RC Deportivo - Athletic Club
Jardunaldia 37
Liga

RC Deportivo - Athletic Club

RC Deportivo
RC Deportivo
12
Athletic Club
Athletic Club
  • 20' Arizmendi
  • Casas 70'
  • Orbaiz (p.) 88'

KokapenaRiazor , A Coruña

Deportivok 1-Athletic Clubek 2: Erabateko lasaitasuna

Athletic Clubek bere burua arriskutik at dauka jadanik A Coruñako Deportivo 1-2 mendean hartu ostean…

Athletic Club

Athletic Clubek bere burua arriskutik at dauka jadanik A Coruñako Deportivo 1-2 mendean hartu ostean eta helburu xumea badirudi ere, izugarrizko lorpena balitz bezala ospatu da sendi zurigorrian eta ez da gutxiagorako.

Azkenik, sufrimenduari stop esan dio taldeak. Atsedenaldian panorama iluna bazen ere Arizmendik 18. minutuan egin duen gola zela eta, bigarren zatian Casasek buruz 70. minutuan eta Orbaizek penaltiz 87. minutuan lasaitasunaren garaipena ahalbideratu dute eta 1995-1996 denboraldiko sufrimendua, promozioaren atarian azken jardunaldian, ekiditu ere. Ia denboraldi osoa generamatzan irratiari so, gure emaitzak nahikoak ez zirenean besteen porrotetan murgildurik eta, aldiz, emaitzak onak zirenean besteen garaipenekin etengabeko kalkuluak egiten.

Atzokoa izan da azken hitzordua beste zelaiekin, aurtengo denboraldikoa behinik behin, eta egia esan oso jardunaldi luzea bihurtu da larunbatean hasiera izan zuelako. Hastapenean emaitza onak, gaurko atsedenaldietara arte kaxkarrak, hobeagoak gero eta apur bat kezkagarriak amaieran. Laburpena: jardunaldia jokatu baino lehen hiru puntuak ziren beharrezko salbazio matematikoa eskuratzeko. Soilik gure partida jokatzeke zegoela, puntu bakarra zen nahikoa Lehen Mailan jarraitzeko azken jardunaldia jokatu gabe. Aurrerapausoa beraz, baina Zaragozaren aurka gertatu zitzaigun lez, arriskurik nagusiena gure buruan zein hanketan egon bazegoen.

Eta horrela gertatu da hasieratik. Atletico Madril edota Betisen aurka erabili zen hamaikako bera ez zen gai partidari eusteko, etxekoek, Deportivo kasu honetan, uste baino min gutxiago egiten zuen arren. Ez ei zuen behar, nahikoa izan baita 18. minutuan Tristanek harrapatu duen baloi soltea areako marran. Jaurti, Lafuentek urrundu, baina aldaratzea Arizmendik hartu eta goitik barrura bidali. Horiek izan dira unerik txarrenak, zaleentzat eta, noski, taldearentzat ere, nahiz eta Athletic Clubek lehen zatiko “abagune” biak ia jarrian sortu. Orbaizek ez du ezustean Molina harrapatu 22. minutuan eta Yesteren eskuinkada loratua gutxigatik joan da kanpora 26. minutuan. Gainerako minutuetan etsipena eta nolabaiteko ezintasuna erakutsi du Athletic Clubek eta patxada Deportivok.

Atsedenaldian Amorebietak bere lekua laga dio Etxeberriari eta taldeak 4-4-2koa hartu du bosteko defentsaren ordez. Partida orekatu da. Athletc Clubek baloi jabetza hartu du, galiziarrak kontraerasoak egiten saiatzen ziren bitartean, oso eskas ere. Dena den, aukerak falta ziren eta horrela oso zaila edo ia ezinezkoa zen berdintzea, atzoko helburua eta, bide batez, denboraldikoa.

Caparrosek berpiztu nahi izan du bere taldea, Ivan Carril Yagoren ordez eta Xisco Tristanen ordez sartuz, baina alferrik. Aitzitik, gure taldearen ahaleginak eman du fruitua. Casasek buruz bakar bakarrik errematatu du Yesteren korner jaurtiketa. Matematiken eskutik Lehen Mailan, aspaldiko partez sailkapenean horrela ipintzen bazuen ere. Ia automatikoki Tiko sartu da Urzaizen ordez eta Deporren Gallardo zelairatu da Manuel Pabloren ordez.

Etxekoen erantzuna motela izan da eta espero zen bezala Athletic atzerantz eman du pausoa. Tentsioak eragiten duen sufrimenduaren erdian baloi jabetza berreskuratzen joan da Athletic eta gaua borobiltzeko, laguntzaileak ikusi du beste batzuetan ikusten ez dutena, atzelari baten eskua baloia mozteko Yesteren falta jaurtiketan. Penaltia, Orbaizek gauzatu duena Molinaren erresistentzia gandituz eta mamu guztiekin amaitu da. Ivan Carrilen azken saiakera alferrikakoa izan da, Athletic Clubek ez zuen itxaron nahi, ez zuen itxaron behar eta ez zuen itxoitea merezi.

Amaitu da sufrimendua eta lasaitasunetik etorkizunari baikortasunez begiratzeko garaia heldu da, bazen une aproposa baita ere zaleei egin dutena beste behin eskertzeko. Itzela, izugarria, mundiala eta beharrezkoa, ia funtsezkoa izan da gaur eta denboraldi osoan Athletic Cluben zaleen portaera Gasteizen taldearen zain zeuden zaleen presentziak berresten duen moduan.

Jardunaldi bat falta da… baina gure bihotz zurigorriek ohiko taupadei eutsiko diete. Helburua, lortuta.