Athletic Club - Real Betis
Jardunaldia 9
Liga

Athletic Club - Real Betis

Athletic Club
Athletic Club
00
Real Betis
Real Betis

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 0 Betisek 0

Husnako berdinketarekin amaitu da Athletic Club eta Betisen arteko norgehiagoka. Zurigorriek merezimendu guztiak egin dituzte…

Athletic Club

Husnako berdinketarekin amaitu da Athletic Club eta Betisen arteko norgehiagoka. Zurigorriek merezimendu guztiak egin dituzte hiru puntuak eskuratzeko, baina ez dute gauzatu izan dituzten abaguneak, horixe litzateke alderik txarrena, horrekin batera estatistikarako datua: San Mamesen bost partidatik lau berdinketa eskuratu dugu eta beste lehia galdu. Beraz garaipenaren zain oraindik ere.

Alde onak ere izan ditu gaurko partidak. Esaterako hauxe da hirugarren norgehiagoka jarraian galdu gabe, taldeak partida osoan ekimena eraman du eta defentsako lana ona izan da ia arriskualdirik igaro gabe. Kasu hauetan, eta ez bakarrik garaipen egunetan, zalantzan ipintzen dena da beti arerioaren portaera: nagusitana erakutsiz gero beste taldea txarra delako izan da ala nagusi denaren meritua? Hor uzten dugu galdera.

Hala eta guztiz ere, egia dena da Betisek oso arrisku gutxi sortu duela. Parrafo batean laburbil daiteke: 9. minutuan Xiscoren falta jaurtiketa Iraizozek harrapatzen du, erdiraketa-jaurtiketa Babicena 15. minutuan eta, zerbait gehitzearren, Sobisen bolea lekutara 36. minutuan eta errebote batzuk gure arean lehen zatiko luzapenean. Bigarren zatian hiru aldaketak egin ditu Betisek eta hiru txarteal jaso ditu, horixe izan da dan dana.

Gure aldetik lehendabiziko minutuak hotzagoak izan dira, baina denbora aurrera joan ahala berotu dira zurigorrien motorrak. Presio ona egin dute Caparrosen mutilek, goitik beheraino eta Betisen saiakera ia guztiak Iraizozen eskuetan amaitzen ziren. Gainera beste partida batzuekin alderatuz, askozaz gehiago jokatu du behetik Athleticek, gehiago izan du baloia taldeak, batzuetan azeleratuegia jokatu duen arren.

Etxeberriaren jokaldi pertsonala eta ondorengo jaurtiketa kornerrean amaitu dira 12. minutuan eta hortik aurrera erritmo biziagoa ezarri du Athleticek. Gabilondoren falta jaurtiketa kornerrera desbideratu du Ricardok 19. minutuan eta Adurizek langara errematatu du buruz, atezainak ere baloia behar zuen apurra desbideratuz, 42. minutuan Susaetak Ricardoren eskuetara errematatu du arrasean talde-jokaldi politaren ondorioz eta 44. minutuan Adurizek kanpora jaurti du. Horiek izan dira unerik nabarmenenak gora begira, nahi baino gutxiago agian, baina adierazgarriak oso.

Bigarren zatiko lehen uneak hotzak izan dira baita ere, baina pixkaka Athleticek lehen zatiko azken minutuotako erritmo biziari eutsi dio, batez ere eskuin hegala gehiago erabiliz, joera historikoa horixe, baina berebiziko aukera sortu du ezkerretik 61. minutuan: Koikiliren erdiraketa behar zen tokira joan da, hau da penalti puntua eta ateko marra bitartean, baina Adurizek ezin izan du bultzatu sareetara.

Erasoak ez zuen eten eta Cuperrek Edu sartu du Xiscoren ordez min gehiago egin guran, Sobis eskumara eramanez eta Edu erdian kokatuz. Alferrikako ariketa izan da, Athleticek segitu baitu baloiak lapurtzen, tajuz banatzen gehienetan eta mina egiten. Adibidez 68. minutuan Gabilondok jaurti du falta bat, baina Etxeberria eta Orbaizen artean ez dira ados jarri gertutik errematatzeko eta defentsaren aldaratzea errematatu du Javi Martinezek, baina atzelari baten kontra jo ondoren kornerrera joan da. Hurrengo jokaldian Gabilondoren bolea, eskuinez, kanpora abiatu da.

Cuperrek Somoza Capiren tokian atera du zelai erdia finkatu guran eta Caparrosek David Lopez zelairatu du Susaetaren ordez apur bat lehenago. Zurigorrien eskema ez da aldatu ezta 77. minutuan Llorente Etxeberriaren ordez zelairatu denean. Llorenteren presentziarekin berpiztu da erasoko jokoa, lehen minutuetan behinik behin. Gauzak horrela 79. minutuan Llorentek posizio egokia bilatu du eta behin lortuz gero jaurti ere, baina Ricardok kornerrera desbideratu du. Bi minutu beranduago berriro landu du aukera iruindarrak, baina atzelari batek atzetik jo dio hankan, epaileak penaltirik ez seinalatu arren

Rivera Sobisen ordez sartu da 81. minutuan, baloia berreskuratzeko asmotan, alferrik honako saiakera hau ere, eta baita Velezen presentzia Adurizen ordez hiru minutu beranduago. Honez gero nekearen eragina somatu du Athleticek azken unera arte saiatu den arren. Nekearen nabaritu ez duena epailea izan da. Partida zuzentzeko erraza izan da oso eta bederatzi txarteletatik batzuk soberan egon dira, falta batzutan gertatu den moduan. Zalantzazkoa da baita ere Ricardok baloia hartu eta gero Adurizi eman dion ostikada: penaltia izan al da?

Finean, Hector Cuperrek prentsa aretoan aipatu duen legez, sari handia eskuratu du Betisek egin dituen merituak kontuan hartuta. Gurean aldiz, ia noiz ikusiko genuen partida oso bat ekimena eramaten galdetzen genion behin eta berriro gure buruari eta gaurkoan heldu da… nahiz eta emaitza ikusita ia osoa izan. Alderik baikorrena har dezagun ea asteazkenean Getaferen aurka meritu gutxiago egin eta puntu gehiago eskuratzen ditugun.