Liga amaitzeko eta jeitsierako postuetatik ateratzeko garaipen batera segitzen dugu, baina lehia estua da oraindik eta izango da seguruenik. Egutegiari begira, dozena partida haietatik zazpi San Mamesen izango dira eta hor dago koxka etxetik at Athleticek berriro punturik urratu dituen arren.

Balaidosen, aukera gutxiko eta tentsio handiko norgehiagokan, hasiera ona eduki du Athletic Clubek Celtari baloia kenduz eta atzeko lerroa Aranzubiaren atetik urrun mantenduz. Lehen aukera, eta bakarra lehen zatian, Sarriegirena izan da, baina bere burukada kanpora joan da hirugarren minutuan. Joera bera mantendu da hogeigarren minutura arte. Hortik aurrera Celtak hartu du baloia eta Athletic Clubek zailtasun asko izan ditu zelai erdia tajuzko jokaldien bitartez gainditzeko.

Hala eta guztiz ere, Celtak ez zuen arrisku garbirik sortzen, baina beheko postuetan zoazenean nahikoa da ezein jokaldia gola jasotzeko eta halaxe gertatu da 36. minutuan. Korner bat Celtaren alde, motzean atera dute, erdiraketa pittin bat luzea, baina bigarren zutoinean Baianok buruz erdira eta hor Angelek barrura bidali du. Hortik gutxira Canobbioren jaurtiketa harrapatu du Aranzubiak eta atsedenaldira arte Athletic Clubek ez du asmatu benetako erantzunik ematen. Aldagelan ez zen panorama onegia ikusten.

Bigarren zatiari begira eta hasierako 4-2-3-1koa aldatu barik, Gabilondo sartu da Dañobeitiaren ordez, Yeste eskuinaldera bidaliz. Panorama ez da aldatu. Nahi eta ezin ibili dira zurigorriak, baina espazioak zituela are arriskutsuago bihurtu da Celta eta partida erabakitzeko lau aukera izan du bakarrik lau minututan. Hasteko Baianoren jaurtiketa 55. minutuan, atzelari baten gorputzean jo duela eta gutxigatik kanpora joan dena; bigarrena 56. minutuan Yagok buruz korner bat kanpora buruz errematatu duenean, hirugarrena 57. minutuan Cannobioren barnealdiak Aranzubiarekin topo egin duenean eta azkena Baianok, bakar bakarrik bigarren zutoinean 58. minutuan, baina ezkerraz egindako bolea kanpora joan da.

Manek Aduriz sartu du Urzaizen ordez 60. minutuan eta berehala aldatu da lehia, batez ere Pablo Garciak gure aurrelaria lepotik hartu duenean hurrengo minutuan. Txartel gorria, merezita. Dena den oso zaila da Garcia tartean izanda txartel festarik ez egotea. Txartel gorria baino lehen, taktikoki Yeste erdira joan da eta Javi Martinez eskumaldera, baina hainbat minutu pasa dira Athleticek ekimena berreskuratu duen arte. Javi Martinezek atera bota du lehendabiziko aldiz 69. minutuan eta hurrengoan estrategiak eman ditu etekinak, Yesteren erdiraketa buruz errematatu baitu sareetara Adurizek.

Partida barriari ekin diote talde biek. Celtak Bamogo sartu du Baianoren ordez kontraerasoan freskotasuna bilatu guran, aukera Lequik buruz 74. minutuan izan duen arren. Gure jokalariek zelai erdiko nagusitasuna aprobetxatzen joan dira eta askozaz gehiago hurbildu dira Pinto ingurura. Amorebietak buruz errematatu du kanpora 76. minutuan, bi beranduago Adurizek atezainaren eskuetara bidali du Gabilondoren erdiraketa eta Gabilondori penaltia egin diote Yesterekin egin duen hormaren batean.

Vazquezek Nene zelairatu du 80. minutuan eta nahiz eta gezurra dirudien 83. minutuan banan banako jokaldia izan du Aranzubiarekin, baina atezainak urrundu du oinarekin. Zigor gehiegi zatekeen partida nola zegoen ikusita, baina lehiaren zoramenaren isla era berean. Berehala Vila sartu da Gustavo Lopezen ordez zelai erdia indartzeko eta Llorente Aduriz lesionatuaren ordez. Athletic partidaren bila zihoan eta Gabilondok Pintoren eskuetara egin du jaurtiketa 90. minutuan, abagunerik garbiena azken segunduetan heldu den arren, Sarriegik buruz Yesteren falta erdiraketa zutoinera errematatu duenean. Askotan esaten den bezala irabazteko zorian egon da Athletic, baina baita galtzeko zorian ere hainbatetan eta, beraz, ontzat eman beharko berdinketa, batez ere arerio zuzenak ihes egiten ez digulako eta, hasierako lerroetan aipatu dugun bezalaxe, etxean giltza daukagulako. Hasteko Osasuna gainditu beharko larunbatean berriro primeran erantzungo duen San Mamesen. Horretarako Aduriz da zalantza eta Murillo baja izango da bere bosgarren txartel horia atera diotelako… denbora galtzeagatik! dio epaileak aktan… Athletic partida 1-0 galtzen zihoala. Hamaika ikusteko jaioak gara.