Athletic Club - Rangers FC
1/4 (Itzulerakoa)
UEFA Europa League

Athletic Club - Rangers FC

Athletic Club
Athletic Club
20
Rangers FC
Rangers FC
  • 49' (p.) O. Sancet
  • 80' Nico Williams

KokapenaSan Mamés , Bilbo

52.114 pertsona

Ametsa gero eta gertuago: Athletic finalaurrekoetan da

Rangers FC nagusitasunez mendean hartu du, Sancet eta Nico Williamsen golei esker

Athletic Clubek bere ibilbide geldiezinarekin jarraitzen du Europa Leaguen. Lehoiak nagusitasunez sailkatu dira finalaurrekoetarako, Rangers FC 2-0 mendean hartuta, Sancet eta Nico Williamsen golei esker. Biek ere gola sartu zituzten Rayoren aurka. San Mames ikusgarri batek, ikusleen errekorra barne (52.114), lehoiak hasieratik bultzatu ditu garaipeneraino, eta Glasgowko taldeari ez diote atsedenik eman. Europan lortzen duten hirugarren finalaurrekoa da bere historian, ametsa hurbiltzen ari da. Manchester United ahalguztiduna izango da aurkaria.

Zuri-gorriak hobeak izan dira goitik behera. Hasieratik ekin diote lanari, eta batez ere, Maroanek asko lagundu dio taldeari. Sancetek kolore guztietako aukerak izan ditu, batzuk eskoziarren defentsan topo egin dute eta beste bat Oihanek gora bidali du Barakaldoko jokalari ohiak ondo utzi dion baloia. Maroanek berak ere aukera argia izan du, De Marcosen jokaldi bikain baten ondoren. Albokoak errezitaldi taktiko bat eskaini du Susaetarekin Europako partiden errekorra berdindu duen egunean.

Rangersen berririk ez da egon, besteak beste, Lekuek Cernyri egindako markaketa bikainagatik. Erasoan ere erabakigarria izan da lehen goleko jokaldian: Maroanengana baloia bidali du eta gasteiztarrak Souttarren penaltia behartu du. Sancetek, jaurtiketa gogor batez, Kelly engainatuz, 1-0ekoa egin du.

Zailena, Barry Fergusonen jokalarien atea zulatzea, lortua zen. Rangersek aurrera egin behar izan du berdinketaren bila, eta susto galanta eman du Raskinek zutoinera bota duenean. Jaurtiketa hori eta Julenek Cernyri ondo gelditutako ezkerkada pozoitsua izan dira bere aukera bakarrak. Baina markagailuak gol erabakigarria behar zuen eta 80. minutuan heldu da: De Marcosen urrezko erdiraketa Nico Williamsen burura joan da bigarrena egiteko. 

Ospakizuna besterik ez zen gelditzen. Lehoiak neka-neka eginda joan dira dutxara eta jakin gabe nor izango ote zen maiatzaren 1ean San Mamesen hasiko den finalaurrekoaren aurkaria, Manchester United ala Olympique Lyonnais. Azkenik, ingelesak izango dira, luzapenean 2-4ko emaitza iraultzeko gai izan direlako. Gainditzeko oso talde arriskutsua, zalantzarik gabe. Hori beste istorio eder bat izango da.