Athletic Club - RCD Mallorca
Jardunaldia 8
Liga

Athletic Club - RCD Mallorca

Athletic Club
Athletic Club
21
RCD Mallorca
RCD Mallorca
  • 9' (p.) Williams
  • 82' Rego
  • Samu 77'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

47.098 pertsona

Athletic garaipenera itzuli da San Mamesen

Williams kapitainak penaltiz zabaldu du markagailua Mallorcaren aurka, eta Rego golegile gisa estreinatu da Samu Costaren berdinketa hausteko

Athletic Clubek garaipena lortu du Mallorcaren aurka (2-1). Lehen zatian, jokoa kontrolpean izan du eta gol gehiago sartzeko aukerak izan ditu. Iñaki Williamsek penaltiz egin du 1-0ekoa, eta bigarren zati ez hain argian, Mallorcak berdindu egin du ordura arte izandako aukera bakarrean, Samu Costaren ‘ezinezko’ gol baten ondorioz, baina geroago Regok bere lehen gola egin du lehoi gisa Katedralari garaipena eskaintzeko.

Neurketa hasi aurretik, San Mames osoa zutik jarri da Honey Thaljieh Athleticen 125. urteurreneko enbaxadorea, Euskal Herriko errefuxiatu palestinarren taldea eta UNRWAko ordezkariak txalotzeko “Athletic Palestinaren alde. Stop genozidioa” lemapean.

Lehen zatian bakarrik kolore zuri-gorriak ikusi dira. Athletic zurrunbilo bat bezala zelairatu da eta lau gol aukera jarraian izan ditu lehen bost minutuetan: Vivianek, Williamsek birritan eta beste biak Roberto Navarrok eta Guruzetak. Bosgarrenean Iñaki baloia errematatzen saiatu da, eta Martin Valjentek bere oinean jo du. Penaltia adierazi du epaileak VARen ikusi ondoren, eta Iñaki Williamsek berak barrura sartu du bederatzigarren minutuan. Ospakizun berezia: baloia kamiseta azpian eta muxu bat.

Etxekoek baloia kontrolpean izaten jarraitu dute, eta aukera gehiago heldu dira Nico Serranoren eta Robert Navarro bikainaren bitartez. Hamabosgarren minutuan, Serrano bigarrena egiteko zorian egon da Leo Romanen aurrean, Iñaki Williamsen pase ederra jaso ondoren. Bost minutu geroago, Guruzeta Yuriren erdiraketa handi batera gutxigatik ez da heldu, eta jokaldi berean Serranoren jaurtiketak atzelari batean jo du kornerrera bidaliz. Athletic atsedenaldira emaitza laburrarekin heldu dela esan daiteke.

Bigarren zatia Iñaki Williamsen albiste txarrarrekin hasi da. Izan ere, 50. minutuan ziztada bat sentitu du hankan eta aldaketa eskatu du. Ondorioz, Nico anaiak berriro jokatu du lesioa gaindituta. Gainera, Mallorcak jokoaren bizitasuna areagotu du bigarren zatiko lehen minutuetan Unai Simon gehiegi kezkatu gabe, eta euren jokaldirik arriskutsuenetan jokoz kanpo egon dira. Maroan eta Rego izan dira zelairatu diren hurrengoak, Guruzeta eta Serranoren ordez. Bere jokaldi arriskutsuenetan kanpoko jokalariak jokoz kanpo egon dira. Partidaren erritmoak behera egin du, baina Samuel Costak, arriskurik ez zuela zirudien jokaldi batean, baloi loratua ateraino bidali du hegaletik, Unai Simonentzat gelditzeko ezinezkoa. Hortaz, Mallorcaren berdinketa izan da, 75. minutuan, ordurarte ikusitakoari justiziarik egin ez badio ere.

Azken minutuetan, Izeta eta Lekue zelaian izan direla, Rego agertu da. 81. minutuan, Aresoren barneraldi batean Regori utzi dio atzerako pasean garaipenaren gola lortzeko. Bilbotarraren lehen gola izan da lehoi gisa, Athleticek irabaztea merezi izan duen neurketan.