Athletic Club - Real Racing Club de Santander
Jardunaldia 37
Liga

Athletic Club - Real Racing Club de Santander

Athletic Club
Athletic Club
00
Real Racing Club de Santander
Real Racing Club de Santander

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 0-Racingek 0: Golik gabeko agurra San Mamesen

Athletic Clubek husnako berdinketarekin eman dio amaiera denboraldiko etxeko partidei. Laugarren zero eta zero da…

Athletic Club

Athletic Clubek husnako berdinketarekin eman dio amaiera denboraldiko etxeko partidei. Laugarren zero eta zero da honako hau eta hauetatik hiru izan dira etxean. Athleticek oraindik mantentzen ditu aukerak Intertotorako sailkapena eskuratzeko, gauzatzea zaila den arren. Horretarako Deportivok etxean galdu beharko luke Vila-realen aurka eta gure taldeak Sevillan irabazi. Azken jardunaldian gertatuko beharko, baina gertatuko dena edozer izanda ere, batez ere azken bi denboraldiotako sofrikarioa kontuan hartuta, berri pozgarria da zerbait interesgarri jokoan izatea eta horrela ulertu dute zaleek ere, Athletic etengabe animatuz eta txalo andana eskainiz amaieran. Gure taldea da Lehen Mailan, oraingoz behintzat, gol gutxien jaso duen bigarren taldea, Real Madril txapeldunaren atzetik eta datu horrek zeozer esan beharko du.

Oraindik jardunaldi bat falta da azken laburpena egiteko eta norgehiagoka horretan ezin izango dute jokatu Susaetak eta Del Hornok bosgarren txartel hori bana ikusi eta gero eta ezta Yeste ere, txartel gorria erakutsi bait dio epaileak partidaren ondarrean etengabe protesta egiteagatik. Beste aukera bat gure lantaldearen luzeera frogatzeko.

Eta agur esateko San Mamesen partida erakargarria, UEFArako txartelaren bila borrokan dabilen Racing bisitari genuelako eta Koparen oroitzapena eta bertan jasotako ongi etorriak tarteko , irabazteko gogoak zeudelako. Aitzitik, kantabriarrek jakin bazekiten puntu bakarrarekin euren eskutan mantentzen zutela aukera guztiak eta abantaila azken jardunaldiari begira eta zentzazioa areagotu egin da lehia aurrera joan ahala, Mallorcaren orduko emaitza txarra zela eta. Gauzak horrela gero eta atzerago kokatu dituzte lerroak eta zurigorrien ahalegin guztiak, batez ere lehen zatikoak, antzuak izan dira.

Orekatua oso izan da partida hasierako minutuetan. Aukera gitxi, borroka asko eta nagusitasun argirik gabe. Apurka apurka Athleticek erritmo altua ezarri du, ekimena hartu eta hainbat aukera sortu ditu. Llorentek gora jaurti du areaz kanpotik 20. minutuan, Garmendiak buruz errematatu du Toñoren eskueta 22. minutuan eta ia jarraian Susaetak jokaldi oso ona egin du baina ezkerrez eginiko jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Hogeita bederatzigarren minutuan Gurpegik ez du gutxigatik errematatu korner bat eta minutu batzuk beranduago Llorenteri eginiko penaltia eskatu zaio epaileari. Hala zirudien, baina lehia zuzentzen zuena kontrakoa adierazi du. Hortik aurrera Velasco jaunak protagonismo gero eta handiagoa hartu du lehian eta faltak nonahi seinalatu ditu, harmailetan haserrealdi ugari sortuz. Azkenik Athletic Clubek beste bi penalti eskatu dio, Garmendiari eginiko bat lehen zatian eta Oriolek baloia eskuz kontrolatzeagatik beste bat bigarren zatian. Bisitariek ere 78. minutuan gauza bera eskatu diote korner batean zurigorriek bere errematatzaile bat heldu dutela argudiatuz. Azkenik ez du ezer ez adierazi, baina kezkagarriena da, beste batzutan esan dugun legez, Llorenterekiko epaileek duten ala gutxienez hartzen ari diren jarrera, oso zaila baita aldeko faltarik txistukatzea, iruindar aurrelariak duen gorputz handia aitzakitzat hartuz edo.
Bigarren zatian talde biek meritu handiak egin dituzte markagailuan golik ez izateko. Epaileari eginiko protestak zein eskakizunak eta aldaketak izan dira daturik aipagarrienak, abaguneak urriak izan direlako eta erritmoa motelagoa. Esaterako Athleticek asko bultzatu du, saiatu da, batez ere eskuin hegaletik, baina Muñozek 70. minutuan falta baten ostean egin duen areaz kanpoko jaurtiketa izan da aipagarriena eta Racingen aldetik Jorge Lopezek lekutara egin duen jaurtiketa, penalti puntuaren inguruan aukera gehiago zeukala ematen zuenenean.

Zergatik gertatu den hori? Racingek atzerapausoa eman duelako eta gero eta irmoago agertu delako azken lerroan. Athleticen aldiz, gero eta argitasun gutxiago ikusi da, nahiz eta hiru aldaketak egin Caparrosek. Lehendabizikoa behartuta, Iraola lesionatu denean Muñoz irten da eta. Ez zen lehendabiziko asmoa, baina Luis Prietok gainkarga izan du Iraola ordezkatzeko beroketa ariketak egiten ari zela. Muñoz kokatu da zelai erdian eta Gurpegi eskuin hegalean, hor ere dena ematen. Adurizek Garmendiaren lekua hartu du 74. minutuan, baina taldeak ez zeukan behar bezalako freskotasuna baloiak gora baldintza onenetan garraiatzeko. Azkenik Yeste sartu da Javi Martinezen ordez norgehiagoka amaitzeko bost minutu falta zirela, tamales nahikoak txartel gorria ikusteko.
Racingek, aldiz, Tchite sartu du Smolareken ordez 51. minutuan eta Sergio Sanchez Munitisen ordez, zelai erdia indartzeko asmotan. Ez dute arriskatu eta puntu garrantzitsua eraman dute. Athleticek gehiago merezi izan du lehen zatian eta erabat zuzena izan da puntu banaketa bigarren zatia ikusita. Hala eta guztiz ere, gure zaleek taldea txalotu dute, eta aurtengo ibilbide lasaia, zortzigarren postuan kasurik onenean eta hamaikagarren postuan txarrenean. Finean, itxaropentsuak izateko arrazoiak sustraiturik daude eta hori asko da nondik etortzen garen ikusita.