Real Valladolid - Athletic Club
Jardunaldia 8
Liga

Real Valladolid - Athletic Club

Real Valladolid
Real Valladolid
12
Athletic Club
Athletic Club
  • 70' Víctor (p.)
  • Aduriz 8'32'

KokapenaJosé Zorrilla , Valladolid

Valladolidek 1-Athletic Clubek 2: Bigarrena etxetik at

Athletic Clubek etxetik kanpoko bigarren garaipena eskuratu du Valladolid 1-2 mendean hartuz. Adurizek egin ditu…

Athletic Club

Athletic Clubek etxetik kanpoko bigarren garaipena eskuratu du Valladolid 1-2 mendean hartuz. Adurizek egin ditu gure taldeko gol biak, lau darama jada Ligan, eta Victorrek penaltiz Pucelako taldearena.
Etxetik at lortu den bigarren garaipena izan da eta garrantzia dauka taldearen inguruan zalantzak urruntzeko, nahiz eta San Mamesen ezinbestekotzat hartzen den garaipenaren osagarria beharrezkoa izan Athleticek lasaitasun gehiagoz jokatu ahal izateko. Bestalde behean dauden taldearekiko abantaila handitzen doa eta datua lagungarria suertatzen da ere, batez ere mamuak uxatzeko.

Gure taldea ez da bakarrik egon eta Valladolidera hurbildu diren milaka zaleek lehendabiziko bultzada eman diote. Harmailetatik zetorrenari lotu zaio zurigorrien hasiera erasokorra. Zelai erditik atera Etxeberriak, Gabilondori ireki eta honen erdiraketa Adurizek buruz errematatu du zutoinera. Gidoiak, beharbada, kontrakoa markatzen zuen, baina etxekoak ez dira gai izan ekimena eramateko. Halaz ere Capdevilak areaz kanpotik lana eman dio Iraizozi zazpigarren minutuan eta horrek kornerrera bidali du hatz puntaz, baina Athleticek bereari eutsi dio eta hurrengo minutuan Gabilondok ederto gainditu du Valladoliden atzeko lerro aurreratua eta Adurizek hankapetik eta angelu gutxiagorekoin gainditu du Butelle.

Etxeko zaleek atezainaren aurka oldartu dira eta egoerak areagotu egin du Valladoliden urduritasuna. Alvaro saiatu da urrutitik baloia loratzen baina arriskualdirik nabarmenenak Athleticenak ziren. Gabilondok berriro gainditu du marra Etxeberriari baloia sartuz eta zalantza da Butellek areaz kanpo ala barruan falta egin dion, baina epaileak ez du ezer ez seinalatu. Lasaitasuna osoa izan ez zedin, Amorebieta lesionatu da eta Ustaritz hartu du bere tokia 23, minutuan.

Athleticek segitu du gora begira baina sakontasun gehiegirik gabe. Zorionez 31. minutuan David Lopezek falta atera du eta Adurizek buruz zero eta bikoa ezarri du buruz ederto errematatuz.

Mendilibarrek Borja kendu du eta Vivar Doradoren ekarpena onerako nabaritu du Valladolidek. Laster batean Ogbecheri baliogabetu dio gola epaileak Ocioren gainetik salto egiteagatik eta 37. Rafaren burukada desbideratu du Iraizozek. Azkenik, partida erabakitzeko aukera izan dute David Lopezek eta gero Etxeberriak 43. minutuan, baina atzelariek urrundu dute arriskua. Atsedenaldirako Orbaizek eta Javi Martinezek txartel hori bana zeramaten eta bigarren zatian bere garrantzia izan du detaileak presioa ez baita lehen zatian bezala egin ahal izan.

Bigarren zatiaren hasiera lasaia izan da oso eta Athleticek ondo kontrolatu du norgehiagoka. Rafak ikusi du txartel horia eta bigarrena merezi izan du 76. minutuan Velezi aurpegian ostikada eman eta gero, baina epaileak ez dio erakutsi. Lasaitasunaren erdian jokaldi batek sartu du Valladolid lehian. Koikili Ogbecherekin sartu da arean 71. minutuan eta kontaktua sentitu eta berehala lurrera joan da aurrelaria. Penaltia, txartel horia eta Victorren gola. Emozioa gainezka.

Gainera Mendilibarrek egin du prestatzen ari zen aldaketa, Kike Garcia Calvoren ordez eta 3-4-3 antolatu du Kike, Ogbeche eta Victor aurrean jarriz eta arazo gehiago sortuz, batez ere hegaletatik zetozen etengabeko erdiraketengatik.

Athletici gehiago kostatzen zitzaion irtetzea, David Lopezek kanpora bota duen arren 78. minutuan izan duen abagunea. Hortik gutxira Murillo sartu da Etxeberriaren ordez, zelai erdia indartu guran eta Javi Martinez aurreratu da Velezen parera ia. Valladolidek azken ahaleginak egin ditu. Ogbeche, gero eta nekatuago, boleaz egin du gora, Sesmak Capdevila ordezkatu baino lehen. Kikek errematatu du eta baloia Ocion jo eta gero kornerrera joan da 82. minutuan, Victorrek faltaz bota du angelura 83. minutuan eta Iraizozek kornerra desbideratu du, Victorrek buruz izan du abagunea 89. minutuan eta Marcosek buruz ere 90. minutuan. Luzapena luzea izan da oso, Velezi eginiko falta argia ez du seinalatu epaileak Valladolidekoa azken atzelaria izanik, baina azken finean urrezko hiru puntuak Bilborako bidean daude jada. Erronka ez da ezezaguna eta Betisen aurkakoak ekarri behar digu poza eta lasaitasuna etxekoen aurrean. Larunbatean ere partida gogorra izango da, baina nork esan du ibilbidea erosoa zela? Hasi baino ez da.