Valencia CF - Athletic Club
Jardunaldia 10
Liga

Valencia CF - Athletic Club

Valencia CF
Valencia CF
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 43' Morientes
  • Llorente 90'

KokapenaMestalla , Valencia

Valentziak 1-Athletic Clubek 1: Lanari saria

Athletic Clubek banako berdinketa eskuratu du Valentzian, Morientesek lehen zatiaren amaieran eta Llorentek arauzko denbora…

Athletic Club

Athletic Clubek banako berdinketa eskuratu du Valentzian, Morientesek lehen zatiaren amaieran eta Llorentek arauzko denbora betetzear zela lortu dituzte neurketaren bi golak. Puntua baino haratago, Ligako onenen parean ibiltzeko gai dela erakutsi du berriro ere gure taldeak bere akats eta bere birtute guztiekin, Kopako kanporaketa ahaztuz eta nekeari muzin eginez.

Zelai zaila da Mestallarena eta orain dela hogei urte baino zertxobait gehiago Athletic Clubek garaipena bertan eskuratzen ez duela, baina estatistika estutzeko edo, azken urteotan berdinketa lortzen du behintzat. Atzokoan aspaldiko partez, estutasun gutxi sufritu du orain arte etxeko lau partidak irabazitan zeuzkan talde handiaren aurka eta lehen jardunaldtik etxean golik jasotzen ez zuena. Ez dakigu gutxi ala asko den, zaila baita futbolean horrelako parametroak erabiltzea, baina esan daiteke merezimenduz lortu den puntua dela.

Inork zalantzarik izanez gero Athleticen portaeraz, beste eginkizun bat bilatu behar izan du hasiera-hasieratik. Athleticena izan da ekimena eta Valentzia ez da eroso sentitu, asko kostatzen baizitzaion baloia mugitzea eta are gehiago aurrelariekin bat egitea. Bigarren minuturako abisatu du Athleticek, baina Gabilondok ez du gutxigatik errematatu eskuinetik zetorren erdiraketa. Bederatzigarren minutuan Adurizek baloia laga dio Urzaizi eta horrek kanpora bota du Cañizares aurreraturik harrapatu guran. Tamalez ez da Adurizekin egiteke zegoen balizko ormaz jabetu, adiskidea bakarrik sartzen zen eta. Gainera, 21. minutuan, aldiz, betiko kontua Urzaiz tartean dagoenean, bere tokitik mugitzea horren zaila denez nabarmena izan behar du bultzada penalti pitatzeko. Oraingo honetan David Navarrok”besarkatu” du, baina epaileak ez du ezer ez seinalatu. Bost minutu beranduago Urzaizek arean bertan laga dio baloia Gabilondori, baina bere jaurtiketak Cañizaresen gorputzarekin egin du topo. Eta etxekoak? Ordurarte Lafuentek Albiolek areaz kanpo egin duen jaurtiketa harrapatuta zeukan, baina lehen zatiko azken ordu laurdenean arrisku guztia egin dute eta, era berean, etekin guztia atera ere.

Hasteko Silvari Sarriegik egin duen penaltiaz ez da jabetu epailea 28. minutuan. Eskerrak, nahiz eta konsolamendu kaxkarra da pozik egotea lehenago aldekoa seinalatu ez duelako. Gainera, jokaldiren ondorioz piztu da Valentzia: 32. minutuan Morientesek errematatu du buruz, Lafuentek desbideratu eta Sarriegik, erne, kornerrera aldendu du baloia; 39. minutuan Villak gola egin du baina jokoz kanpo zegoen Silvak jaurti duenean eta 43. minutuan Morientesek eskuinez errematatu du sareetara Miguelen pase bat.

Psikologikotzat bataiatzen diren horietako bat zen jasotako gola, falta ei zitzaiona moralez ahul samar dabilen talde bati. Hala eta guztiz ere, ez da behera etorri taldea eta bigarren zatian Valentziarekin ia ezinezkoa den lanari ekin dio Athletic Clubek, hau da, atzean sartuta dagoen eta kontraerasorako dohai bereziak dituen taldeari min egiteari ekin diote gure jokalariek.

Lan eskerga egin dute atzean sartuta zegoen taldea gainditzeko eta, bide batez, Villa, Silva, Joaquin eta Morientes bezalako jokalariei aurre egiteko, eta gero Angulori. Joaquin kenduta denak Espainiako selekzioaren azken deialdian sartu dute. Eta lortu ere, lortu egin du gure Athleticek. Atzean sendo. Valentzia asko mugitu da area inguruan, baina ez du abagunerik sartu bigarren zati osoan. Aurrean, zailtasun gehiagoz, asko kostatzen baitzuen zelai erdia eta aurreko gizonen arteko lotura aurkitzea, goitik eta behetik. Gainera Sanchez Floresek egin dituen aldaketa guztiak bere taldeari sendotasun gehiago emateko izan dira: Angulo Joaquinen ordez, Hugo Viana Eduren ordez eta Baraja Villaren ordez.

Aurrean zaila zen oso zirrikiturik lortzea. Valentziak lehen zatiko ikasgaia kontuan hartu du eta atzerago kokatu da. Urzaizek, falta baten ondorioz errematatu du behartuta 60. minutuan, baina ez zen aukera garbirik sotzen. Etxeberria sartu da Adurizen ordez 73. minutuan hegaletik sakontasun gehiago lortzeko, 79. minutuan Gabilondok ez du hesia gainditu faltaz eta 80. minutuan Llorentek hartu du Expositoren lekua, Gabilondo ezker lateralean kokatu delarik.

Saiatu saiatu da taldea azken uneraino eta saria lortu ere, egin den lanari saria. Baloia orraztu du Urzaizek arearen marran, Etxeberriak gainditu du Cerraren presioa eta ederto erdiratu du Llorentek buruz berdinketa ezartzeko.

Puntu bat gehiago, nazioarteko jokalariak lerro guztietan daukan taldearen aurka, Liga irabazteko hautagaien artean kokatzen duten taldearen kontra. Puntu bat gehiago behetik ateratzen ez gaituena, baina horrelako emaitzak ondo datoz ea laster batean talde honek dituen mugak gainditzen dituen eta garaipenak eskuratzeko gai dela sinisten duen. Hor ere dago koxka.

Horretaz aparte, aipamena mereziko luke asteazkenetik larunbatera arte sortu den zurrunbiloa taldearen inguruan. Informazio Zientzien fakultatean egin beharreko tesi polita litzateke azken egunotan emititu, zabaldu eta idatzi dena arretaz entzun, irakurri edota ikustearekin. Gogorra da bai errealitateak titular on bat zapuztu ahal izatea, baina guztion artean, hots, Athleticeko partaide garenon eta gure egunerokotasunari buruz berriak zabaltzen dituztenen artean ardura beharko luke abiapuntua. Gure klubeko edozein atalean berriren bat balego, zabalduko litzateke. Berriak artifizialki sortzea da inor laguntzen ez duen detaile itsusia.

Prentsa aretoan

Felix Sarriugarte Athletic Clubeko entrenatzaileak zerau esan du: “Ekimena eramaten saiatu gara Valentzia bezalako talde handi baten aurka. Orain arte dena irabazita zeukan Valentziak eta egindako lanari esker merezi genuena jaso dugu”. Halaber emaitzaren balorea azpimarratu zuen moralari begira. Bere animo egoerari buruz galdetatu, zerau esan du: “Pertsonalki ez nuen emaitza hau behar, Athleticentzat onena gura dut soilik”.