Athletic Club - Getafe CF
Jardunaldia 29
Liga

Athletic Club - Getafe CF

Athletic Club
Athletic Club
10
Getafe CF
Getafe CF
  • 28' Etxeberria

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Getafek 0: Hirugarrena jarraian

Athletic Clubek garaipen garrantzitsu bat lortu du lasaitasunerantz doan bidean, hirugarrena jarraian, eta horri esker…

Athletic Club

Athletic Clubek garaipen garrantzitsu bat lortu du lasaitasunerantz doan bidean, hirugarrena jarraian, eta horri esker zortzigarren postuan dago sailkapenean iazko denboraldi osoan lortu zen ia kopuru berbera erdietsiz Liga amaitzeko bederatzi partida falta direnean. Joseba Etxeberriak lortu du gola lehen zatian eta gaurkoarekin 100 dira jada Athletic Clubarekin lortu dituenak. Alde txarrean Garmendiak hartu duen kolpea Patorekin, zorionez etxean dago jada, eta Javi Martinezen hamargarren txartel horia, Huelvako partidatik at utziko duena.

Zurigorriak nagusi izan dira hamabi partida galdu gabe jarraian zeraman modako taldearen aurka eta aukera gehien eta garbienak egin dituzte,batez ere lehen zatian, baina abantaila txikia zenez gero, azken unera arte sufritu behar izan dute zaleriarekin batera, batez ere Garmendia lesionatu denetik, arauzko hiru aldaketak eginak baitzeuden.

Athleticek ondo ekin dio norgehiagokari, gogotsu, partidari erritmo altua ezarri guran, batez ere Getafek hiru lehihaketen “zama” daramalako azken asteotan. Eta lortu egin du gure taldeak eta minutuak aurrera joan ahala aukerak heldu dira goian egiten zen presioan oinarriturik. Bederatzigarren minutuan Llorentek (100 partida Athleticarekin) errematatu du kanpora Susaetaren pasea eta ordu laurdenean Orbaizek urrutitik loratu du baloia Patok hankekin areaz kanpo duen trebezia frogatu eta gero. Atzelari batek urrundu du eta epaileak txartela barkatu dio atezainari bere atrebentziarengatik Cotelorekin izan duen hika-mikaren ostean. Hamazazpigarrenean kontraeraso polita gauzatu du Athletic Clubek, baina Patok hankartean aurkitu du baloia Susaetaren jaurtiketaren ostean. Berriro Pato luzitu da 21. minutuan, kasu honetan Yesteren jaurtiketari erantzunez, eta aldaratzea Llorentek bidali du gora.

Getaferi asko kostatzen zitzaion baloia izatea eta behin baloia hartu ondoren jokua sortzea, baina 22. minutuan kontraeraso azkarra antolatu du Cortesek baloia kanpora gurutza zezan. Ispilatze hutsa izan da, Athletic Clubek bereari eutsi dio eta. Gauzak horrela 28. minutuan talde honek, partida ia osoan bezala, baloiarekin gauza interesgarriak egiten dakiela erakutsi du. Baloia hegal batetik bestera, behetik eta pazientziarekin mugituz, aukera sortu du. Eskuinaldetik erdira, hortik Yestek Martinezi eta honen pasea Del Hornori zetorkion moduan erdira zezan eta arean Etxeberriak behar legezko ikutua emanez baloiari gol borobila egiteko: 100 (86 Ligan, 10 Kopan, 2 Championsen eta beste 2 UEFAn). Borobila ere taldeari lasaitasuna eskaintzen zaiolako bere dohaiak erakusteko azken bi urteotako zama barik, ea onerako den.

Oraingo honetan Athleticek ekimena eraman nahi izan du golaren ostean eta atsedenaldira arte lortu ere. Llorentek buruz errematatu du, baina desbideraturik Susaetaren enegarren erdiraketa, 37. minutuan Javi Martinezek orraztu du Yesteren erdiraketa, baina gutxigatik joan da kanpora eta 42. minutuan Yesteren jaurtiketa… Llorenterekin egin du topo. Getafe saiatu da, baina De la Redek luzapenean kanpora bidali duen burukada baino ezin izan dugu aurkitu.

Lehen zati oso ona, erasokorra, koordinatua, erritmo eta presioarekin, gol bat baino gehiago eskuratzeko merezimenduekin, baina bigarren zatiari begira betiko erronka, nola eutsi abantailari? Hasteko Llorenterena izan da abagunerik onena partida ia erabakita uzteko, baina zutoinera joan da bere jaurtiketa 53. minutuan. Getafe berpiztu da eta 59. minutuan Ustaritz gurutzatu da Casqueroren jaurtiketa urruntzeko. Madrildarrek baloia zeukaten dagoeneko, baina sartzea zaila oso egiten zitzaien eta baloi luze batean heldu da luzapenera bitarteko aukera bakarra Uchek De la Reden pasea kontrolatu duenean 66. minutuan, baina Aranzubiak (Athleticekoa norbaiti ahaztu baldin bazaio) ederto txikitu ditu angeluak eta bere gorputzarekin desbideratu du baloia.

Honez gero Sousak hartuta zeukan Gavilanen postua eta beste Gabi, b-rekin kasu honetan, Gabilondo, Etxeberriaren ordez sartu da Yeste bigarren aurrelariaren tokian jarriz. Yestek abagune berri bat izan du, baina 70. minutuan Patoren oina, berriro ere, sartu da tartean baloia atetik kanpo mantentzeko. Beste aldaketa bikoitza. Athleticen Lopez Susaetaren ordez 73. minutuan, Lichten erasoaldiak moteltzeko, eta Kepa Belenguerren ordez, atzean hiru jokalari utziz eta De la Red apur bat aurretik. Apustu garbia bezain arriskutsua.

Iraolak lana eman dio ezkerrez Patori 79. minutuan, Juanfran sartu da Coteloren ordez 82. minutuan eta Garmendia Yesteren ordez hurrengo minutuan. Getafek nahi, baina ezin zuen, ez bi eta ez hiru aurrelariekin, baina Garmendiaren lesioa heldu da eta jokalari bat gutxiagorekin bost minutuko luzapena etorri ere eta hasi bezain pronto Albinen urrutiko jaurtiketa… zutoinera joan dena… eta taldearen lan eskerga atea itxita mantentzeko (Real Madril liderrari bezala 28 sartu digute eta gutxien hartu duenak 26 darama) eta poza… lasaitasuna eskura dagoelako, ez dago egina, baina talde honen eraginkortasuna etxean ere somatzen hasia da. Hiru garaipen jarraian, jaitsierako postuak zazpi puntura eta beste bederatzi talde tartean. Bazen garaia lasaiago behintzat bizitzeko, baina azken bultzada eman behar ea Huelvatik bertatik iristen den.