Espanyol VS Athletic Club 2007-11-11 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
12. Jardunaldia

Espanyol2 : 1Athletic Club

Tamudo39'
Aitor Ocio89'(b.a.)
Gabilondo2'
Laburpen bideoa
Estadioa
Lluis Companys
Herria
Barcelona
Data
11/11/2007
Ordua
17:00
Data eta ordua
2007-11-11 - 17:00

Espanyolek 2-Athletic Clubek 1: Errepikatu da historia

Athletic Clubek 2-1 galdu du Espanyolen aurka. Tamudok eta Aitor Ociok gure atean eta Gabilondok…

2007ko aza. 11a

Athletic Clubek 2-1 galdu du Espanyolen aurka. Tamudok eta Aitor Ociok gure atean eta Gabilondok egin dituzte golak. Gure taldearen gola bigarren minutuan heldu da Adurizek buruz baloia area ertzean utzi duenean, Etxeberriak ezin izan du errematatu baina bai Gabilondok, honek lasaitasunez bidali du goitik baloia sareetara. Atsedenaldia baino lehenago Rierak erdiraketa egin du eta Tamudok bere trebezia erakutsi du berdinketa ezartzeko. Azkenik, partida berdinketarantz abiatzen zela, Aitor Ociok nahi gabe desbideratu du baloia bi eta batekoa ezartzeko. Gauzak horrela, puntua galtzeak baino gehiago, min handiago sentitu du taldeak lanari etekina ez ateratzeagatik. Eta astearteari begira indarrak pilatzeaz gainera, horixe izango da lanik garrantzitsuena, morala altxatzea, alegia.

Hasieran aldaketa bakarra egin du Athletic Clubek azken partidarekin alderatuz, izenen aldetik, baina bi kokapenaren aldetik. Amorebieta sartu da Susaetaren ordez, baina Ustaritz ipini da atzeko eskuin hegalean eta Iraola zelai erdiko eskuin hegalean. Eta norgehiagokari ekin eta berehala Gabilondok egin du zero eta batekoa. Goizegi? Horren inguruko teoria bi aipa daiteke. Lehendabizikoa ezezkoarena, futbolean inoiz ez dela goizegi gola egiteko, berez esplikatzen dana. Bigarrena, baiezkoarena, Athletic atzean sartuta geratu dela ikusita Espanyol hazteko aukera izan duela dio.

Aitzakia bazegoen arren, egia da Espanyolek baloiaren jabetza eskuratu duela nabarmenki eta horrek min egin dio Athletic Cluberi, batez ere baloiaren atzetik ibili delako ia lehen zati osoan. Aukerak ez dira gehiegi izan, baina Valverderen mutilek bazekiten hogeita hamar segundukoa zela, gehienez, zurigorrien jabetza eta horrek lasaitasun bat ematen zien sortzeko orduan, are gehiago Espanyol bezalako jokalari trebeak tartean baldin badaude.
Espanyolek, hala ere, zailtasunak zituen aukera garbiak sortzeko, batez ere Athleticek ondo ixten zituelako hegalak. Bederatzigarren minutuan Valdo saiatu da boleaz, 17. minutuan Tamudok ezkerrez behartuta jaurti du Iraizozen eskuetara eta bazirudien dena kontrolpean zegoela, irudia bestelakoa bazen ere, Athleticek ezin izan zuelako inolako minik egin. Horregatik desoreka txiki bat aprobetxatu du Espanyolek eta 39. minutuan Riera, sasoian dago bai jauna, sartu da ezker aldetik eta Tamudok ederto sartu du hanka berdinketa egiteko. Kolpe latzak min egin dio gure taldeari eta atsedenaldira arte abagunerik argienak ikusi dira: Tamudok buruz Iraizozen eskularruetara eta De la Peñaren izugarrziko bolea, atzelari batek urrundu duena.

Bigarren zatiari begira bazirudien gauzak horrela segituko zutela, baina Athleticek pauso bat eman du aurrera, aurrerapausoa azken finean. Era berean, David Lopez sartu da Orbaizen ordez eta gauzak orekatu dira, jabetzan eta aukeretan ere. Adurizek baloiaz bete da 50. minutuan eta baloia ondo lapurtu ostean gora jaurti du Rierak erantzun du boleaz gora 57. minutuan, baina Athleticek hobetu egiten zuen presioa alde batetik eta askozaz gehiago aprobetxatzen zituen bigarren baloiak jabetza berreskuratzeko Kameniren areatik gertuago.

Aukeren ezaren erdian Valverdek egin du lehen mugimendua: Jonatas Valdoren ordez, Luis Garcia eskuinaldean kokatuz eta sartu berria punta erdian. Une berean Llorente sartu da Adurizen ordez eta sartu eta berehala baloia laga dio buruz Etxeberriari, baina horrek ezin behar bezala errematatu.

Etxekoek azken erasoaldiari ekin diote, beti Rieraren bitartez: 73. minutuan baloia gurutzatu du arrasean eta hurrengo minutuan Luis Garciak izan du abagunea, baina xuabe xuabe jaurti du Iraizozen eskuetara. Lasai asko eraman du ekimena hortik aurrera Athleticek, baina sakontasunik gabe, Rierak soberan zeukana, horregatik norbanako beste jokaldi bat egin du 85. minutuan eta Iraizozek bere antzinako etxean erakutsi ditu bere dohaiak. Hortik gutxira Prietok ordezkatu du Etxeberria eta erlojua pasatuko zelakoan heldu da zorigaiztoko jokaldia: erdiraketa bat eskuinaldetik eta Ociok gure atean sartu du baloia.

Gola sartzeko inoiz ez dela berandu pentsatu dute ziurrenik espanyolekoek. Tamalez, Valverderen lorearekin batera, ohituratzat hartzen ari gara azken unean Lluis Companysen puntuak galtzea eta hori ez da bat ere ona horren estuturik dagoen Ligan. Kopan ahaztu beharko halabeharrez eta hemendik bi astetara Deporren aurka bide ona berreskuratu, gola goizegi ala beranduegi sartuta ere.