Real Betis - Athletic Club
Jardunaldia 16
Liga

Real Betis - Athletic Club

Real Betis
Real Betis
01
Athletic Club
Athletic Club
  • J.Martínez 43'

KokapenaManuel Ruiz de Lopera , Sevilla

Betisek 0 Athletic Clubek 1

Athletic Clubek etxetik kanpoko lehen garaipena erdietsi du Ruiz de Lopera futbol zelaian Javi Martinezen…

Athletic Club

Athletic Clubek etxetik kanpoko lehen garaipena erdietsi du Ruiz de Lopera futbol zelaian Javi Martinezen golari esker, atsedenaldira iristeko minutu gutxi falta zirela buruz lortutakoa. Zurigorriek azken asteotako birtute guztiak erakutsi dituzte: oso sendo atzean eta eraginkorrak aurrean, batez ere estrategiako jokaldietan. Defentsako lana lehen bi aurrelarien lanean oinarriturik eraiki dute eta kontraerasoan min asko egin diote Betiseko atzeko lerroari.

Halaber, kontrako giroa gainditzeaz gainera, David Lopez eta Murilloren lesioak, biak lehen ordu laurdenean, gainditu dituzte. Arerioak oso aukera gutxi izan ditu, bi zehazki, bata Sergio Garcia, lehen zatian etxekoen bakarra, 32. minutuan eta bigarrena Pavoveneren hanketan egon da partidaren azken txanpan, baina Iraizozek ederto desbideratu du baloia. Azken finean, garaipen garrantzitsua jeitsiera postuak sei puntutara uzteko eta gero eta talde gehiago behetik uzteko.

Santanderreko errezetarekin abiatu da norgehiagoka. Lerro arteko zirrikituak ondo itxi eta baloi sakonak bidali Betisen atzeko gizonak sakabanaturik hartzeko. Gauzak horrela Javi Martinezek lehen abagunea izan du buruz laugarren minutuan, gertatuko zenaren aurrerapena nonbait. Andaluziarrek ezin zuten Athleticen armiarma sarea gainditu, baina gertakizun guztiak ez dira onak izan. David Lopezek bosgarren txartel horia ikusi du eta, gainera, zartadura sufritu du bere eskuin orkatilan. Zelaian segitzen saiatu bada ere, hamaikagarren minutuan Susaetak hartu du bere tokia.

Halaz ere, zorigaiztoko jokaldiak ez dira hor amaitu eta hogeigarren minutuan taldera itzultzen zen Murillok mina hartu du bere ezker belaunean baloi bat urruntzean. Xabi Etxeitak hartu du bere tokia eta eskuin lateralean jokatu du estrainekoz, eta Lehen Mailan gainera. Zurigorriek minuturik txarrenak pasatu dute, batez ere lerroak berregokitzea tokatu zaielako, baina azterketa hori ere gainditu dute, Betis nahi eta ezin baitzebilen.

Susaetak izan du hurrengo abagunea 26. minutuan, baina bere eskuinkada, boleaz, kanpora joan da. Jarraian, Llorentek lehen zatiko jokaldietan berari eta Velezi gertatu zaien bezalaxe, ez du asmatu azken erabakian eta etxekoek aukera bakarra izan dute, arestian aipatu dugun Sergio Garciarena, ezkerkada kanpora bidaliz.
Lehen zatiko azken txanpa zurigorria izan da, baloia mugitzeko gaitasun handiagoa erakutsiz. Gainera, gure taldeak psikologikotzat hartzen den gol horietako bar lortu du. Hasteko 42. minutuan Etxeitak txilenaz atezaina gainditu du, baina ez atepean zegoen atzelaria, baina hurrengo jokaldian Susaetaren erdiraketa onak Javi Martinezen erantzun bikaina aurkitu du, baloia buruz sareetara bidaliz. Kantabriar hiriburuan bezala, aurretik markagailuan eta partida kontrolpean.

Aldegeletatik bueltan bi aldaketa erasokor egin ditu Chaparrok: Pavone eta Xisco Juanma eta Juanderen tokian, Sergio Garcia, errekadu guztietarako jokalari bizkorra eta azkarra, punta erdian kokatuz. Xiscok berak buruz gora errematatu du 48. minutuan, baina Athletic Clubek ondo eutsi dio erasoari eta pixkaka berreskuratu ditu metroak. Chaparrok beste saiakera bat egin du, gauzak ez baitzuen argi ikusten eta Jose Mari zelairatu du Nelsonen ordez, harmailetatik txistukada jaso badu ere. Damia kokatu da eskuin lateralean eta Sergio Garcia bere aurretik. Alferrik ere.

Aitzitik, abagunerik garbienak zurigorriak izan dira. Esaterako 69. minutuan Ion Velezek Llorenteren pasea jaso du eta atezainaren aurrean kokatu, baina Castok eskuinkada kornerrera desbideratu du. Sakearen ostean Javi Martinezek eta Etxeitak ezin izan dute sareetara bultzatu Castori ihes egin dion baloia. Caparrosek, zelai honetan zale andana duena oraindik, Gabilondo sartu du Yesteren ordez 81. minutuan eta irten berriak bost minutu beranduago saiatu da areaz kanpotik, baina Castoren eskuetara. Denbora aurrera zihoala, Pavonek izan du aukerarik garbiena, eta ia bakarra, baina Iraizozek errematea kornerrera bidali du. Eta hor amaitu da lehia, Betisek ez baitzuen indar nahikorik eta gure taldeak partida ederto irakurtzen segitu duelako. Behar eta merezi zuen moduan.

Garaipenari esker lortu den sei puntuko koltxoiaz gain, Betis bera, Racing eta Almeria atzetik sartu ditu jada Athleticek eta asteko oporraldia lasaia izango da 2009an datozkigun erronkak konfiantzaz hartzeko taldearen oreka mantenduz gero. Lehendabizikoa Espanyol mendean hartzea izango da gora begira jartzeko asmoz.

Amaitzeko bitxikeri bat, negargarria izango ez balitz, epaileak bere aktan jasotzen duena: 78. minutuan bi zenbakidun epaile laguntzaileari itxita zegoen 500 cl-ko urez betetako botila jaurti zioten harmailetatik, baina jo gabe eta ezta inongo parte-hartzeleri ere.