RCD Espanyol - Athletic Club
Jardunaldia 34
Liga

RCD Espanyol - Athletic Club

RCD Espanyol
RCD Espanyol
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 35' Osvaldo
  • 76' Iván L.M.
  • Susaeta 43'

KokapenaCornellà-El Prat , Cornellà-El Prat

Europar txartelak itxoin beharko du

Espanyolek 2-Athletic Clubek 1Athletic Clubek 2-1 galdu egin du Espanyolen aurka. Osvaldok eta Ivan Alonsok…

Athletic Club

Espanyolek 2-Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 2-1 galdu egin du Espanyolen aurka. Osvaldok eta Ivan Alonsok egin dituzte etxekoen golak eta Susaetak, faltaz, gure taldearena. Partida ez da ona izan eta europar billetea hartzeko egunak itxoin egin beharko du, gure eskura segitzen duen arren. Lehen zatian zurigorriek ekimen gehiago izan dute, nahiz eta markagailuan Espanyol aurreratu den. Bigarrenean aldiz Espanyol hobeto irten da eta gauzak parekatu direnean bigarren gola heldu da eta atzo lehendabiziko aldiz berdez jantzi den taldeak ezin izan du egoera berriari bere burua behar bezala egokitu. Liga amaitzeko lau jardunaldi falta direla, zurigorriek helburua betetzen segitzen dute, hau da, europar postuetan egotea, kasu honetan zazpigarrenean, bosgarren eta seigarrenetik puntu batera. Atzetik Espanyol bera segika datorkigu eta abantaila hiru puntukoa da eta baita gol alde orokorra.

Partida hasi baino ordu eta erdi lehenago asteko zalantza argitu da eta Athletic Llorenterik gabe zelairatu da. Espanyolen aldiz, inolako ezusterik. Gure taldeak sendotasun osoz ekin dio partidari, ekimena eramanez eta zelai erdian nagusitasuna erakutsiz. Halaz ere, lehendabiziko gol aukera Espanyolek izan du, baina Iraizozek jokoz kanpoko posizioaz baliatu den Osvaldoren jaurtiketa desbideratu du 13. minutuan.

Horren ondorioz Espanyol berpiztu da eta Iraizozek berak kornerrera ondo desbideratu du Marquezen zartakoa. Hamazazpigarren minutua zen eta Espanyolek, espero zen bezala, gure atzeko lerroaren bizkarra behin eta berriz bilatzen zuen.

Caparrosek zuzenketa txiki bat egin du eta bi gizon atzeko lerroaren aurretik ipini du, Gurpegi zertxobait bere kokapena mugituz, Iturraspe Toqueroren atzetik utziz. Lehia orekatu da. Espanyolek ia bere atean sartu du eta ondorengo kornerrean Kamenik gaiztotu den Castilloren jaurtiketa harrapatzea lortu du. Hogeita hamargarren minutua zen eta gutxien espero zenean bat eta zerokoa heldu da. Aldaratze bi osteko baloia soltea geratu da arean, jokoz kanpo zegoen Osvaldorengana heldu da eta honek ezkerrez barrura bidali du, zutoinean jo eta gero.

Erreakzioanatzen saiatu da Athletic, baina etekina ez da heldu 44garren minutura arte. Susaetak faltaz banakoa ezarri du. Maisuki jaurti du hesiaren kanpoaldetik Kameniren geldiketa saiakera gaindituz. Atsedenaldiaren atarikoetan giroa nahastu da eta horrek eragina izan du bigarren zatian. Iraizozek penaltia egin dio Ivan Alonsori, biak baloi galdu baten bila zihoazela, baina epaileak ez du ikusi, jokoz kanpokoan gertatu zaion bezala.

Bigarren zatian Llorenterekin jokatu dugu. Iturrasperen tokian zelairatu da, etxekoen jarraitzaileek lehen unetik euren haserrea agertzen zuten bitartean. Eta epaileak igarri egin du, eta epailearekin batera, gure taldeak ere etxekoen presioa igarri egin du eta Espanyolek bere buruarengan hasi du sinesten. Aitzitik, Iraizozek ez du nozitu penaltiaren jokaldiaren zama eta geldiketak egiteari ekin dio. Lehen ukabilez erdiraketa arriskutsua urrundu du, gurean aldaketa berri bat ikusi dugun bitartean.

Orbaiz zelaira sartu da Toqueroren ordez. Susaeta bigarren punta bezala kokatu da eta Gurpegiren burukada bat Kamenik harrapatu du. Dena den ekimenak etxekoena izaten segitu du eta Iraizozek izugarrizko geldiketa egin behar izan dio, kasu honetan Amati area txikian, 61garren minutuan eta ostean beste bat egin dio Osvaldori. Ustaritz Muniainen ordez berdeguneratu da eta aspaldiko partez zurigorriek bosteko lerroa osatu dute.

Lasaitasun gehiago eskuratu da, baina goian min egiteko ahalmen gutxiago. Nahi eta nahi ez, edonork gogora ekar zezakeen berdinketaren onuraz, Espanyolarekiko distantzia mantenduz jardunaldi bat gutxiagorekin. Pochettinok aldaketa bikoitza egin du 75garrenean, Rui Fonte eta Isaias, Marquez eta Luis Garciaren ordez sartu dira eta aldaketen alde ona edo txarra frogatzeko astirik gabe, Ivan Alonsoren gola heldu da. Osvaldok eskuinaldetik erdiratu du eta baloia ate aurretik pasa ondoren Ivan Alonsok gertutik barrura bidali du.

Ordu laurden bat aurretik eta berdinketa lortzen saiatzeko Iraola eta Martinez gorago kokatu dira. Halaz ere, Gurpegi izan da jokalaririk arriskutsuena, lehen areaz kanpoko zartakoa Kamenik kornerrera desbideratu dio eta korner jaurtiketaren ondorioz Gurpegik eta Castillok buruz berdintzeko aukera izan dute. Alferrikako lana izan da, ideiarik eta indarrik ez zeudelako eta, gure gabeziak nahiko ez balira, epailea bigarren zati osoa etxezulo bilakatu da batez ere Llorente tartean zenean.

Sasi guztien gainetik, aukerak bizirik dirau eta gure esku dago. Ez dezagun ahaztu helburua europar lehiaketarako txartela eskuratzea zela eta dela, gurean helburuak aldatzeko joera baitago, beti ere, lortzen dena edo lor daitekeena gutxiesteko dagoen arriskuarekin. Bitartean, Levante datorkigu larunbatean San Mamesera.