Athletic Club - FC Barcelona
Jardunaldia 38
Liga

Athletic Club - FC Barcelona

Athletic Club
Athletic Club
31
FC Barcelona
FC Barcelona
  • 57' Iraola
  • 80' Felipe
  • 82' Oleguer (b.a)
  • Eto'o 35'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 3-Bartzelonak 1: Garaipena amaitzeko

Athletic Clubek 3-1 menderatu du FC Bartzelona 2005-2006 Liga amaitzeko eta nolabaiteko oparia eskaini die…

Athletic Club

Athletic Clubek 3-1 menderatu du FC Bartzelona 2005-2006 Liga amaitzeko eta nolabaiteko oparia eskaini die zaleei sailkapenari begira garrantzirik ez zeukan partidan. Azkenik, hamabigarren postuan amaitu du ibilbidea gure taldeak, 45 punturekin.

Eto’ok lehen zatian aurreratu ditu kataluniarrak eta bigarrenean Iraolak, Felipek eta Oleguerrek bere atean eman diote buelta markagailuari. Golak eta aukerak egon dira kontu gutxiz jokatu den deman. Gure jokalariek denboraldiari amaiera ona eman nahi zioten eta bisitarien aldetik Eto’ok Pichichi saria lor zezan egin beharreko guztia egiteko asmoa zeukaten. Abaguneak ate batetik bestera joan dira. Jorquerak bi aldiz parte hartu du laugarren minuturako Murillo eta Iraolaren jaurtiketak harrapatzeko, baina Maxik arrisku garbia sortu du lehendabiziz 13. minutuan Lafuente gainditu eta gero, Prietok bere jaurtiketa zutoineraino desbiratzea lortu badu ere. Minutu bat beranduago bere itzulian txistuak jaso dituen Ezquerrok eman dio lana Lafuenteri eta partidako ordu laurdenean kanpora jaurti du Urzaizek. Hamazazpigarrenean Eto’ok eduki du Pichichi saria eskura, baina Lafuentek desbideratu du hankaz. Hamazortzigarrenean Tikok gora jaurti du gutxigatik, 19. minutuan balizko penaltia egin dio Mottak Urzaizi eta 26. minutuan Urzaizek berak gora errematatu du buruz.

Joan etorri guztien artean Eto’ok bere helburua erdietsi du 35. minutuan. Kontrol eskasa egin du areaz kanpo, baina baloia taldekide batengana joan da eta bere hanketara itzuli hortik gutxira. Aurrelariaren trebeziak eta Ustaritzen irristaketak egin dute falta zena. Ate aurrean erraz gainditu du Lafuente. Tikok 40. minutuan Jorqueraren egoera frogatu badu ere, Liga zein Championseko txapelduna abantailarekin erretiratu da atsedenaldira.

Bigarren zatiaren koloreak zuria eta gorria izan dira blaugranek duten kalitatea erakutsi duten arren. Hasteko Urzaizen bolea 50. minutuan Jorquerak ikusi du kanpora gutxigatik abiatu dela. Gero Murilloren lesioa erabakigarria suertatuko zen Feliperi lekua uzteko eta 56. minutuan Iraolaren gola heldu da berdinketa ezartzeko. Lacruzek ondo erdiratu du eskuinetik, baloia solte geratu da area ertzean eta Iraola ez da urduri jarri baloia kokatzean. Gola sartu eta berehala Tikok eta Llorentek euren lekua utzi diete Guerrero eta Etxeberriari. Rijkaardek harrobikoei eman die txanda hasieratik eta baita aldaketetan ere. Lehendabizikoan Pituk Giuly ordezkatu du 62. minutuan eta azken laurdenean Martos Orlandiren ordez sartu da eta Ramon Ludovicen ordez.

Eta bapatean berpiztu da partida. Iraolak lehia alde ipintzeko aukera ezinobea izan du 63. minutuan, baina Jorquera gainditu ostean angelurik gabe geratu da. Prietok gora bidali buruz 71. minutuan eta Ezquerrok zailena egin du gola zirudien baloia kanpora bidaliz. Dena den, Felipek behar zuen eta gurean hasi zen postuan, hots, erdiko euskarrian, aritu da eta gola lortu ere 80. minutuan areatik zetorren aldaratzea ezkerrez errematatuz. Eta jaia borobiltzeko Etxeberriak ezkerretik egin duen erdiraketa Oleguerrek sartu du bere atean. Halaz ere partida bideratu da, baina aukerak ez dira desagertu: Eto’ok erdiko zuloa aprobetxatu du Lafuenterekin banan banakoa jokatzeko eta atezainak desbideratu du 85.minutuan. Gauza bera egin du Jorquerak 87. minutuan Guerreroren falta jaurtiketarekin, Etxeberriak hurrengo jokaldian boleaz gora bidali duen bitartean.
Amaitzeko 3-1 eta pentsamendua jada datorren denboraldian dago jarrita.

Partidaren amaieran, hasieran eta atsedenaldiaren ostean gertatu den moduan, zaleek euren animo egoera isladatu dute. Euren artean milaka izan dira txistuka edota zapi zurien bitartez, palkoari begira, taldeak egin duen denboraldiaz bere desadostasuna agertu dutenak, duten eskubide osoaren eskutik.

Ildo honetan argi eta garbi dago aurtengo denboraldian arlo guztietan egin diren akatsak ez errepikatzeko ardura Athletic Club osatzen dugunon guztiona dela, bakoitzari berea, baina era berean esan daiteke kirol ibilbide traketsa dela medio lau urtetan behin Klubeko bazkideek aukeratzen dutena aldatzen saiatzea ez da inoiz izango bidea. Hauteskundeak sufragio unibertsalean oinarritzen dira eta 34.000 bazkide baino gehiagok dute bere boza emateko aukera eta hori mantentzea da eta izango da gure club handia bihurtzen duen beste ikurrenetariko bat. Tamalez, lehiaketa eta bere azken emaitza da, bazkideen bozken edota erabakien ondorioz kontrolatu ezin den alde bakarra.