Levante UD VS Athletic Club 23/9/2007 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
04. Jardunaldia

Levante UD1 : 2Athletic Club

Rigano78'
Aduriz9'
Aduriz74'
Laburpen bideoa
Estadioa
Ciutat de València
Herria
Valencia
Data
23/09/2007
Ordua
17:00
Data eta ordua
23/9/2007 - 17:00

Levantek 1-Athletic Clubek 2: Heldu da lehen garaipena

Athletic Clubek Ligako lehendabiziko garaipena lortu du Levante 1-2 mendean hartuz. Adurizek bi golak egin…

23 de sep. de 2007

Athletic Clubek Ligako lehendabiziko garaipena lortu du Levante 1-2 mendean hartuz. Adurizek bi golak egin ditu eta Riganok etxekoena. Hiru punturekin hasiera ona eman dio Athletic Clubek hiru partidako asteari eta parekotasun handiko lehiaketa honetan lasaitasun apur bat hartzen dute zurigorriek… asteazkenera arte, egun horretan Atletico Madril iritsiko baita Katedralera.

Eta lehendabiziko garaipenari behar legezko balioa emateko edo, azken unera arte luzatu da sufrimendua gorabehera asko izan duen partidan. Athletic Clubek abaguneak izan ditu partida erabakitzeko eta Levantek hainbat uneotan errezegi heldu da Iraizoizen inguruetara eta aukerak izan ditu punturen bat edo hirurak urratzeko.

Sorpresarik gabeko hamaikakoarekin, larunbateko lan saioa ikusi zenarekin alderatuz behintzat, zelairatu dira zurigorriak irristakor zegoen zelaira. levanten aldiz, Alvaro, lesionaturik, geratu da jokatu barik eta Serranok bete du bere tokia atzealdean. Ekimen eraman gura izan dute, nahiz eta Riganok lehendabiziko aukera garbia izan zazpigarren minuturako. Eskuinaldetik heldu da etxekoen arriskurik handiena ia partida osoan eta hortik Juanmak erdiratu du Rigano italiarrak gutxigatik kanpora burukada eman zezan. Halaz ere hurrengo minutuan Ociok ireki du baloia, Del Hornok kontrolatu eta erdiraketa gurutzatua bidali dio Adurizi. Horrek bularrez kontrolatu eta behetik ezkerrez gola lortu. Minutu onak izan dituzte gure jokalariek jarraian eta Susaetak faltaz gutxigatik kanpora jaurti du 12. minutuan.

Tamalez erasoan desagertu da Athletic ia atsedenaldira heldu arte. Hori bai aukera paregabe bikoitza izan du Adurizek 45. minutuan. Aurrelariak berak buruz ireki du baloia eskuinaldera, David Lopez barneratu da eta atzera laga dio aurrelariari, baina bitan urrundu du Storari atezainak.

Bata eta bestaren artean igaro den ordu erdian min asko egin du Levantek. Gehigegi beharbada. Saviok faltaz 18. minutuan, Rigak behetik jaurti du 24. minutuan eta Iraizozek izugarrizko geldiketa egin du, baina ia jarraian Amorebieta izan da atepetik buruz Riganoren burukada urrundu duena. Brunok boleaz gora jaurti du 28. minutuan eta Miguel Angelek buruz kanpora 43. minutuan. Errez galtzen zuen baloia Athleticek eta zelai erdian Resinosenak nagusitu dira. Atsedenaldira abantailarekin joan gara, baina bigarren zatia luzea izan da oso.

Adurizek izan du lehen aukera atsedenaren ostean, buruz errematatuz 53. minutuan. Levantek lehen aldaketa egin du hortik gutxira Viqueira Bersonen ordez sartuz, 56. minutuan Muñozek Murillo ordezkatu du , Geijok hartu du Descargaren tokia 61. minutuan Juanma atzera pasatzen eskuin hegalean eta Riga aurrelaria eskuinera mugituz eta 63. minutuan Cuellar sartu da Susaetaren tokian. Arrisku gehigirik pairatu gabe igarotzen ziren minutuak, baina erdiraketa batean eskuz moztu du burukada bat Del Hornok. Penaltia. Riganok bota du ….langara eta bizirik segitu du Athleticek. Pedro Leon sartu da Riga kritikatuaren tokian, baina bi minutu beranduago Adurizek bere bigarrena egin du.

Jokaldia eztabaidagarria izan da oso Levantekoentzat behinik behin Aduriz baloiaren bila abiatu da Levanteren zelai erdian Brunorekin batera eta atzelaria geratu da lurrean. Cuellarrek hartu du baloia sakonean sartu dio Adurizi eta honek gola egin atzelari baten hankan jo eta gero. Storari atezainak protesta egin du, baina Aduriz ez da konturatu arerioa minduta geratu denik eta halaxe onartu du prentsa aretoan Levantekoei barkamena eskatzeaz gainera. Era askotakoak dira jokaldiaren inguruan egin daitezke interpretazioak eta, web honetan aspaldian isladatu zenez, beharrezkoa da oso irizpide bateratua ezartzea epaileari aginte osoa emanez.

Halaz ere, bigarren gola heldu baino lehenagoko jokaldia ekarri dezakegu gogora Levantekoek ezer eskatu duten eta zer ez duten egin argiro azaltzeko. Geijo eta Aitor Ocioren buruek tupust egin dute arearen inguruan, Ocio etzanda geratu da zorabiaturik, hortxe bertan, baina etxekoek jokaldiari ekin diote eta azkenik Rigak jaurti du Iraizozek baloia harrapa zezan. Protestarik ez, beno bai Ocio zorabiatu denean eta futbol zelaitik at minutu pare batez erretiratu denean. Komenigarria litzateke datu hori ere kontuan hartzea Abel Resinosek prentsa aretoan atera dituen ondorioak atera baino lehen.

Emaitzari eusteko Velez sartu da Llorenteren ordez 77. minutuan. Ez du amorerik eman Levantek eta Pedro Leonen erdiraketa bat buruz errematatu du sareetara Riganok emozioa ipintzeko 78. minutuan. Gainera, emozioaz gain Levanteko hiru jokalarik aprobetxatu dute Javi Martinez, baloiarekin atean zela, egurtzeko. Lotsagarriena izan da Pedro Leonen jarrera atez kanpotik hurbildu baita baloia hartzera omen, eta hortik gure jokalaria kolpatzeko “aprobetxatu” du. Zorabiaturik ere geratu da Martinez.

Une zailena zirudien. Levante gogotsu zetorren eta min egiteko jokalariak zeuzkan, baina ia partida osoa baloi jabetza eskasa izan ondoren, Athleticek hobeto mugitu du baloia eta beste aukera garbi bi sortu ditu. Velezek egin duen barnealdiari ezin izan diote merezi zuen amaiera eman Cuellarrek zein Muñozek 85. minutuan eta David Lopezen falta jaurtiketa desbideratu du Storarik. Tamalez, sufritzeko moduan geunden atzokoan: Riganok errematatu du buruz langa gainetik 92. minutuan eta Amorebietari txartel gorria atera diote 95. minutuan.

Hiru puntuak azken finean eta lasaitasunetik askozaz errazago izango da egindako akatsak konpontzea. Seguru etxeko giroa ere horretarako lagungarria izango dela asteazkenean Atletico Madrilen aurka. Behin hasiz gero, zergaitik gelditu?