Athletic Club - CA Osasuna
Jardunaldia 1
Liga

Athletic Club - CA Osasuna

Athletic Club
Athletic Club
00
CA Osasuna
CA Osasuna

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 0-CA Osasunak 0: Puntu bat baino ez

Puntu bat bainoez berreskuratu daiteke 07-08 Ligari hasiera eman dion partidatik. Athletic Clubek eta Osasunak…

Athletic Club

Puntu bat bainoez berreskuratu daiteke 07-08 Ligari hasiera eman dion partidatik. Athletic Clubek eta Osasunak gogotsu ekin diote norgehiagokari, baina minutuak aurrera joan ahala talde biak desagertzen joan dira joku eskasia eta beroaren eraginez.
Estraineko eguna izan da jokalari askorentzat eta berragerpenarena beste batzurentzat eta beharbada horixe izan da azpimarratzeko alde bakarra.

Hasteko, San Mames leporaino zegoela, Azpilikuetaren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Iraizozek bigarren minutuan. Expositoren erdiraketa kornerrera bidali du Ricardok bosgarren minutuan eta gauza bera egin du atezainak David Lopezen barnealdia ixteko. Hamabigarren minutuan Juanfranek jaurti du areaz kanpotik eta Iraizozek kornerrera bidali du eta hamabosgarren minutuan Etxeberriak hormarena egin du Llorenterekin, baina azken kontrolean angelua galdu du eta atzelari batek bertan behera utzi du aukera paregabea.

Eta hor amaitu da lehia, ez teknikoki baina bai aukera garbiei dagokienez. Osasuna hainbatetan saiatu da areaz kanpoko jaurtiketen bitartez, batez ere bigarren zatian, baina desbideraturik joan dira. Gurean 91. minutuan Cuellarren erdiraketa kanpora errematatu du Velezek Tartean bihotza izan da nagusi lehen zatian, Athletic Clubek jokuaren ekimena eraman duela, eta are aspergarriagoa izan da bigarrena, talde biek beroaren eragina nabaritu dutenean.

Espero bezala 4-4-2koa izan da eskema zurigorria, hainbatetan hegaleko aurreko jokalariak lekuz aldatu diren arren. Berdegunean Iraizoz, Koikili, David Lopez, Iñaki Muñoz (Tikoren ordez) eta Ion Velezek (Llorenteren tokian) debutatu dute eta Aitor Ocio zein Cuellar, Etxeberriaren ordez sartu denean, elastiko zurigorria berriro jantzi dute. Gauzak horrela, Etxeberriak, Tikok eta Expositok eraman dute kapitainari dagokion besokoa.

Taktikoki marrazki bera erabili du Osasunak, apur bat soilik aldatu dena Delportek Portillo ordezkatu duenean 68. minutuan, une horretatik aintzina 4-2-3-1koa ezarriz.

Laburbiltzearren zurigorriak sendo egon dira atzean eta ahulago erasoan, entrenatzaileak prentsa aretoan aipatu duen legez zelai erditik aurrera transizioak huts egin duelako. Alderik txarrena Etxeberriaren lesioa, gainkarga du eskuin hankako soleoan, eta Aitor Ociok ikusi duen txartel gorria.

Bidaia luzea da Ligarena eta beroa hasi da, termometroetan bada ere…