Gimnàstic de Tarragona VS Athletic Club 2006-10-15 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
06. Jardunaldia

Gimnàstic de Tarragona2 : 3Athletic Club

Sarriegi54'(b.a.)
Makukula70'
Yeste10'(p.)
Iraola28'
Yeste50'
Laburpen bideoa
Estadioa
Nou Estadi
Herria
Tarragona
Data
15/10/2006
Ordua
17:00
Data eta ordua
2006-10-15 - 17:00

Gimnasticek 2 Athletic Clubek 3: Lehen garaipena

Athletic Clubek Liga honetako lehendabiziko garaipena eskuratu du Tarragonan (2-3) eta horri esker jaitsiera postuetatik…

2006ko urr. 15a

Athletic Clubek Liga honetako lehendabiziko garaipena eskuratu du Tarragonan (2-3) eta horri esker jaitsiera postuetatik alde egiteaz gainera, etorkizuna baikortasun eta lasaitasun gehiagoz begiratzeko aukera dago, hobetzeko tartea oraindik handia den arren, batez ere partidak kontrolatzeko orduan.
Yestek, penaltiz eta baloi loratuaz, eta Iraolak lortu dituzte gure taldearen golak. Gimnastirenak, aldiz, Sarriegik bere atean eta Makukulak buruz egin dituzte.
Hil ala bizikoa ez zen arren, norgehiagokak garrantzi handia eduki bazeukan eta zalantzak uxatzeko unerik egokiena zenez gero, zurigorriek ederto ekin diote norgehiagokari eta nagusitasunak, honetan bai, bere fruitua eman du. Sarriegik buruz sortu du lehen arriskualdia 8. minutuan eta berehala heldu da zero eta batekoa, penaltiz. Atzelari batek atezainaren lana egin du eta laguntzaileak epaileari behar legezko keinu eginez penaltiari ireki dio atea. Adurizek ez du jaurti, Bizzarrik soberan ezagutzen baitu bere jaurtitzeko era, Pucelan taldekideak izan ziren eta, eta Yesteri egokitu zaio txanda. Ondo jaurti eta barrura. Kapitainak berak aukera paregabea izan du partidako lehen ordu laurdenean, baina jaurti beharrean pasea bilatu du alferrik.

Etxekoak piztu dira, batez ere eskuin hegaletik Cuellar zurigorri ohiaren eskutik. Irurzunek lehen aukera izan du 16. minutuan, baina Lafuentek harrapatu du jaurtiketa. Caceres saiatu da buruz hogeigarren minutuan eta Irurzunek ez du behar zen moduan errematatu buruz 22. minutuan. Lehia osterabe orekatu zela heldu da Ruzen kanporaketa. Joan den astean ikusi genuena esaten bagenuen kontrako norabidean zela, oraingoan, aldekoa denean, gauza bera esan dezakegu inolako arazorik gabe: epailea zorroztasun gehiegiz epaitu du jokaldia Ruz atzelariari txartel gorria ateratzean 27. minutuan eta Athletic Clubek berehala handitu du aldea, 28. minutuan hain justu, Iraolak ezkerrez primeran aprobetxatu duenean Bizzarriren urrunketa Adurizen driblina ekiditu guran.

Nasticek ez du etsi eta Portillok Lafuente gainditu duen arren Prietok urrundu du baloia atepetik 30. minutuan. Lau minutu beranduago Gabilondo sartu da Garmendia zaurituaren ordez eta ia hurrengo jokaldian epailea aurrekoan fin ez, edo zorrotzegi, ibili dela txartel gorriarekin erakutsi du eta ez da ausartu Matellan aldageletara bidaltzen, aurekoarekin alderatuz askozaz garbiagoa eta asmo txarragoz egina izan baita bere ostikada Adurizi.

Atsedenaldia baino lehen, 40. minutuan, Gabilondok beste atal bat idatzi du zutoinekiko daraman harremanari buruz eta bere jaurtiketa eskuinez langararekin egin du topo. Halaber, Irurzunek txarto errematatu du buruz 44. minutuan.

Zailena zen egina, omen. Cesarrek Campano eta Merino sartu ditu Juan eta Irurtzunen ordez bigarren zatiari ekiteko, baina Athletic Clubekoa izan da lehen aukera, Adurizek gora 47. minutuan, eta jardunaldiko gola 50. minutuan: Yesterana ezkerrez areaz kanpotik baloia angeluraino loratuz Bizzarriren gainetik. Are errazago. Omen, zeren bost minutu beranduago arrisku gutxi zekarren baloia Lafuenteren sareetara desbiratu duelako Sarriegik. Ia segidan Orbaizek, lehen zatian ezker belauna bihurritu zaio eta, Iturriagari utzi dio lekua, horrek debuta egin zezan.

Saiatu da Nastic berpizten, baina hurrengo aukerak gure taldekoak izan dira. Yestek faltaz 60. minutuan eta Yesteren barneraldia errematerik gabekoa 62. minutuan. Luis Cesarren azken aukera Makukula zen eta 64. minutuan David Garcia ordezkatu du. Jokua zuzena bihurtu da eta gure taldeari buru hotsa eta baloiaren jabetza hobeto kudeatzea falta zaion bitartean Makukulak asmatu du buruz markagailua eta bihotz zurigorriak estutuz. “Soilik” 71. minutua zen. Bots beranduago Yeste ordezkatu du Llorentek eta kontraeraso batzutan egon da aukera partida akabatzeko, Llorentek 81. minutuan eduki duena bezala. Halaz ere, azken segundura arte gorritxoek bilatu dute berdinketa falta jaurtiketetan ea epailea konpentsazio legea aplikatzen zuen, baina ez da horrela gertatu eta puntuak, unerik egokienean, gurean daude jada. Ea bide onaren hasiera den.