Athletic Club - Hércules CF
Final hamaseirenak
Kopa

Athletic Club - Hércules CF

Athletic Club
Athletic Club
20
Hércules CF
Hércules CF
  • 73' David López
  • 89' Aduriz (p.)

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2-Herculesek 0: Garaipena eta hurrengo kanporaketari begira

Athletic Club Kopako final zortzirenetako zozketan egongo da urtarrilaren 4an, ezuste handiegirik egon ezean, Lehen…

Athletic Club

Athletic Club Kopako final zortzirenetako zozketan egongo da urtarrilaren 4an, ezuste handiegirik egon ezean, Lehen Mailako arerioa eskainiko diguna. Hamaseirenetakoan Hercules hartu du mendean bigarren zatian David Lopezek eta Adurizek lortutako goleei esker. Bigarren garaipena San Mamesen denboraldi honetan eta, bitxia bada ere, husna edo banako berdinketa balio zuen egunean heldu da.

Dena den ongi etorriak dira garaipen guztiak, kanporaketa ezusterik gabe gainditzeaz gainera, taldeak bere indarrengan sinismena handitzeko balio dute eta. Oraingo honetan Athletic nagusi izan da partida osoan eta soilik trebetasun faltak ate aurrean atzeratu egin du behar eta espero zen amaiera.

Hasierako hamaikakoan Del Horno, Murillo eta Garmendiaren nobedadeak aurkeztu ditu gure taldeak, gainerako partaideak ohikoagoak ziren eta. Joaneko emaitza kontuan hartuta, ekimena laga dio Athleticek Hercules taldeari baina ez zegoen eroso Goikoetxeak zuzentzen duen taldea eta soilik estrategia jokaldietan arriskua sortzeko nolabaiteko gaitasuna erakusten zuten Alacantekoek. Kostatu zaie arrisku hori gauzatzea, 27 minutu hain zuzen ere, baina susto galanta eman dute, Cesarrek txilenaz langara bidali baitu baloi soltea korner baten aldaratzean. Hori gertatu baino lehen nahikoa egin du Athleticek markagailuan aurrea hartzeko, baina Adurizek gora bidali du Gabilondoren erdiraketa 8. minutuan; Adurizek berak, atzelari baten laguntzaz, zutoinera jaurti du 10. minutuan; hasierako hamaikakoan debuta egiten zuen Garmendiak behartuta jaurti du Del Hornoren erdiraketa 16. minutuan; eta atzelari batek urrundu du Del Hornoren errematea 20. minutuan. Lehen zatian ere, Garmendiak jokaldi politari amaiera eman dio, baina Unai Albak ederto urrundu du jaurtiketa 36. minutuan. Athletic nagusi zen, ia aukera guztiak sortu ditu, baina lehen zatia ia ordua eskatzen amaitu du estrategiako jokaldietan asko estutzen baitzuen Herculesek.

Mamuak uxatzeko asmoz edo, bigarren zatiaren hasiera zuzenagoa egin du Athleticek, husnako berdinketarekin edozein hankasartzek drama-itxura hartuko zuelakoan. Gorago presionatu dute zurigorriek, baina lehen zatian baino zertxobait hobeto binakatu, hirunakatu eta batzutan ere launakatu den arren, azken metroetan punteria eza agertu berriro be. Adibideak adibide, 47. minutuan Adurizen erdiraketa errematatu Gabilondok buruz langara; 51. minutuan kontraerasoari amaiera ematea Gabilondori egokitu zaio, baina azken erdiraketan ez du asmatu, 54. minutuan Adurizek errematatu du buruz kanpora eta gauza bere egiteko prest zenean bultzatu dute arean hurrengo minutuan. Antzeko jokaldian epaileak penaltia seinalatu du azken uneotan. Gauza batengatik ala bestearengatik gola ez zen iristen eta Llorentek Garmendia ordezkatu du gurean Ariel TMT Camararen tokia hartzen zuen bitartean. Honez gero galduta zeukan zelai erdia Herculesek eta horrela segitu du partida amaitu arte. Talde biek beste mugimendu bat egin dute: Murillok bere tokia utzi dio Muñozi eta Sendoak Ismaeli.

Partida une erabakiorretan sartzen ari zen eta kontraeraso bat mozteko falta egin dio Cesarrek Muñozi. Maisuki jaurti du David Lopezek angelutik eta kanporaketa erabaki du 72. minutuan. Ostean Javi Gonzalezek ordezkatu du Farinos eta berehala aukera izan du Aranzubiari eskuetatik ihes egin dion baloiarekin. Amorebietak atera du ate azpitik eta horize izan da abagune bakarra bigarren zatian… Beno, hori eta epailearen bizkarrean jo duen Aranzubiaren sakea.

Norgehiagokaren azken txanpan aldapaz behera jokatu du Athleticek, baloia ondo gorde du eta korner jaurtiketa batean atzetik bultzatu dute Del Horno eta Adurizek bi eta zerokoa ezarri du 89. minutuan. Guzti hau berdintzea balio zuen egunean eta, garaipenaren ondoren, zozketa dugu zain.