Athletic Club - RC Celta
Jardunaldia 7
Liga

Athletic Club - RC Celta

Athletic Club
Athletic Club
01
RC Celta
RC Celta
  • Baiano 6'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 0-Celtak 1: Pinto gaindiezina

Ezin zulotik irten segitzen du Athletic Clubek Ligan Vigoko Celtaren aurka 0-1 galdu eta gero….

Athletic Club

Ezin zulotik irten segitzen du Athletic Clubek Ligan Vigoko Celtaren aurka 0-1 galdu eta gero. Baianok bosgarren minutuan egin duen gola, nahiz eta horretarako ia errematerik egin behar ez duen. Egiari zor, ahaleginak eta merezimenduak egin ditu gure taldeak punturik urratzeko, baina neurketako gola nolabait oparitu ostean Pintorekin egin du topo jokaldi askotan. Gauzak horrela aurreko etxeko partidekin alderatuz eta baldintza guztiak kontuan hartuta (lesioak, gustoko ez dugun hego haizea eta oraindik somatzen den urduritasuna zelaian eta harmailetan) maila askozaz altuagoa erakutsi du Athletic Clubek nahiz eta ate aurrean asmatu ez.

Fernando Vazquez galiziar taldearen entrenatzaileak prentsa aretoan esan duenez, Pintok atea ongi defendatu egin du bere taldeak gola sartu baino lehen eta askozaz hobeagoa izan da haren parte hartzea abantailaz ipini ondoren.

Gogotsu ekin dio Athletic Clubek 4-4-2koarekin Llorente eta Aduriz aurrelari peto petoak zirela. Azkenik Murillok eta Javi Martinezek osatu dute zelai erdia eta Exposito eta Casas izan dira berrikuntzak atzeko hegaletan.

Iraolak gehiegi loratu du baloia hirugarren minutuan eta bosgarrenean, Celtak nekez zelai erdia gainditzen zuela, falta baten ondorioz Prietok orraztu du baloia urrundu guran eta, bide batez, Sarriegiren ahalegin bera antzua bihurtuz. Baiano hortik sartzen zela izterra sartu du ia nahi gabe eta errebotearekin batera barrura bidali du baloia.

Athletic Clubek berehala erreakzionatu du: 13. minutuan Yestek faltaz jaurti du eta Pintoren lehen geldiketa aipagarria ikusi da eta 14. minutuan Iraolak eskuinez errematatu du arean, baina ez dio oinari behar bezalako birarik eman.

Hurrengoak izan dira unerik orekatuenak eta gehiegi kostatu zaio Athletic Cluberi espazioak aurkitzea arerioak denbora pasatzen uzten zuen bitartean, Neneri 23. minutuan gora joan zaion bolea alde batera utziz, ez baitu partida osoan tajuzko arriskurik sortu, baina Pintorekin kontatzen zuen eta atzo ez zen gutxi. Bigarren zatikoa nolabait aurreratu guran, bigarren geldiketa bikaina egin dio Yesteri lehen zatiko luzapenean, baita ere falta baten jaurkiketa zela medio.

Atsedenaldian Prietok, lesionaturik, bere lekua utzi dio Amorebietari eta berehala hasi dira zurigorrien aukerak. Hasteko Adurizek buruz kanpora errematatu du 49. minutuan, baina Celtak gure taldearen erasoei eusten zien, lasaitasun askoz batzuetan. Sarriugartek Urzaiz atera du Llorenterren ordez 56. minutuan eta talde are erasokorragoa bihurtzeko Etxeberria Expositoren ordez 70. minutuan, Iraola atzera pasatuz.

Hortik gutxira Etxeberriaren barnealdia ez du gutxigatik errematatu Urzaizek Pinto tartean sartu delako eta ostean Murilloren jaurtiketa desbideratu du Pintok. Hirurogei segundu beranduago Urzaizek gora errematatu du Adurizen pasea eta 79. minutuan Pintok gaueko geldiketa egin du Yesteren bolea desbideratuz berebiziko erreflejoak erakutsiz. Halaz ere, jo eta ke segitu dute etxekoek eta luzapenean Murilloren jaurtiketa eskuz lagundurik desbideratu du atzelari batek eta aldaratzea Etxeberriak errematatu du, baina Pintok kornerrera urrundu du beste behin baloia. Eta gauari amaiera biribila emoteko, Urzaizen burukadaren aurrean luzimendurako geldiketa egin du Pintok.

Eta Celtak? Aldaketa guztiak atzera begira egin du: Guayre Neneren ordez, Aspas Baianoren ordez eta Tamas Placenterren ordez, hau lesionaturik zirudienez. Berriro ere bere entrenatzaileak azaldu duen moduan, lanarekin, defentsarekin, ahaleginarekin irabazi du. Bide bat da askotan teoriaz behintzat errefusatzen dena, baina pasa den denboraldian gure taldeak Balaidosen egin zuen bezala, berdín balio duena.

Gurean kemena azken unerainokoa, sortu diren aukerak, batzuk falta jaurtiketetan beste batzuk jokaldietan, celtak egin duen arrisku gitxi ea partida osoan arriskuak hartu behar izan diren eta zaleen animoak, nahiz eta, dirudienez, nahiko merke suertatzen da San Mamesen etxeko jokalari batzuk txistukatzea eta horixe ez da inoiz ere seinale ona izan.

Ea asteazkenean Kopan etxeko lehendabiziko garaipenea iristen den, behar dugu eta.