Real Betis - Athletic Club
Jardunaldia 2
Liga

Real Betis - Athletic Club

Real Betis
Real Betis
30
Athletic Club
Athletic Club
  • 18' Juanito
  • 39' Edu
  • 82' Capi

KokapenaManuel Ruiz de Lopera , Sevilla

Betisek 3-Athletic Clubek 0: Gehiegizko zigorra

Gehiegizko zigorra jaso Athletic Clubek Betisen aurka 3-0 galduz. Juanitok, Eduk eta Capik sartu dituzte…

Athletic Club

Gehiegizko zigorra jaso Athletic Clubek Betisen aurka 3-0 galduz. Juanitok, Eduk eta Capik sartu dituzte andaluziarren golak. Zurigorriek ondo ekin diote neurketaria, baina aukerak aprobetxatu ez dutenez abagunea eman diote Betis taldeari eta Iruretaren jokalariek ederto gauzatu dituzte lehen zatian izandakoak partida maldan behera ipiniz.
Bigarren zatian nahi eta ezin aritu dira gure jokalariak eta Sarriugartek sartu dituen aldaketak ez dira nahiko izan partida orekatzeko. Lehen zatian gertatu den legez, lehendabiziko aukerak gureak izan dira bigarrenean, baina Betisek sartu du bere hirugarren gola, azken minutuak sofrikarioa bihurtuz, markagailua, beroa eta inpotentzia pilatu direlarik.

Partidaren hasiera lasaia izan da. Lehen uneotako baloi galerak alboratu dira eta baloia ikutzeari ekin dio Athletic Clubek. Gauzak horrela Gabilondok berebiziko aukera izan du Toniren aurrean hamabigarren minutuan, baina bere bolea altuegi harrapatu duenez gero ezin izan du langatik behera bidali eta baloia zuraren kontra jo du. Bide beretik segitu dute zurigorriek eta Toni Doblasek kornerrera desbideratu du 16. minutuan Yesteren jaurtiketa. Arriskurik ez Aranzubiarentzat, baina 18. minutuan zorigaiztoko jokaldia, errebotez josita bat eta zero bihurtu da Juanitok enegarren baloia soltea hala-nola sareetara bidali duenean, txarto jo baitu baloia. Saiatu, saiatu da Yeste falta 21. minutuan baina leher eginda geratu da Athletic Club eta Betisek bere unerik oneak izan ditu lehen zatiaren azken txanpan. Juanitok buruz 35. minutuan errematatu du Aranzubiaren eskuetara, Eduk bigarren gola egin du 39. minutuan Maldonadok eskuinaldetik egin duen jokaldi ona aprobetxatuz, hegal horretan zegoen hutsuneaz baliaturik. Azkenik, taldea jota zegoela, Maldonadoren jaurtiketa harrapatu du Aranzubiak 44. minutuan.

Zaila zen oso partida berdintzea, desabantailari hasieratik partidan sartuta egon den publikoa ere gehitu behar baizitzaion. Sarriugartek Amorebieta sartu du Casasen ordez eta Urzaiz Etxeberriaren tokian. Aduriz jarri da eskuinaldean eta Urzaiz erdian. Mugimendurik ez oraingoz Betisen. Bigarren zatia lehen zatiaren bide beretik abiatu da. Athleticek izan ditu estraineko aukerak: Murillok gora jaurti du 52. minutuan, 58. minutuan Adurizen burukada bikaina kornerrera desbideratu du Doblasek eta gauza bera egin du Tonik bi minutu beranduago Iraolaren falta jaurtiketarekin.

Ordurako Wagner debutaria zegoen zelaian Xiscoren ordez eta 61. minutuan Tiko sartu da Gabilondoren ordez. Arearen inguruan bazebilen Athletic, baina azken pasean ez zen argitasun gehigirik. Betis kontraerasoaren zain eta baloi galera batzuk arriskutsu bihurtu dira, esaterako 63. minutuan Riveraren pase sakona hartu du Maldonadok, baina Aranzubiak baloia urruntzea lortu du.
Itxaropena galduta zeukan Athletic Clubek eta lau minutu lehenago Maldonadoren ordez atera berria zen Capik ederto gauzatu du kontraerasoa 83. minutuan hirugarrena ezartzeko. Hortik amaiera, olatua bihurtu da partida, zelaian eta harmailetan. Gehiegizko zigorra azkenik, baina txikiago izanda ere, esku hutsik itzuliko ziren zurigorriak etxera.

Bi jardunaldi igaro dira eta denboraldi hasiera guztietan ohikoa den legez, ezinbestekoa da buru hotsa izatea. Lehen jardunaldian aukera gutxiagorekin puntu gehiago lortu bazen ere, oraingoan taldeak gehiago izan du baloia, arrisku gehiago egin du, baina ez du asmatu behar zen unean eta horixe ordaindu egiten da, oso zaila baita hain parekatua den lehiaketa honetan aldapaz gora aritzea eta are gehiago etxetik kanpo. Atletico Madril aurkari gogorra izango da ere, baina espero dezagun garaipen bideari behingoz atea irekitzea.

Amaitzeko, ohar bi. Bata baloibiltzailearena. Lotsagarria da oso Sevillako bi zelaietan gertatzen dena. Bertako “katxondeoa” oso ondo dago, baina neurriak hartu beharko lituzke hartu behar dituenak holako ikuskizunak ez errepikatzeko. Ez da nahikoa epailea 53. minutuan baloibiltzaileak zelaitik botatzeak, egin beharrekoa egina dute-eta. Bestea,
Gurpegirena. Zigortuta dago jokalaria eta halaz ere ez dute ahazten, Ruiz de Loperan behintzat. “Gurpegi enganxao” zioten. Honetan ere, neurriak eskatzen segituko dugu, zigortuta dagoen arren duintasuna duelako Carlosek.