Athletic Club - Real Racing Club de Santander
Final laurdenak
Kopa

Athletic Club - Real Racing Club de Santander

Athletic Club
Athletic Club
33
Real Racing Club de Santander
Real Racing Club de Santander
  • 18' Amorebieta
  • 25' Muñoz, Iñaki (p.)
  • 55' Susaeta
  • Duscher 53'
  • Tchité 72'
  • Serrano 92'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 3-Racingek 3: Ikutu eta gero… ihes egin

Athletic Clubek ezin izan du Kopako final laurdenetako kanporaketa gainditu Racingen aurka hiruna egin ondoren….

Athletic Club

Athletic Clubek ezin izan du Kopako final laurdenetako kanporaketa gainditu Racingen aurka hiruna egin ondoren. Amorebietak, Muñozek penaltiz eta Susaetak egin dituzten gure taldearen golak eta Duscherrek, Tchitek eta Serranok bisitarienak.

Aurreko kanporaketan esan genuen legez, Kopak horrelako gorabeherak ditu, gaurkoan argi geratu denez. Giro bikaina harmailetan, berriro era hamarrekoa jendea sasi guztien gainetik, emozioa, golak… Oraingo honetan Athleticek ikutu ditu finalerdiak hatz puntarekin, baina harrapatzeko moduan zirela ihes egin digute, norberaren hankasartzeengatik eta, gaurkoan tamalez ere bai, epailearen lan eskasagatik, zerbait esatearren. Betiko eztabaida pizten da: zer zetorren lehen eta zer gero? Non hasi da dena? Zein izan da benetako gakoa?

Giro beroko gauean buru hotza behar zelakoan geunden eta horrela irten dira zurigorriak, gora joateko asmoarekin, baina burua galdu barik. Ia atera jaurti gabe kanporaketa berdinduta ikusi dugu. Azkenik, bazen garaia, etekina atera dio gure taldeak falta jaurtiketa bati eta hamazazpigarren minutuan Amorebietak ederto errematatu du buruz Yesteren erdiraketa bikaina. Racingek nabaritu du kolpea.

Aurrekoa gutxi balitz bezala, Llorente sartu da arean eta zangotrabatu egin dute 24. minutuan. Penalti garbia. Muñozek sartu du Colcorti engainatuz, baina guretzako errezegia zen. Epaileak ezetz esan du, berriro jaurti beharko zuela. Berriro Muñozek jaurti eta berriro atezaina engainatu. Bi eta zero eta oraindik 65 minutu jokatzeke.

Minutu txarrak igaro ditu Racingek, baina Athleticek ez du Kopako izpiritua bere osotasunean interpretatu eta bizirik utzi du arerioa, zain geratu da nolabait, batez ere azken txanpan Racingek bizitza emango zion gola bilatzeko aukera emanez. Halaz ere, bakarrik Colsak 31. boleaz kanpora bidali duen boleaz hitz egin daiteke atsedenaldira iritsi baino lehen. Gainera Lopez lesionatu egin da 36. minutuan eta Pablo Alvarez sartu da, aurrekoaren errendimendua hobetuz. Aldageletan geratu da gero Luis Fernandez eta Ayozek bete du bere tokia. Bestalde ikusita, beste bigarren zati oso bat zain zegoela pentsa daiteke ere.

Partida berria zen eta beharbada horregatik bigarren zatiari dudamudan ekin dio Athleticek ala Racingek min den lekuan ziztatu digu, auskalo, baina kantabriarrek min gehiago egin dute: Pablo Alvarezek gora jaurti du 48. minutuan eta buruz errematatu du 52. minutuan Aranzubiaren eskuetara. Aurreikusten zena heldu den arte. Erdiraketa egin dute arearantz, Serranok bakarrik kontrolatu du bigarren zutoinean eta atzera egin duen pasea ederto eta bakar bakarrik errematatu du Duscherrek 53. minutuan.

Kopan geunden eta dena aldapaz gora ipini den arren, Athleticek bihotza atera du eta 55. minutuan Llorenteren zartakoa Coltortik desbideratu du eta erne zegoen Susaetak barrura bidali du. Hiru eta bat eta kanporaketa gol batera. Partida zoratu da zentzu guztietan. Tchitek errematatu du buruz Aranzubiaren eskuetara eta Gabilondok lana eman dio Coltortiri. Ordu erdi jokatzeke oraindik eta talde biek aldaketa egin dute. Gurean Aduriz Ramosen ordez eta Racingen Smolarek Boladoren ordez. Poloniarrak irten eta berehala buruz errematatu du gora eta Athleticen txandan erabakiorra izan den jokaldia ikusi eta amorruz bizi ahal izan dugu. Gabilondo Coltortiren metro gutxitara kontrolatzera zihoan baloi loratua eta Pinillosi bakarrik falta zaio bere gainean ipintzea. Penalti argia eta garbia. Zalantzarik izan ez duena epailea izan da. Txarrerako jakina. Bera zen aste honetako igandean bertan Murtzian penalti askozaz zalantzagarriagoa seinalatu zuena, atzelariari txartel gorria erakutsiz, baina ez dakigu zenolako lege ez idatzia ei dago bi penalti alde seinalatzea debekatzen duena. Egunen batean ezagutuko dugulakoan gaude. Epailearen lanaren harira Marcelino entrenatzaileak jarri du umorezko zertzelada prentsa aretoan, negar egiteko izango ez balitz, prentsarrekoan esan duenean haren ustez epailearen lana berbera izan dela Santanderren eta Bilbon. Beno, baliteke arrazoia izatea… albo berbera joan delako bietan.

Atsedenaldian batek baino gehiagok galdetzen zuen ea behingoz zorterik edukiko genukenik. Ba ez. Beste behin izan beharko. Zazpi minutu beranduago Murphyren legea gorpuztu da epailearen larruan: Expositok argi eta garbi kendu dio baloia Tchiteri atzetik etorriz area ingurua eta Aranzubiari laga dio baloia oinez urrun zezan. Une horretan epaileak falta seinalatu dio Ociori. Nola izango den falta ez dela ezta telebistaren irudietan sartu. Zoritxarrez falta bat gehiago ez da izan. Lehen zatian Yestek egin duen bezala, ondo atera du Colsak eta aterantz jaurti beharrean erdiratu du, Navasek buruz sartu du baloia area txikira eta bertan Tchite, lasai asko, barrura bidali du eta baloiarekin batera lurperatu dira Athleticen ilusioak.

Garmendia Expositoren ordez eta David Lopez Gabilondoren ordez irten dira zelaira, baina alferrik izan da. Beste bi penalti eskatu dira harmailetatik, horiexek bai zalantzagarriak eta Racing sartu da atzean eta kontraerasoan lasai jokatu du azken minutuak. Luzapenean Serranok egin du berdinketa, baina kanporaketa erabakita zegoen jada… Santanderren galdu zen arren. Gainerako kanporaketetan bezala, etxetik at galdu zuten taldeak geratu dira Kopatik at. Hurrengoan izan beharko, baina gaurko giro eta gogoekin errazago helduko dira garaipenak.