Athletic Club - FC Barcelona
Jardunaldia 5
Liga

Athletic Club - FC Barcelona

Athletic Club
Athletic Club
13
FC Barcelona
FC Barcelona
  • 11' Yeste
  • Puyol 44'
  • Gudjohnsen 60'
  • Saviola 76'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Bartzelonak 3: Hamabiren aurka zaila da…

Athletic Clubek 1-3 galdu du Bartzelonaren aurka. Yestek egin du zurigorrien gola eta Ustaritzek bere…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-3 galdu du Bartzelonaren aurka. Yestek egin du zurigorrien gola eta Ustaritzek bere atean Puyolekin batera, Gudjohnsenek eta Saviolak bisitarienak.
Aste gogorra izan da oso azken hau: Fernando Lamikiz presidenteak bere dimisioa aurkeztu du Ohiko Batzar Nagusian, Ana Urkijo presidenteordeak ardura hartu beste hamaika kiderekin, hauteskundeak denboraldia amaieran egingo direla iragarri ere…

Arestian aipatzen dena gutxi bazen ere inork ez zuen espero epailea hortik agertzea. Jakin bazekien zaleriak, primera gainera, zaila zela oso Bartzelona ahalguztiduna mendean hartzea, baina ez zekiena zen hamabiren kontra izango zela partida. Gutxienez, kontsolamendua eskasa den arren, taldeak gehiago emateko gaitasuna duela eta grina eta borrokari jokua ere gehitu diezaiokela ikusi da San Mamesen, aspaldiko partez.

Partidaren hasiera borobila izan da: zaleak taldearekin bat, pasa den partidan ez bezala inoren inolako bigarren asmorik gabe, denak futbolari begira eta Athletic Clubek presio ona eta eraso azkarrak, erritmoarekin, erakutsi ditu. Gainera goiz heldu da gola, Yestek boleaz 11. minutuan bat eta zerokoa ezarri du. Asko kostatzen zitzaion Barçari eta Decoen jaurtiketa 13. minutuan izan da erantzun bakarra. Garmendia ere saiatu da buelta erdian eta Llorentek lan ederra egiten zuen Barçaren zentralen artean. Minutu hauetan epailea hasi da nabarmentzen, Puyolek eskua erabili baitu bere arean baloia mozteko baina Fernández Borbalan ez da ohartu eta ezta ere telebistako errealizadoreek.

Barça saiatzen zen gora joaten, baina zirrikiturik ez zuen aurkitzen. Kontraeraso batean epaileak erraztu dio bidea egungo txapeldunari: baloi luzearen bila joan dira Casas eta Gudjohnsen, aurrelaria erori da borrrokan eta epaileak txartel gorria erakutsi dio atzelariari. Falta zena! Baloia ez zeukan kontrolaturik, hegalerantza zihoan eta zurigorri bat bazegoen atzeratuago, gainera ez du laguntzailearekin kontsultarik egin, zertarako….. Lur eta zur utzi gaitu Fernández Borbalanek eta baita Barçako jokalariak harritu ere. Ronaldinhok berak esan dio Iraolari: jokaldi horretan partida apurtu du epaileak. Eta nola apurtu ere!

Bisitariek ezin protestarik egin. UNICEF daramate soinean, oso publizitate egokia, keinu bitxia diruz hornituta, baina puntuz edota erabakiz itzultzeko inolako klausularik ez duena, agerian behintzat. Ez du horrela pentsatu Bartzelonaren bigarren janzkeraren koloreak zeraman epaileak eta ez dutenei laguntzeko asmoz edo, bere bisita txartela utzi nahi izan du, baina zeharo tronpatu da. Ez zen Barçak laguntzak behar zituena Athletic Clubek baizik, bere bidea, bere jokuaren bila dabilela eta aste honetan ere batzordez batzorde ibili dena.

Expositok Llorente ordezkatu du eta Rikjaardekz du denborarik galdu 31. minutuan Giuly Edmilsonen ordez sartuz. Falta zena. Halaz ere, Ronaldinhok faltaz 33. minutuan eta Xavik areaz kanpotik 37 minutuan baino ez dute arriskurik sortu eta bazirudien atsedenaldira abantailaz joango zela Athletic . Zorterik ez ezta horretarako ere. Erdiraketa arrunt batean baloiak jo du Ustaritzen hankan eta barrura joan da lehen zatiko 47. minutuan

Zailago oraindik ere, zaila baita Barçaren aurka irabaztea normaltasunean, imagina dezagun zer den bi gutxiagorekin jokatzea. Bigarren zatian Marquezek aurrerapena egin du hasi eta berehala baina eskuinkadak zutoinaen aurka jo du. Hala nola eusten zion Athletic Clubek lehiari baina minutuak aurrera joan ahala gero eta gehiago nabaritzen zitzaion egin beharreko lan guztia. Barçak ikutu eta ikutu eta halako batean zuloa topatu Xavik eta Gudjohnsenek bigarrena lortu. Konponduezina zen jada egindako mina. Berehala sartu da Iniesta Decoren ordez eta Urzaiz Etxeberriaren ordez, Saviolak Gudjohnsen tokia eta Gabilondok Garmendiarena hartzen zuten bitartean. Aurrerantza jo du Athletic Clubek eta baita ordaindu ere, maisuki ari baitira katalunyarrak kontraerasoan. Ia ohitura den legez, Saviolak jokaldi borobilari eman dio amaiera lehiari. Athletic Clubek ez ditu besoak jaitsi, baina zaleria entregatuta izanda ere galduta ei zeukan partida 20. minututik.

Handia da Barça, oso, horregatik ez ditu mota honetako laguntzarik behar.
Gure mutilek, aldiz, bide onetik doazela erakutsi dute. Ezin dute hamabiren aurka borrokatu, baina bai zaleak ilusionatu eta hori asko da zelairantz soilik begiratu behar den testuinguru honetan.