RCD Espanyol - Athletic Club
Jardunaldia 11
Liga

RCD Espanyol - Athletic Club

RCD Espanyol
RCD Espanyol
32
Athletic Club
Athletic Club
  • 53'60' Tamudo
  • 93' Pandiani
  • Yeste (p.) 47'
  • Aduriz 66'

KokapenaLluis Companys , Barcelona

Espanyolek 3-Athletic Clubek 2: Azken unean

Athletic Clubek ezin izan du punturik urratu Lluis Companys stadiumean eta 3-2 galdu du Espanyolen…

Athletic Club

Athletic Clubek ezin izan du punturik urratu Lluis Companys stadiumean eta 3-2 galdu du Espanyolen aurka. Tamudok bitan eta Pandianik sartu dituzte etxekoen golak eta Yestek, penaltiz, eta Adurizek Athletic Clubekoak.

Valentzian gertatu zen bezala azken unean aldatu zen partidaren norabidea. Kasu bietan etxekoek uste zuten emaitza itxita zegoela, baina aldatu zen. Valentzian berdinketa heldu zen etxekoek irabazita zeukatela uste zutenean eta Bartzelonan Espanyolek ez zeukan fede handiegirik berdinketa hausteko, baina 94. minutuan Pandianik buruz hautsi du zurigorrien ametsa eta egoerak aurreko astean bezala segitzen du sailkapenean, hau da zail samar.

Partida lau zatitan bana eta laburbildu daiteke: (1) Lehen zatian joku hobeagoa egin du Espanyolek baina defentsako lana, aldiz, ondo Athletic Clubek. (2) Bigarren zatiaren hasieran indartsu atera da Athletic, aurretik ipini, baina errezegi utzi dio Espanyoli markagailua buelta ematen. (3) Zailena egin du Athleticek, hortik gutxira berdindu duenean eta (4) zurigorriak atzean sartu ez diren arren gola jaso dute azken unean.

Esan legez, aurrera jotzeko gaitasuna falta zaio Athletic Cluberi lehen zatian eta Kamenik 41. minutuan Adurizen jaurtiketa desbiratu duen arte, Yesterekin eginiko jokaldiaren ondorioz, bakarrik bitan jaurti du eta bitan gora Javi Martinez eta Orbaizen eskutik. Atzean ez du arazo gehigirik pasatu gura taldeak, baina gehinetan area inguruan ibili da Espanyol. Hamaikagarren minutuan Tamudo ez da gutxigatik heldu, 13. minutuan buruz errematatu du gora Tamudok berak, 27. minutuan Luis Garciak penaltia eskatu du zalantzazko jokaldian. Hainbestetan bere burua bota duenez gero, ez zuen ematen epailea penaltia seinalatzeko prestuegi zegoenik. Rieraren jaurtiketa, 38. minutuan, areaz kanpo eta Lafuentek urrundu duena, izan da jokaldirik arriskutsuena, 44. minutuan kanpora bota baitu Luis Garciak.

Bigarren zatiaren hasiera bestelakoa izan da. Yestek aukera ona izan du 46. minutuan eta berehala penaltia egin diote Adurizi. Yestek ondo jaurti eta barrura. Gol gutxi egiten zuten taldeen artean zailena omen zen. Baina gure taldeak zailena erraz bihurtzeko joera daukanez eta azken denboraldiotan gaurkoan arerioaren aulkian zegoen entrenatzailearekin ere gertatzen zenez, golak jaso eta sartzeko dinamikan sartu da. Tamalez, Espanyolek ahalegin gutxi behar izan du gauzak maldaz gora ipintzeko. Hasteko 54. minutuan Yestek oso ondo lapurtu dio baloia Rufeteri baina galdu du segidan eta zelai erditik egin duten erdiraketa Tamudoren hanketara heldu da, zorte pitin batez Ustaritzen gorputzean jo eta gero, eta aurrelariak lasai asko ezarri du berdinketa. Kolpe handia jaso du Athleticek eta 57. minutuan Adurizek jaurtiketa ona egin duen arren, Kamenik berriro urrundu duena, berehala sartu du Tamudok bere bigarren gola. Moisesek erdiratu du eskuinetik 61. minutuan eta Tamudok bakar bakarrik errematatu du buruz Sarriegik atzean labandu den bitartean.

Ia jokaldi berean Etxeberria sartu da Urzaizen ordez, aurrez aurretik prest zegoen aldaketa, eta Aduriz kokatu da erdian. Baloia gehiago jokatzeari ekin diote zurigorriek eta 68. minutuan ikutu askoko jokaldia burutu dute. Baloia ezkerraldera heldu da, hortik Gabilondok jaurti-erdiratu egin du, Kamenik motzean urrundu eta Adurizek denboraldiko bere igarren gola egin du. Zailena egina beraz, baina Athletic ez da atzean sartu, gure taldeak ez baitu trebetasun gehiegi erakusten bere ate inguruan sartzen denean. Beharbada horregatik Rieararen aukera heldu da talde guztia kanporantz zihoala 70. minutuan, nahiz eta gora jaurti duen.

Gora jo nahi zuen Athleticek, baina ez zuen azken pasean asmatzen. Espanyolen, aldiz, Coro sartu da Rufeteren ordez 76. minutuan eta Tamudok aukerarik garbiena izan du 83. minutuan, burukada kanpora joan zaion arren. Jarraian Pandianik ordezkatu du Luis Garcia eta Llorentek Aduriz, azken minutuetarako Iturriga Yesteren ordez sartu den bezala. Espanyol desagertu da gure area ingurutik eta berdinketa lojikoena zirudien, talde biek egindakoarengatik eta baita ere partidaren joerarengatik. Athleticek baloia zeukan Valverderen taldearen zelaian, baina luzapenaren azken unean eta falta baten ondorioz, zurigorriek ez dute behar bezalako gaitasuna erakutsi baloia urruntzeko eta Riera bitan saiatuz gero baloi erraza jarri dio Pandianiri, eskura zegoen puntua ebatsiz.

Okerrena ez da joku aldetik ikusi dena, alde onak eta txarrak izan baitu gaurko jarduera, duela astebete gertatu zen legez, emaitza albo batera utziz jokua bera izan baita kasu bietan, baizik eta azken boladan ahula den Athletic Clubeko jokalarien moralarentzat suposatuko dena. Egutegiari begira ipinita, Sevilla indartsua dator Bilbora domekan eta horrelako partidatan erakutsi beharko dugu aurrera jotzeko gai garela, puntuak beharrezkoak ditugulako eta gure buruari esateko ahalmena daukagula etxean irabazteko. Ahalegin dexente beharko dugu, zalantzarik gabe.