Athletic Club - Getafe CF
Jardunaldia 10
Liga

Athletic Club - Getafe CF

Athletic Club
Athletic Club
40
Getafe CF
Getafe CF
  • 17' Berenguer
  • 35' Williams
  • 70' Paredes
  • 88' Yuri

KokapenaSan Mamés, Bilbo

44.160 pertsona

Omenaldirik onena gol askoren bitartez

Athleticek geldikako jokaldietan gozatu ederra hartu du, Guruzetari eta Klubean 50 urte daramatzaten bazkideei omenaldia egin dien egunean, Getafe goitik behera menderatuz, protagonista nagusia Berenguer izan delarik

Zaleei eta lesionatuta dagoen Gorka Guruzetari omenaldi bikaina egiteko modurik onena gol-kopuru handia lortzea izan da. Athletic Clubek 4-0 menderatu du Getafe CF San Mamesen, geldikako jokaldietan maisutasuna erakutsi duen neurketan; izan ere, hiru gol jokaldi mota horietatik iritsi dira. Berenguerrek, falta zuzen baten bidez lehen gola sartu ondoren, beste hirurak eman ditu: Iñaki Williamsentzat, Paredesentzat eta Yuri Berchicherentzat. Arratsalde ia biribila izan da: Beñat Prados eta Vivian itzuli dira, Nico Williams hasierako hamaikakoan ere itzuli da eta Imga eta Vizcay jokalariek debuta egin dute. Galarretaren giharretako lesioak soilik lausotu du neurketa bikaina.

Athleticek San Mamesera itzultzea funtsezko partida baten moduan hartu du, beti aurkari gogorra den Bordalasek zuzendutako taldearen aurka. Terratsen jokaldi batean Simonek baloia harrapatu du, baina, hortik aurrera, Terzicen taldeak aukera bakarra ere ez du ia eskaini. Nico Williams gertu egon da gola sartzetik, jaurtiketa gurutzatu batekin, eta falta bat eragin ondoren, Berenguerrek 1-0ekoa ezarri du. Maroan lehen zutoinera joatean, Soria atezaina nahastu egin du jokaldi horretan.

Talde zuri-gorria oso sendo aritu da, erdiko atzelarien zaintza-lan bikainari esker. Galarretaren ordez Gerenabarrena zelairatu da, eta hark baloi erabakigarri bat lapurtu du, Berenguerri pasea emanez. Alexek pase luzea egin dio Iñaki Williamsi, garai bateko kontraeraso ikusgarriak gogorarazten dituen jokaldian. Atezainaren aurrean bakarrik geratu da eta baloia behetik bidalita gainditu du.

Bigarren zatiaren hasiera zuri-gorrientzat zalantzazkoa izan ondoren, Imgak debutatu du, txalo zaparrada artean zelaitik atera den Nico Williamsen ordez. Handik gutxira, 3-0ekoa iritsi da: Berenguerren korner batean, Paredesek buruz errematatu du baloia sareetara bidaltzeko.

Azken gola falta zen festa borobiltzeko. Mario Martinek txartel gorria ikusi du, Gerenabarrenari egindako sarrera gogorragatik. Berenguerrek motzean eman dio baloia Yuriri, eta azken honen ezkerkada, zehatza eta indartsua, sare barrura joan da.

Handik une batzuk lehenago, Prados zelaira itzuli da, emozioak azalean zituela, eta beste debutaria, Vizcay, ere jokalekura sartu da. Erabateko zoriontasuna.