- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2008-09
- Villarreal CF - Athletic Club
Villarreal CF - Athletic Club
- 68' Cazorla
- 92' Mati Fernández
KokapenaEl Madrigal , Vila-real
Vila-realek 2 Athletic Clubek 0
Vila-realek 2-0 irabazi dio Athletic Cluberi. Cazorlak eta Mati Fernandezek sartu dituzte etxekoen golak bigarren…
Vila-realek 2-0 irabazi dio Athletic Cluberi. Cazorlak eta Mati Fernandezek sartu dituzte etxekoen golak bigarren zatian. Gure taldeak partida dexente egin du, baina arerioa kontrolpean izatea ez da nahikoa izan eta detaile txikiek, Vila-realaren kalitatea barne, partida alde batera eraman dute. Okerrena da hurrengo partidari begira Amorebieta eta Susaeta baja izango dira, helegiterik eta osteko onarpenik tartean ez bada behintzat. Biharko emaitzei begira pasako da jardunaldia eta ostean ezin hutsik egin benetazko arazoetan ez sartzeko.
Pellegriniren mutilak ekimena eramateko prest irten dira eta horretarako jokalari bajuak, baina azkarrak eta toke handikoak zelairatu dira (Ibagaza, Cazorla, Rossi, Nihat…) atzetik ondo babesturik Eguren eta Sennarekin. Nahiz eta Nihat banan banakoa izan Iraizozekin zazpigarren minutuan, atzezainak ondo konpondu duena, zurigorriak ederto kokatu dira zelaian eta arriskuak sortzeari ere ekin diote. Susaetak lana eman dio Lopezi, segituan Rossik izan du abagunea baina nahiko txarto errematatu du eta hamahirugarren minutuan geldiketa bikaina egin dio Diego Lopezek Gabilondori eta lau minutu beranduago Toqueroren jaurtiketa biguna, Iraolaren pasearen ostean, arazorik gabe harrapatu du.
Hogeigarren minutuan jokoz kanpokoa adierazi diote Capdevilari eta, beraz, osteko gola baliogabetu du epaileak. Hori eta Godinen burukada kanpora, 32. minutuan, izan dira etxeko aukerarik garbienak lehen zatia. Balantze ona gure defentsari begira behinik behin. Gure aldetik Javi Martinezen jaurtiketa aipa dezakegu, baina Godinek bitan, lehendabizikoan nahita, baloia eskuarekin moztu du, baina jakintsuek idatziko ei dute epaileei buruz.
Bigarren zatian, aldiz, are nabarmenagoa izan da joera eta zurigorriak golaren bila irten dira. Aitzitik, Vila-realek jokaldi solteak aprobetxatu ditu arriskua sortzeko, nabarmena gainera, eta Rossik, baloia gehiegi loratuz zein Nihatek, kanpora jaurtiz, protagonista izan dira. Gurean Susaetak gutxigatik kanpora jaurti du ezkerrez ordubeterako, Garmendia Toquero ordezkatu eta berehala.
Etxekoen aulkian Llorente sartzea izan da erabakia eta Nihat aldageletara abiatu da. Egurenek bide hori hartzeko merituak egin ditu lehenago, baina epaileak deliberatu du txartel horia soilik zegokiola. Egurenek berak ordurarteko aukerarik garbiena izan du 66. minutuan, baina Iraizozen eskuetara jaurti du. Tamalez, bi minutu beranduago Garmendiak lapurtu egin du baloi bat Vila-realen zelaian, baina bere paseak ez du adiskiderik aurkitu Susaeta irrist egin duelako eta kontraerasoa erabakigarria izan da: ezkerretik hasi eta eskuinean amaitu eta hor Cazorlak ederto definitu du. Bat eta zero, hogei minutu aurretik, orain arte egindako lan guztia alferrik eta Vila-realarentzat aukera guztiak kontraerasora jokatzeko, horrek zekarren arrisku guztiarekin.
Esaterako Joseba Llorentek gurutzatuegi jaurti du 70. minutuan eta gure Llorentek abagune ezin hobea landu du, baina Diego Lopezek beste geldiketa bikaina egin du baloia kornerrera desbideratuz. Hil ala bizikoa zen lehia eta hori frogatzeko Rossik gaueko abagunea izan du hortik gutxira, baina bakar bakarrik zela ezin izan du Iraizoz gainditu baloia kanpora, langa gainetik, bidaliz. Hala eta guztiz ere, aukera ia guztiak amaitu dira minutu berean Susaetari bigarren txartel horia erakutsi diotenean. Gehiegizkoa, baina horrela daude gauzak eta ezin ezebez esan.
Minutu gutxi eta espazio gehiegi zaintzeko. Emaitza, lojikoena, Mati Fernandezek bigarrena egin baitu, Iraizozek Rossiren beste aukera bat zapuztu eta gero. Partida polita, epailearen lana primerakoa, jakina, eraginkortasun askozaz handiagoa Vila-realaren aldetik eta bi aste pilak kargatzeko, lan eskerga egiteke daukagu eta.