Real Sporting de Gijón - Athletic Club
Jardunaldia 3
Liga

Real Sporting de Gijón - Athletic Club

Real Sporting de Gijón
Real Sporting de Gijón
22
Athletic Club
Athletic Club
  • 14' De las Cuevas
  • 24' Sangoy
  • Gurpegi 29'
  • Llorente 58'

KokapenaEl Molinón , Gijón

Sportingek 2 Athletic Clubek 2

Athletic Clubek bina berdindu du Sportingen aurka El Molinonen. De las Cuevasek eta Sangoyk asturiarrak…

Athletic Club

Athletic Clubek bina berdindu du Sportingen aurka El Molinonen. De las Cuevasek eta Sangoyk asturiarrak aurretik ipini dituzte, baina Gurpegi eta Llorenteren golak erritmo handiko eta abagunez beteriko lehia berdindu dute, gure taldeak zertxobait gehiago merezi duen arren. Norgehiagokan Igor Martinezek bere debuta egin du. Lau puntu eta ia atsedenaldirik gabe, Mallorca asteartean datorkigu San Mamesera.

Ez aspertzeko moduko hasiera ezagutu dugu El Molinonen. Gure taldea partidaren bila irten da eta lehen minutuetako ausardia, edo beharbada eraginkortasun falta, garestiegi ordaindu du.
Hasteko, Igor Martinez debutaria ondo heldu da sakoneko pasera, baina erdiraketa ezin izan du Llorentek errematatu.
Jarraian Javi Martinezen burukada atzelari baten gorputzean jo du laugarren minutuan, baina etxekoak partidan sartu dira eta zazpigarrenean Sangoyren txilenari Iraizozek berebiziko erantzuna eman dio.
Tamalez, minutu batzuk beranduago, Iraizozi berari baloia harrapatzerakoan ihes egin dio eta oztoporik gabe De las Cuevasek bat eta zerokoa egin du. Bakarrik 13 minutu generamatzan.

Athleticek berehala erreakzionatu du eta 16garrenean Martinezek, Javi, baloia zutoinera eskuinez errematatu du Orbaizek pasea jaso ostean. Dena den, norgehiagoka jada badaezpadako neurri gutxikoa zen eta 22garren minutuan Sangoyk errezegi bizkarra hartu dio atzeko lerroari eta Iraizoz gainditu du bigarrena egiteko.
Bi kolpe gehiegi izan dira eta hainbat minututan Sportingek, hasieratik bezala, bere ezker hegaletik zuloa topatu du behin eta berriz, arriskua gauzatu ez den arren. Iraizozek Sangoyren falta jaurtiketa ukabilez urrundu du eta hortik aurrera, atsedenaldira arte, gure taldea nagusitu da. Athleticek ez du amorerik eman, baloia gehiago eduki eta landu du eta 28garren minutuan Gurpegik buruz, Igor Martinezen pasea errematatuz, aldea txikitu du.

Aurtenetxek txartel horia ikusi du 35garren minutuan, baina une horretan, eta partida amaitu arte, ez da arazorik izan, bere eginkizun nagusia baloiak Sportingen arearantz eramatea izan baita. Horrela egin du Athleticek, baina azken erdiraketa guztiak antzuak izan dira.

Bigarren zatiaren hasieran, nagusitasuna zurigorria izan da, baina lehen minutuetan arestian aipaturiko gabeziarekin. Gainera Amorebietak ere txartela ikusi du eta baita Gabilondo ere, baina horrek zelaia utzi du 53garren minutuan Susaeta sar zedin. Bitartean Javi Martinezen barnealdia eta batez ere Llorenteren banan banakoa atezainarekin, gutxigatik kornerrera joan dena, izan dira jokaldirik aipagarrienak. Ostean, gainera, Igor Martinezen burukada Juan Pablok harrapatu du.

Saria merezi zuen Athletic Clubek eta, azkenean, berdinketa 58garren minutuan heldu da Orbaizen korner jaurtiketa Llorentek buruz sareetara bidali duenean. Aurrelariari horrelako jokaldietan heldu ez dioten bakarrenetariko bat izan da.

Golarekin gure taldeak berdin segitu du eta ordubetean Susaetak aukera paregabea izan du, baina langa gainetik jaurtiz. Lehia oreketzeko asmnoz, Preciadok aldaketa egin du, Barralek Sangoy ordezkatu du 63. minutuan, eta gurean Ion Velez Igor Martinezen ordez zelairatu da.
Athleticek hiru puntuak nahi zituen, baina Sporting kontraerasoan arriskutsua zen. Esaterako Diego Castrok areaz kanpotik kanpora jaurti du 72garrenean. Jarraian Luis Moran Novoren ordez irten da eta Carmelo De las Cuevasen ordez.

Minutuak aurrera joan ahala, azken txanpan alegia, talde biek joku luzea hobetsi dute. Azpimarratzekotan Llorenteren aukera laurogeigarrenean, baina lekutara jaurti du eta 86garrenean Diego Castrok buruz kanpora errematatu duenean. Azken bost minutu jokatzeko Iturraspek Orbaiz ordezkatu du.

Etxekoak berdinketarekin lasaiago ziruditen, Athletic ez horrenbeste eta azken minutuan Martinezen burukada Juan Pablok harrapatu du. Indartsu eta gogotsu zelan, Athleticek jo eta ke segitu du eta are garbiagoa izan da luzapenean Susaetaren aukera, baina berriz ere Juan Pablo agertu da. Azkenean puntu on bat, batez ere erakutsitako grina eta erreakzio ahalmenarengatik. Ea datorren astean lana borobiltzen den.