- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2007-08
- Athletic Club - Real Madrid
Athletic Club - Real Madrid
- van Nistelrooy 54'
KokapenaSan Mamés , Bilbo
Athletic Clubek 0 Real Madrilek 1: Eraginkortasun kontua
Athletic Clubek 0-1 galdu Real Madrilen aurka. Van Nistelrooyk sartu du gola 54. minutuan. Historikoki…
Athletic Clubek 0-1 galdu Real Madrilen aurka. Van Nistelrooyk sartu du gola 54. minutuan. Historikoki horrelako lehietan gertatu den legez, partida ikusita geneukala esan daiteke, kalitatearen eskutik datorren eraginkortasunak erabaki baitu lehia. Talde biek aukera ia kopuru bera izan dute, baina madrildarrek hobetu aprobetxatu dute eurena eta, beste arrazoi batzuen artean, horregatik doaz lidergoan. Halaber, norgehiagokak klasikoaren klasikotasun guztia izan zezan epailearen lan isila bezain eraginkorra izan da eta ezertan laguntzen ez duten objetu jaurtiketak egon dira. Tamalez klasikoak biak. Gutxienez aurreko denboraldiotako partidekin alderatuz, ez da nabaritu horrenbeste aldea, puntutan uzta bera izan den arren.
Hamaikakoan uste baino aldaketa gehiago aurkeztu du Caparrosek: Ustaritz eskuin hegalean, Iraola bere aurretik, Javi Martinez hasierako hamaikakoan eta David Lopez ezker hegalean. Minutuak aurrera joan ahala 4-4-2koa 4-2-3-1koaren itxura argiagoa hartu du eta amaieran 4-4-2ra itzuli da nabarmenki.
Sistemaz sistema, hasiera beroa izan du Athleticek. Martinezek lehen arriskua sortu du bosgarren minutuan eta zortzigarrenean partida desorekatzeko aukera paregabea izan du Iraolak, baina Cannavaroren hutsa ez du ongi aprobetxatu, hankatartetik zihoan baloia oinarekin urrundu baitu Casillasek bere itzala handiagotuz.
Real Madrilek lana eman dio hiru minututan hiru aldiz Aranzubiari atzeko lerroari eskuinetik bizkarra hartu eta gero, baina atezainak ondo gainditu ditu Robinho (bi aldiz) zein Raulen jaurtiketen azterketa. Bisitariak oreka apurtzen ari ziren eta oraindik 4-4-2koarekin Ustaritz pasatu da euskarrira, Iraola eskuin hegalera defentsan eta Javi Martinezek bere aurretik kokatu du bere burua. Ekimena berreskuratzen joan dira zurigorriak eta David Lopezek gora jaurti du areaz kanpotik 25. minutuan, benetazko abagunea 27. minutuan heldu bada ere: Koikilik erdiratu du ezkerretik eta Llorentek buruz ondo errematatu duen arren parekoa izan da Casillasen erantzuna baloia desbideratuz. Berdinketa ia arlo guztietan atsedenaldia baino lehen, Real Madrilek baloia hobeto mugitzen zuen, baina arriskurik sortu gabe, nahiz eta Ramosi gola baliogabetu dioten 36. minutuan jokoz kanpo zela. Athleticek, bitartean, bertikalago jokatzen zuen, batzutan azkarregi… eraginkortasunaren kalterako.
Gurean Orbaiz sartu da 40. minutuan Ustaritzen ordez, gure jokalaria zorabio batzuk izan eta gero. Une horretan Yeste aurreratu da erdi puntaraino, Etxeberria kokatu da eskuin hegalean eta eskema 4-2-3-1koa bihurtu da.
Horrela hasi dira gauzak bigarren zatian eta Athletic Cluberi gehiago kostatzen ei zitzaion aurrera jotzea. Madrildarrek baloia zuten eta lehia orekatzeko astirik ez dute izan zurigorriek, Ociok galdutako baloia ustez partidatik at zegoen Van Nistelrooyk harrapatu du zero eta batekoa ezartzeko. Zaila bazen erronka are aldapatsuago ipini da. Beroaldiaren ostean txartel bana jaso dute Orbaizek zein Amorebietak eta Aduriz sartu da Javi Martinezen ordez 59. minutuan. Yeste berriro itzuli da euskarrira eta eskema 4-4-2kora. David Lopezek izan du abagunea 63. minutuan, baina gora jaurti du erdiratu beharrean eta 66. minutuan berpizturiko Van Nistelrooyk barruraino sartu nahi izan du baina Aranzubia gainditu ostean Koikilik kendu dio baloia oinetatik.
Hiru minutu beranduago Gabilondok ordezkatu du Etxeberria, David Lopez eskuin hegalera pasatuz. Azken erasoaldiaren zain geundela, Robinhok partida amaitzeko aukera izan du, baina zutoinean jo du bere zartakoak. Athleticen txanda zen. Hasteko klasikoa, Diarrak lurretik eskuarekin moztu du Koikiliren erdiraketa, epaileak esan du soropil gainean zeukala, baina argi eta garbi moztu du erdiraketa. Interpretazioa klasikoa izan da. Hauxe izan daiteke erabakirik gatazkatsuena, madrildarrek Cannavarok bere arean hartu duen kolpea protestatu badute ere, baina kasu horretan zaila zen jokaldia ikustea.
Orohar, klasikoa ere izan da epailearen lana. Desoreka erakutsi du txartelak erakustean, merezitakoak gizon “gakoentzako” gure kasuan eta soberan Yesteri erakutsitakoa, baina neurri bera ez du erabili Real Madrilarekin: Sneijderrek, esaterako, ez zuen merezi eta Sergio Ramos, trebea bitan Koikilirekin astoaren keinuak errepikatzean, zein Diarra bezalako gizon gakoek amaitu dute lehia inolako zigor barik. Gainera nabarmenak izan dira gehienetan Llorentek pairatu behar izan dituen faltak Cannavaro eta Peperen aldetik. Luzapena txantxetakoa izan da bigarren zatian egon diren horrenbeste geldiune kontuan hartuta, baina klasikoen lan klasikoa egin duen arren, ezin zaio leporatu epaileari galeraren ardura.
Ardura, esan bezala, eraginkortasunean zetzan eta hortxe Casillasek trebetasuna erakusten segitu du, partida moteltzen objetu jaurtiketaren tontakeriaz baliaturik eta geldiketa bikainak egiten. Balizko penaltian geunden, 72. minutuan, eta 73. minutuan Llorentek baloi sakona jaso du eta bere jaurtiketa pitin bat desbideratu du Casillasek, nahikoa baloia kornerra joan zedin. Korner ederto atera du Lopezek eta Iraolak boleaz astindu du baloia, baina Casillasek ez du lekurik galdu eta baloia harrapatu du. Eraginkorra izateko txanda joan zaio Athletici.
Schusterrek Gago zelairatu du partida hiltzeko asmoz eta baita lortu ere. Real Madrilek espazio askozaz gehiago izan du, normala zena, eta Baptistak faltaz zein Robinhoren ordez sartu berria zen Robbenek izan dute abagune bana markagailua luzatzeko. Azken unera arte saiatu dira zurigorriak, bihotz beterik, baina punteriarik gabe. Taldea hazten zihoala pentsatu zen Deporren aurka zein Valentzian eta hala erakutsi nahi izan du Athleticek klasikoan ere bai, baina punturik gabeko hazkunde gutxi ezagutzen da. Dena den, zelaian dena jartzen ere eraginkortasuna helduko da eta primeran erantzun duen zalegoak ulertu egin du gaurkoan behintzat.