Athletic Club - Real Murcia CF
Jardunaldia 17
Liga

Athletic Club - Real Murcia CF

Athletic Club
Athletic Club
11
Real Murcia CF
Real Murcia CF
  • 45' Koikili
  • Baiano (p.) 54'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Murtziak 1: Eta eskerrak

Athletic Clubek bana egin du Murtziaren aurka 2007an lehiketari agur esateko. Koikili eta Baiano, penaltiz,…

Athletic Club

Athletic Clubek bana egin du Murtziaren aurka 2007an lehiketari agur esateko. Koikili eta Baiano, penaltiz, izan dira golegileak. Puntu bat eta eskerrak, lehen zatian lan txukuna egin eta gero, bigarren zatian bisitariek askozaz merezimendu gehiago egin baitute partida irabazteko.

Enegarren norgehiagoka etxean irabazi barik izan da eta taldeak ezin izan du bidea bilatu. Are gehiago, bilaketa honetan galtzera ere heldu da hainbat uneotan. Urtea bederatzigarren postuan amaitzeko aukera zeukan gure taldeak, jeitsieratik hiru puntura, eta hamalaugarrenean, jeitsierartik puntu batera joan den astean bezala, amaitu du beste hamaika talderekin lehia itxian. Athletic da gol gutxien jaso duen hirugarren taldea Real Madril eta Barçaren atzetik eta gol gutxien sartu duen seigarrena. Antzeko zenbakiak dauzka gure hurrengo arerioak, Racing, baina kantabriarrak seigarren postuan doaz.

Zenbaki hutsetatik at, tamalez eta askotan gertatu den bezala, epailearen lana txarra izan da oso eta une batzuetan talde bien joku eskasiaren eskutik joan da. Partida biribila desiratzen dugun legez, epaile aipamenik gabeko kronika egiteko irrikitan gaude. Datorren urtean izan beharko.

Hasierako bost minutuetan Murtziak izan du baloia, baina Athleticek presioa neurtu duenean partida norabide bakarrekoa bihurtu da. Notariok David Lopezen jaurtiketa harrapatu du erraz 6. minutuan eta hortik aurrera ordu laurden on bat egin dute zurigorriek. Zelai erdiko nagusitasunean oinarriturik baloiak gune “beroetan” lapurtzen zituen Athleticek eta horrelako batean 14. minutuan Gabilondok erdiraketa ona egin du eta bigarren zutoinean Llorentek burukada gurutzatua egin du… beste zutoinaren aurka.

Aukerarik garbiena izan da eta Athleticek nagusitasuna mantendu duen arren ez du aparteko abagunerik sortu. Erritmoa moteldu egin da eta Athleticek ez zuen zirrikiturik aurkitzen min egiteko. Faltetan ondo defendatu dira atzoko berdeak, baina horrelako jaurtiketa batean, lehen zatiko luzapenean, Movillak nabarmen moztu du eskuarekin Yesteren jaurtiketa. Penaltia eta Orbaizek hartu du erantzunkizuna, baina gola egitea horren garestia denez, aldaratzean heldu da. Notariok desbideratu du Orbaizen jaurtiketa eta Koikilik estraineko gola egin du zurigorriz bere urtebetetzearen egunean.

Aldapaz behera zegoen lehia, baina bigarren zatian lan eskasa egin du Athleticek eta gure taldearekin batera epaileak ere. Hasi eta berehala zalantzarako jokoz kanpo adierazi diote Llorenteri eta jokalariz beteriko kontraerasoan egin du huts Athleticek hortik gutxira. Adierazgarria izan da oso jokaldia, batez ere bi zatitan apurturiko taldea isladatu duelako. Gainera Murtziakoek eskua eskatu dute gure arean hurrengo jokaldian eta epaileak lehendabizikoan ez du zalantzarik izan Ocio eta aurrelari baten arteko jokaldia penaltia bihurtzeko. Baloia aldendu du areatik atzelari batek, zerutik zetorrela begira zegoen Ocio eta tupust egin du bere gorputzaren aurka aurrelariak. Penaltia eta Baianoren gola 54. minutuan. Eta eskerrak Murtziak ez duela asmatu izan dituen abaguneetan…

Athletic desagertu da, epaileak ez zirenak seinalatzen eta zirenak pitatu barik laga ditu eta amorruaren eskutik ere inpotentzia heldu da, jokua ez zelako inondik ikusten. Jokalariek lekua galdu dute eta aldaketek ez dute egoera konpondu, zelai erdian metro gehiegi baitzeuden eta Murtziak erraztasun osoz eskuratzen zituen bigarren baloiak, lehen zatian ez zeuzkanak. Adurizek Etxeberria ordezkatu du 60. minutuan, Susaeta Gabilondoren ordez sartu da 65. minutuan, eskema ez da aldatu, egoera ezta ere, eta abaguneak kanpoko taldeak sortu ditu bata bestearen atzetik.

Hasteko 65, minutuan. Aranzubiak buruz urrundu du baloia areaz kanpotik eta Abelek zetorkion moduan loratu du baloia… langararen kontra; 67. minutuan Regueirok buruz errematatu du baina Aranzubiak desbideratu du, hurrengo jokaldian Ochoak errematatu du buruz gutxigatik kanpora. Athletic saiatu da erantzuten, baina Llorenteri baloi garbiak ihes egin dio Notarioren aurrean 71. minutuan eta Adurizen burukada kanpora joan da 74. minutuan.

Murtziak egin du bere lehendabiziko aldaketa 76. minutuan Iñigo Goitomen tokian sartuz eta arnasa hartu dute bisitariek berriro ere. Abelek desbideraturik jaurti du 79. minutuan, Regueirok gehiegi gurutzatu du jaurtiketa-erdiraketa 81. minutuan eta bere garaian Athletic Cluben segitzeari uko egin zion eta Espanyol B taldera abiatu zen Iñigok jokaldi polita egin du, baina kanpora joan da bere azken jaurtiketa 83. minutuan. De Lucas sartu da Abelen ordez 84. minutuan eta ia jarraian Ociok bere bigarren txartel horia ikusi du, merezita hau ere. Baianok, azkenik, izan du azken aukera 88. minutuan eta Prietok David Lopez ordezkatu du puntu bat salbatzeko ordua zen eta. Irabazten ezin denean, hobe punturen bat gehitu eta horixe egin du Athleticek azken minutuetan.

Gaurkoan entrenatzaile biek bat egin dute laburpenaren orduan: lehen zatia zurigorria, bigarrena Murtziarena, bisitariek gehiago merezi izan dute tarte horretan eta epailearen lana ez du inor pozik utzi. Kopan izan beharko denboraldiko bigarren garaipena, nahiz eta egun horretan bai, berdinketa pare bat baliogarria den. Kontraesanak.