Valentzia VS Athletic Club 2007-12-2 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
14. Jardunaldia

Valentzia0 : 3Athletic Club

Yeste32'
Llorente60'
Llorente91'
Laburpen bideoa
Estadioa
Mestalla
Herria
Valencia
Data
02/12/2007
Ordua
21:00
Data eta ordua
2007-12-2 - 21:00

Valentziak 0-Athletic Clubek 3: Partida biribila

Athletic Clubek partida polita egin du Valentziaren aurka eta 0-3 mendean hartu ditu etxekoak, Yestek,…

2007ko abe. 2a

Athletic Clubek partida polita egin du Valentziaren aurka eta 0-3 mendean hartu ditu etxekoak, Yestek, faltaz, eta Llorentek, bitan, lortu dituzten golei esker. Bazen garaia aise irabazteko eta testuingururik onena bezain zaila aukeratu du gure taldeak: aurreko igandean bi puntu galdu ziren azken uneotan partida ona egin eta gero, egutegiaren zama ei zeukan Athleticek bere gainean, sailkapenak estu segitzen du beheko postuetan (are gehiago zegoen norgehiagoka hasi orduko) Valentzia kalitate handiko etsaia da eta, datuak datu, hogei urte generamatzan Mestallan irabazi gabe.

Gaurkoan, aldiz, joerari buelta eman zaio eta hurrengo denboraldian azken lauretan galdu barik jokatu dela esango dute estatistikek. Halaz ere, garrantzitsuena da taldeak konfiantzaz jokatzen duela, hazten doala, baloiarekin gero eta konplexu gutxiagorekin jokatzen duela (bigarren golaren jokaldia lekuko) eta lerro guztietan, atzetik hasita, irtetzen denak erantzuten du. Dena den, zuribeltzezko jirabiraka honetan, asteroko azterketa baino ez da Lehen Maila eta, badaezpada, zapatuan lidergoan doan taldea datorkigula bisitari ez dugu inolaz ere ahaztu behar.

Espero zen legez Valentziak indartsu ekin dio lehiari eta hirugarren minutuan Silvak berebiziko aukera izan du, baina gertutik bota duen arren kanpora joan zaio baloia. Ez du aukera garbi gehiagorik sortu lehen zati osoan Koemanen taldeak eta erruduna Athletic Club izan da. Presioa goitik hasita, lotsarik gabe jokatu du taldea, dauzkan akatsekin baloia ateratzean baina konfiantzaz, talde honek ez baitaki atzean sartuta jokatzen, ez partida osoan behintzat.

Bosgarren minutuan atzelari bat, Amorebieta, jarri da Cañizaresen aurrean, baina jokoz kanpo adierazi diote, 11. minutuan Gabilondok egin du gola… baina Llorente zegoen jokoz kanpo eta baloi bila abiatu da ere, 23. minutuan Etxeberriak errematatu du baina Cañizaresek ondo harrapatu du, 26. minutuan Iraolak eta Orbaizek izan dute abagune bana jokaldi erean eta 31. minutuan Gabilondo sartu da ezkerretik, baina atzelari bat eta Cañizaresen artean kornerra desbideratu dute baloia. Azkenik, Yestek bota du maisuki falta bat eta baloia angelutik sartu da, doi-doi 33. minutuan. Bazen garaia.

Ez zen egoera berria guretzat, askotan aurreratu baita Athletic aurtengo denboraldian, baina oraingo honetan taldeak ondo erantzun du. Atzerapausorik eman gabe taldea atsedenaldira heldu da abantailarekin. Kezka bakarra txartelena zen. Koikilik eta Iraolak merezitakoak hartu dituzte, baina etxekoek, harrigarria bada ere, ez dute inongo txartelik ikusi lehen zatian, nahiz eta soberako merezimenduak egin dituzten.

Bigarren zatian gogor ekin dio erasoari Valentziak eta hasierakoak izan dira unerik zailenak Athleticentzat. Llorenteri penaltia egin diotela iruditu zaigu 48. minutuan korner baten jaurtiketan eta Silva arriskua sortu du, hirugarren minutuan honetan ere, baina kanpora joan zaio jaurtiketa gurutzatua. Baloiaren jabetza valentziarrena izaten segitzen zuen, baina alferrik, goitik eta behetik atzeko lerroaren lana bikaina izan baita. Javi Martinez sartu da Orbaizen ordez 53. minutuan, taldeko kokapena aldatu barik.

Beste aulkitxoan Koemanek lehendabiziko aldaketa prestatuta zeukan 61. minuturako: Zigic zen mehatxua, baina une horretan erabakita utzi du norgehiagoka Athleticek. Jokaldi landua egin dute zurigorriek, bazirudien Iraolak erdiratu egingo zuela, baina barrurantz motzean laga dio David Lopezeri, honek burua altza eta baloiari nahikoa ikutu eman dio Llorentek buruz behera erremata zezan. Zero eta bi.

Zigicek hartu du Morientesen tokia eta Caparrosek agindua eman dio Martinezi aurretik ipintzeko eta ondo geratu dute erraldoi serbiarra. Hortik gutxira, 63. minutuan, Vicente sartu da Fernandesen ordez eta Silva kokatu da zelai erdian Alferrik ere, Athetici batzutan kostatzen zitzaion, baina segitzen zuen presionatzen eta arriskua sortzen. Gabilondo barruraino sartu da 68. minutuan, baina bere erdiraketak ez du errematatzailerik aurkitu eta segituan Murillok hartu du bere tokia zelai erdian gune horretan nagusitasuna izateko. David Lopez kokatu da ezker hegalean eta Etxeberria eskuin hegalean 4-2-3-1era pasatuz, Llorente, erraldoia gaurkoan bera ere, aurrelari bakarreko lana egiteko.

Beste bi aldaketa gertatu dira erdialdean: Albelda Fernandesen ordez Valentzian eta estrenatu den Garmendia Yesteren ordez gurean. Valentziak ia bost aurrelari zeukala esan daiteke eta azken erasoa egiteko indarrak atera ditu, bihotzarekin buruarekin baino: 86. minutuan Villaren jaurtiketa desbideratu du Aranzubiak irteeran, Joaquinek gora jaurti du 87. minutuan (kornerra zen) Zigicek buruz erremate-lagapena egin du 88. minutuan eta 90. minutuan Albiolek aldaratzea jaurti du gora. Etxeko zaleek zapiak astintzeko zeukaten prest, baina gure taldeak ez du etsi eta luzapeneko bigarren minutuan, Etxeberria joan da izkinera eta erdiraketa atera du, Cañizaresek ez du behar legez hartu eta Llorentek saria jaso du, partida eta emaitza biribilduz.

Merezitako garaipena, merezitako emaitza zelai zailenetako batean, gure indarrengan sinisteko. Ea zapatuan gauza bera gertatzen den, ez da erronka makala, baina taldeak amets egiteko ateak zabaltzen ditu. Ez da gutxi.