RCD Mallorca - Athletic Club
Jardunaldia 16
Liga

RCD Mallorca - Athletic Club

RCD Mallorca
RCD Mallorca
00
Athletic Club
Athletic Club

KokapenaOno Estadi , P. de Mallorca

RCD Mallorcak 0-Athletic Clubek 0: Irabazi jakin gabe

Golik gabe amaitu da Mallorca eta Athletic Cluben arteko lehia. Puntu bat etxetik at lehia…

Athletic Club

Golik gabe amaitu da Mallorca eta Athletic Cluben arteko lehia. Puntu bat etxetik at lehia estuan murgilduta segitzeko. Askotan gertatzen den legez, irakurketa anitz egin daiteke horrelako partidatan, baina bakarra nabarmentzen da guztien gainetik: gure taldeak irabazi jakin gabe amaitu du lehia, horretarako abantaila izan eta gero Nunes 32. minutuan kanporatu ondoren laguntzailearen ama birritan prostitutatzat hartu eta gero. Aitzitik, zurigorriek askozaz okerrago jokatu dute jokalari bat gehiagorekin eta berdinketa emaitzarik lojikoena izan da, nahiz eta azken unean etxekoek berebiziko aukera izan. Alderik txarrena izan da Iraolak bosgarren txartel horia ikusi duela eta hainbat jokalari min hartuta itzuli direla Bilbora. Espero dezagun urteko azken norgehiagokari begira, Murtziaren aurkakoa hain zuzen, gehienak prest egotea.

Etxetik kanpoko azken partidarekin alderatuz ia hamaikako bera aurkeztu du Athletic Clubek, Ocio eta Javi Martinezen presentziarekin Ustaritz eta Orbaizen ordez, eta hasiera bikaina izan da. Gure jokalariek ondo baino hobeto erabili dute baloia, goian lapurtu dute baloi asko eta mugikortasun handia erakutsiz lekurik gabe utzi dute Mallorca. Gauzak horrela lehen hogei minutuetan bakarrizketa zurigorria izan da nagusi. Gainera Etxeberriak 3. minutuan aukera paregabea izan du, baina Webo gurutzatu da azken unean eta David Lopezen falta jaurtiketa desbideratu du Luxek bosgarrenean. Bazirudien gola iristekotan Athleticena izango zela, baina aukera isolatu batek sartu du etxeko taldea lehian, isolatua Mallorcak horretarako inolako merezimendurik egiten ez zuelako.

Varelak buruz errematatu du zutoinera 21. minutuan eta gehiago hurbildu dira gorritxoak. Guizak errematatu du 25. minutuan Weboren gorputzaren aurka eta Pereyraren burukada atera du atepetik Etxeberriak. Arestian aipatu den gorria ikusi du Nunesek 32. minutuan, baina zertxobait lehenago, 23. minutuan, Webok bigarren horia ikusi behar izan du Aranzubiaren sakea oztopoatzeagatik. Gehiegi edo goizegi zen.

Mallorcak atzeratu du Varela eskuin lateralera eta Hector kokatu da atzeko lerroaren erdian. Amorebietak buruz izan du abagunea 34. minutuan, Webok eta Guizak erantzun dute beste arean eta atsedenaldia baino lehenago Gabilondo eta Etxeberriaren helduera arriskutsuak gauzatu diren arren, Athleticek ez du norabidea aurkitu.

Bigarren zatian Del Horno itzuli da zelaietara Koikiliren ordez sakontasuna lortzearren hegal bietatik, baina arrisku gehiago ere pairatu du Athleticek Jonasen eskutik, askatasun gehiagoz aritu baita gaur Mallorcaren gizonik arriskutsuena suertatu dana. Horrekin batera, lehen zatiaren azken txanpako akats berak errepikatu ditu Caparrosen taldeak, hau da, baloia luze jokatu hegalak bilatu beharrean eta aurtengo Ligan soberan erakutsi duen moduan jokalari gutxiagorekin trebea da ere Mallorca. Esaterako Valladolid zein Getaferen aurka lortu zuena, partidari buelta ematea, ezin izan du lortu Athleticen kontra.

Llorenterentzat izan da bigarren zatiko lehendabiziko aukera, baina Luxek, ia nahi gabe, belaunez desbideratu du baloia 50. minutuan seinalatu ez den kornerrera. Ia jarraian Guizak penaltia eskatu du Amorebietaren bultzada sentitu duenean eta halaxe gertatu dela izan da estraineko inpresioa. Guizak berak aukera paregabea izan du 55. minutuan, baina Aranzubiaren bularrarekin ein du topo baloiak. Ez zen itxaropentsua ikuspegia. Badaezpada Manzanok Basinas sartu du Guizaren ordez, zelai erdia indartu guran eta lasaitu ederra hartu du Athketicek, inolako arriskurik sortu ez duen arren. Athleticek gura zuen, baina ezin asmatu, Mallorca zain zegoen bitartean.
Susaetak ordezkatu du Gabilondo eta eskuin hegaletik ezker hegalera mugitu du David Lopez. Hortik gutxira Ustaritz Ocio mindutaren ordez sartu da eta Arango Ibagazaren tokian, jada 82. minutuan.

Agi denez, aukerarik ez, eta Etxeberriak bat ona izan du 84. minutuan, baina Luxek atera du eskua. Susaetak ezin izan du behar legez baloia hartu 88. minutuan eta Athletic ia osoa goian zela, luzapenean, Jonasen kontraeraso ikusgarria Basinasek amaitu du… baina Webok partida hasierako jokaldian egin duen legez, Ustaritz ederto gurutzatu da baloia kornerrera bidaltzeko.

Gehiegizkoa izango zen partida hau ere galtzea, baina baita ere merituak landu eta borrokatu gabe irabaztea. Beraz, kontent egon behar berdinketarekin, irabazteko nola egin jakitea ere ezinbestekoa baita. Ea hurrengo partidan gutxienez San Mameseko “zama” arintzen den.