Athletic Club VS Real Zaragoza 9/15/2007 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
03. Jardunaldia

Athletic Club1 : 1Real Zaragoza

Susaeta9'
Diego Milito16'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
15/09/2007
Ordua
10:00 PM
Data eta ordua
9/15/2007 - 10:00 PM

Athletic Clubek 1 Zaragozak 1: Merezimenduak eta emaitza, eskutik

Athletic Clubek bana berdindu du Zaragozaren aurka (Susaetak eta Diego Militok) Ligako hirugarren jardunaldian. Oraingo…

Sep 15, 2007

Athletic Clubek bana berdindu du Zaragozaren aurka (Susaetak eta Diego Militok) Ligako hirugarren jardunaldian. Oraingo honetan esan daiteke emaitza eta talde bien merezimenduak eskutik helduta joan direla. Gure taldea nagusi izan da hasierako txanpan eta ia lehen zati osoan, baina bigarrenean Zaragozak eraman du ekimena eta baita aukerarik onenak sortu ere, Etxeberriak azken unean lehia eta Ligako bere 400. partida borobiltzeko aukera eduki duen arren. Azkenik bigarren puntuarekin konformatu behar, baina sendotuz doan taldearen irudia geratu zaigu behintzat.

Lau-lau-bikoarekin zelairatu dira zurigorriak. Del Hornoren ‘debuta’ San Mamesen, Ocioren itzulera zigorraren ostean, Orbaizen berragerpena iazko abenduko lesioaren ondoren eta Susaetaren estreinaldia hamaikakoan partida ofizialean. Ez da kartel makala.

Bizpairu minutu pasa dira Zaragozaren hasiera gogotsua zela frogatzeko, baina berehala Athleticek baloia hartu eta abiaduraz zein buruz mugitu egin du. Horrek min egin dio Zaragozari. Llorentek bosgarren minutuan aukera paregabea izan du Iraolaren pase sakona jasoz, baina jaurti beharrean atezainari izkin egiten saiatu da, tamalez Cesarrek igerri egin dio. Bederatzigarren minutuan eta presioaren ondorioz, baloia lapurtu dute zurigorriek arearen inguruan eta falta egin diote David Lopezi. Maisuki bota du Susaetak bat eta zerokoa ezartzeko. Bi partida lehen Mailan, bi gol eta erdian Bilbao Athleticarekin partida. Ez dago txarto eta guren horrela izan behar.

Gura zuen tokian zeukaten gure mutilek norgehiagoka eta hurrengo minutuan Llorenteren jaurtiketa harrapatu du Cesarrek. Bigarren gola gertuago zirudien, baina Oliveirak buruz abisatu egin du 12. minutuan eta zelai erdian galdu den baloi baten eskutik iritsi da berdinketa hiru paseko kontraerasoan 15. minutuan. Diego Militok banakoa ezarri du eta ekimena mantendu duen arren, kolpearen eragina sentitu du Athletic Clubek. Halaz ere, mina egiten segitu du, batez ere eskuin hegaletik erritmo handiko partidan eta Zaragozak ezin izan du arriskurik sortu. Gure aldetik Susaetaren jaurtiketa bat aipa daiteke 37. minutuan, baina atezainak harrapatu du baloia. Atsedenaldirako txartel festa hasita zegoen eta etxeko bi aurrelariek txartel hori bana zeukaten.

Beharbada horregatik atsedenaldiaren bueltan Ion Velez sartu da Llorenteren ordez, nahiz eta lana bestelakoa izan bigarren zatian. Partidaren bila irten da Zaragoza eta lehen minutuetan protagonista ia esklusibo bi egon dira, Oliveira eta Iraizoz: 47. minutuan jaurtiketa eta geldiketa, 50. minutuan, urrutitik, jaurtiketa eta geldiketa, 52. minutuan Ocio sartu da tartean eta baloia kornerrera abiatu da eta 62. minutuan Iraizozek kornerrera desbideratu du baloia. Gurean Velezen jaurtiketa desbideratua 59. minutuan izan da aipagarriena. Partidak itxura kaxkarra zeukan sailkapenari begira, baita 66. minutuan Iraizozek Diego Militoren baloia loratua harrapatu duenean. Hor ere denboraldi honetako taldearen indarra ipini da auzitan eta azterketa gainditu egin dela esan daiteke, partidan nola sendo mantendu den ikusita.

Badaezpada Victor Fernandezek zelai erdia indartu du Zapater Matuzalemen ordez sartuz eta gutxira Generelo Gabiren ordez. Athleticen Etxeberriak Ligako 400 hitzordua bete du zelai gainean 71. minutuan Adurizen ordez sartu denean.

Panoramak ez du aldaketa nabarmenik izan. Zaragozak baloi jabetza eta Athleticek kontraerasoan indarra, area inguruko azken pase aukeraketan asmatzen ez zuen arren. Normala zen gastu gehien egina zeukanarentzat, baina hortik amaiera arte, aukerak zurigorriak izan dira. Susaetak faltaz kanpora 77. minutuan, Amorebietak kanpora areaz kanpotik jaurti duenean 82. minutuan eta abagunerik argiena Etxeberriak izan du 91. minutuan Susaetaren jokaldiari esker. Eibatarra eskuinetik sartu eta elgoibartarrari pasea atzera eman. Honek kontrolatu, jaurti eta Cesarrek kornerrera desbideratu du baloia.

Garaipena eskura, baina oraingoz ezin. Zer egingo diogu. Valentzian Levanteren aurka izan beharko. Amaitzeko hausnarketa bat, tamalez berria ez den arren. Nor laguntzen du objektuak jaurtitzeak? Noren mesederako da? Athletic Cluberi ez dio inolako mesederik egiten, ezta ikuskizunari berari ere ez. Gaurkoan epaileak esan du aktan identifikaturik gabeko objektu batek buruan jo diola Cesar atezainari, zauri larririk sortu barik, ia bigarren zati osoan harmailetatik paperak, ogitartekoak eta beste gauza batzuk jaurti direla gehituz. Ea guztion artean joera hori baztertzen dugun, horixe bai litzateke mesede paregabea guztiontzako.