Athletic Club - Rayo Vallecano
Jardunaldia 31
Liga

Athletic Club - Rayo Vallecano

Athletic Club
Athletic Club
31
Rayo Vallecano
Rayo Vallecano
  • 58' (p.),94' O. Sancet
  • 80' Nico Williams
  • Pathé I. Ciss 37'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

47.584 pertsona

Sancetek eta Nicok orbitan jarri dute Athletic

Oihanen bikoteak, LaLigako 5.000. gola barne, eta Williams txikiak eskuadrara botatako ezkerkadak Rayori buelta eman diote, Valverderen mutilek Europako abantaila handitu duten partidan

Egun aproposan heldu da emaitzari buelta ematea. Atsedenaldira 0-1 joan ondoren Rayo Vallecanoren aurka egindako 3-1eko emaitzari esker, Athletic Clubek sei puntuko aldea mantendu du Villarreal CFrekiko eta bederatzi punturaino handitu du Real Betisekiko aldea, printzipioz Txapeldunen Ligan sartzeko. Sancet, bikote batekin, historian sartu da, lehoien Ligako 5.000. golaren egilea izateagatik. Amaiera bikaina izan da, baina lehen Nico Williamsek eskuadrara bota du bere ezkerkada, Galarretarekin laburrez jokatuta korner baten ondorioz. 

Ez zen erraza izan Rayo Vallecano gainditzea. Talde hau zirt edo zarteko jarreraz zelairatu da eta lehen minutuan Pedro Diazen aukerarekin abisatu du. Djaló, berdegunera gogotsu itzuli da, eta hasierako sustoak eman dizkio Batallari, baina lehen aukera argia Unai Gomezena izan da, atzelari batek arriskua aldenduta. Guruzetak ere abisua eman du, burukada bat kanpora bidalita.

Orduan iritsi da Valverderen mutilei partida zaila jarri dien jokaldia: Vivianek VARak ikusitako penaltia egin dio Alvaro Garciari, aurrelariak lehenago jaurti badu ere. Simonek Pedro Diazen jaurtiketa asmatu du, baina aldaratzean Pathé Cissek baloia barrura bota du.

Atsedenaldiaren ostean, erasora guztiarekin joateko unea heldu da San Mamesen. Athleticek, Maroan eta Sancet zelaian zirela, berdinketa izan du Djaloren jaurtiketa gurutzatu batean, baina berdinketa penaltiz etorri da, Espinok Maroani kamisetatik heldu baitio. Oihanek maisutasunez sartu du. Rayoren mailua izan zen joaneko partidan bi golekin eta beste pare bat sartu du orain ere San Mamesen.

Jauregizar funtsezkoa izan da bere indarrarekin erreakzioan, eta Iñaki Williamsi erdiraketa erabakigarria egin dio, ekintza hori gakoa izan delarik. Kornerretik 2-1ekoa atera da. Nicok eta Galarretak Rayo galduta harrapatu dute sake labur batekin eta Williamsen txikienak zeruko ezkerkada bidali du eskuadrara.

Maroanek eta Jauregizarrek partida hiltzeko aukera izan dute, baina hau Sannadiren kontraeraso batean iritsi da, eta Sancetek denboraldiko hamaseigarren gola sartu du, hamabosgarrena LaLigan. Oroimenerako eskuinkada zoragarria, 5.000. gola. Alde txarrena izan da Iñaki Williamsek ezin izan duela partida bukatu arazo fisiko batzuengatik. Rangers ostegunean dago zain, eta Athletic eta San Mames, eskutik helduta, oso kementsu daude.