Athletic Club VS Getafe 2008-9-28 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
05. Jardunaldia

Athletic Club0 : 1Getafe

Casquero86'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
28/09/2008
Ordua
17:00
Data eta ordua
2008-9-28 - 17:00

Athletic Clubek 0-Getafek 1: Joku bikaina, emaitza kaxkarra

Athletic Clubek 0-1 galdu Getaferen aurka. Casquerok egin du partidaren gol bakarra 86. minutuan. Ezin…

2008ko ira. 28a

Athletic Clubek 0-1 galdu Getaferen aurka. Casquerok egin du partidaren gol bakarra 86. minutuan.


Ezin izan du gure taldeak astea borobildu, eta ez da izan gogo edota joku faltagatik. Azken finean ate aurrean asmatzea falta zaio soilik Athletici eta gaur egungo futbolean pekatu larria da hori.

Zurigorriek Ligako partidarik onena egin dute eta talde sendoa izateaz gainera, baloia ederto mugitzeko gaitasuna dutela erakutsi dute, erregulartasuna ere erakutsiz. Halaz ere, hainbestetan esan dugun bezala, eraginkortasunak ematen ditu puntuak eta gaurkoa ez da egunik eraginkorrena izan. Eta ez da aukera faltagatik izango.

Hamaika abagune izan du Athletic Clubek, gure hizkuntzan hamaikaren esangurak kantitatearekin duen loturari erreparatuz. Valladoliden aurka gertatu zen moduan, lehendabiziko uneak gogorrak izan dira eta minutuak aurrera joan ahala erritmoa eta joku maila gero eta altuago ipini dituzte zurigorriek eta baloia erraz mugitu dute aurreko partidekin alderatuz eraberriturik agertu den hamaikakoarekin. Orbaiz eta Gabilondo hasieratik zelairatu dira eta Yeste euskarrian kokatu du Caparrosek.

Getafe saiatzen zen, Soldadok hamabigarren minutuan egin duen bezala, baina ekimena zurigorria zen inolako ezbairik gabe eta behin hasiz gero, Jacobo bihurtu da bisitarien heroia. Hasteko Yesteren falta jaurtiketarekin egin du topo, kornerrera desbideratuz ia gura barik. Ordu erdia pasa eta gero benetako uholdea izan du atzean Getafek, baina bizirik atera dira.

Llorenteren burukadak ihes egin dio Jacobori eta epaileak ondorengo mele baliogabetu egin du. Jarraian Iraolaren pase bikaina atezaina gainditu du, baina botea altuegia izan da Ion Velezentzat. Bi minutu beranduago Ion Velezen burukada Jacobok desbideratu du, ia konturatu barik osterabe, eta Ibrahim Kasek atepetik urrundu du. Hurrengo jokaldian Velezek berak buruz laga dio Llorenteri, baina atezain bat gurutzatu da Llorente barrura bultzatzeko prest zenean. Berrogeita hirugarren minutuan Ion Velezek atezaina gainditu du eta angelu gutxirekin egin duen jaurtiketa kornerrera bidali du atzelari batek eta minutu berean Llorenteren burukada harrapatu du Jacobok.

Atsedenaldira, amaieran bezala, txalo artean abiatu dira gure jokalariak eta bigarren zatia ildo beretik joan da. Irten eta berehala Ion Velezen banan banakoa izan du, baina Jacobok kornerrera desbideratu du hankekin, epaileak kornerra seinalatu ez duen arren.

Casquerok urrutitik mehatzatu egin du 50. minutuan kanpora jaurtiz. Tamalez amaierakoa okerragoa izan da. Victor Muñozek zeozer egin behar zuen zurigorrien dinamikarekin amaitzeko eta Guerron atera da Gavilanen ordez, hegalak horrela aldatuz. Gurean partidako ordubetea bete gabe Del Olmo sartu da Gabilondoren ordez. David Lopezek faltaz Jacobori lana eman dio eta atezainak, gurata oraingoan, baloi zaila atera du. Tarte horretan orekatuagoa zegoen partida eta Iraizozek erantzun bikaina eman die bi minututan Soldadori (Amorebieta elastikotik heldu dio areara sartu baino lehen, baina ezin izan du errematea ekiditu) eta Albinen jaurtiketei (faltaz kasu honetan). Hirurogeita bigarren minutuan Ion Velezek sakoneko pasea hartu du, baina azken unean Mario gurutzatu da eta 67. minutuan Iraolak gainetik pasa dio baloia Manuri Getaferen arean zirela eta horrek eskuarekin moztu du. Laguntzailea pare parean zegoen, baina zer egingo diogu.

Bigarren aldaketa egin du Muñozek, Polanski Celestiniren ordez sartuz, baina horrek ez du ekiditu Athleticen erasoa. Jacobok beste geldiketa egin dio Ion Velezi eta Del Olmo nahastu egin da Jacoboren aurrean bakar bakarrik zela 70. minutuan. Hortik gutxira Yestek aldaketa eskatu du eta bere tokia Javi Martinezek bete du, Belenguer Ibrahim Kasekin egin duen bezala. Atzelari turkiarrak txartel horia zeukan, eztabaidagarria suertatu zen jokaldian, Lehen Mailan ehun partida betezen zuen Llorente zangotrabatzeagatik aterantz bakar bakarrik abiatzen zela. Zerrendari segituz Javi Martinezen burukada harrapatu du Jacobok eta Iñigo Velezek kamiseta zurigorriarekin debuta egin du Ion Velezen ordez.

Berdinketa emaitzarik lojikoena zirudien, batez ere Soldado ezkerretik eginiko erdiraketa errematatzera heldu ez denean, baina azken jokaldietan nekatuegi zirudien Casquerok izugarrizko gola egin du baloia angeluan jarriz eta, bide batez, Athleticen joku ona, baloiarekin harreman ezinobea eta ia partida osoko sendotasuna ezerezean utziz.

Victor Muñozek berak merezi gabe irabazi dutela onartu egin du eta ziur gaude Getaferen gaurkotasuna segitzen duten hedabide guztiek oso kritika zorrotzak egingo dizkiotela Getaferi. Bai zera!