Real Madrid - Athletic Club
Jardunaldia 13
Liga

Real Madrid - Athletic Club

Real Madrid
Real Madrid
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 65' Ronaldo
  • 81' Roberto Carlos
  • Luis Prieto 34'

KokapenaSantiago Bernabéu , Madrid

Real Madrilek 2 Athletic Clubek 1: Irudi ona baina punturik ez

Bi eta bat galdu du Athletic Clubek Real Madrilen aurka. Ronaldok eta Roberto Carlosek egin…

Athletic Club

Bi eta bat galdu du Athletic Clubek Real Madrilen aurka. Ronaldok eta Roberto Carlosek egin dituzte etxekoen golak eta Luis Prietok Athletic Clubekoak. Gure taldeak merezimenduak egin ditu punturen bat urratzeko, baina denboraldi honetan beste batzuetan gertatu den legez, kontrako faktore asko pilatu dira eta honako zelaietan puntuatzeko dena ia ezin hobeto ateratzea da ezinbesteko: zure jokua, epailearen lana eta zorte apur bat eduki. Hiruki majikoa.

Okerrena ez da lan txukuna egitea eta partida galtzea Liga eskuratzeko borrokan dabilen Real Madrilen aurka, baizik eta etorkizunari begira neurketak dakartzan ondorio latzak: epe motzera Aduriz eta Murilloren zigorrak eta epe luzera Orbaizen lesioa eskuin belaunean. Astelehenak eskainiko dizkigu erdilariaren lesioaren azken berriak.

Nondik hasi? Athletic Clubek ostegunetik ezaguna zen 4-2-3-1ekoarekin aurpegia eman du uneoro. Hamaika jokalariekin zero eta zero eta abantaila eskuratuta, hamaika jokalariekin markagailua berdinduta zegoela eta jokalari bat gutxiagorekin markagailuan atzetik zebilela. Taldea ez da kikildu Real Madrilen aurka eta garaipenaren bila jarri ditu bere indar guztiak, taldeak behar legezko intentsitatea ipini du soropilaren gainean eta asko kostatu zaio Capelloren taldeari partida aurrera ateratzea. Taldeak, oro har, ondo irakurri du partida… baina azken ikutua falta zaio, beti ere kontuan hartuta aurrean zeukan taldearen kalitateak, azken finean, lehia erabaki egin duela.

Lehen unetik partida irekia eskaini dute talde biek. Zurigorriek aurrean presionatu dute eta Real Madrilen ohiko joera indartu dute, hau da baloi luzeak bidaltzearena. Lehen ordu laurdenean joan-etorri ugari ikusi dira area bietan, baina aukera garbirik sortu gabe. Hamabosgarren minutuan Raulek izan du bat argiagoa, baina ezkerkada kanpora joan da lehen zatiko unerik zailenari bidea emanez: 16. minutuan Robinhoren pase bikaina boleaz errematatu du Salgadok, baina Lafuentek kornerrera bidali du eta horren ondorioz ia errebotez gutxigatik gora errematatu du Ramosek. Hauek eta Robinhok 32. minutuan kanpora egin duen jaurtiketa izan dira erasorik arriskutsuenak atsedenaldira joan baino lehen.

Gure aldetik jokaldi asko hil dira area inguruko hondartzan, baina aspaldiko partez, estrategian atera dira fruituak. Yestek zeharo engainatu du Casillas 21. minutuan, baina gutxigatik joan da kanpora bere falta jaurtiketa. Prietok, aldiz, zorte gehiago izan du 34. minutuan. Iazko 13. jardunaldia bezala, falta jaurtiketaren bitartez egin du gola, nahiz eta Gabilondoren egoera jokoz kanpokoa izan. Ezker erdilariak keinua egin du baloiaren inguruan eta protesta egin dute etxeko jokalariek, baina epaileak legezkotzat eman du gola. Tamalez, partidaren bilakaerak erakutsi digu zein argiak ziren egin diren pronostikoak erabakiak eragina izango zuelakoan. Partidako lehen jokaldi erabakigarria izan da.

Hiru minutu beranduago Luis Prietok, falta baten ondorioz ere, buruan izan du aukera, baina ez du errematatu eta bere lagapenak ez du adiskiderik topatu.

Horrela amaitu da lehen zatia eta Capellok aldaketa bikoitza egin du. Ronaldo eta Beckham, Reyes eta Emersonen ordez, aurrean falta zitzaion indarra eskuratze aldera. Raul eta Robinho kokatu dira hegaltean eta Beckham erdiratuago. Dena den, erasoko eraginkortasun gehiago lortu baino lehen, istiluz beteriko hasiera izan du bigarren zatiak: 48. minutuan lehen zatia txartelik gabe amaitu duen Ramosek gorria behar zuen ikusi ukabilak jauzian erabiltzeagatik, baina ausardia falta izan du epaileak eta horian laga du.
Partidako bigarren jokaldi erabakigarria izan da.

Hor joan zaio partidaren kontrola eta presioa handiegia izan ei da Santiagorentzat. Diarrak bere horia ikusi du eta Van Nistelrooyk izan du bere abagune bakarra 55. minutuan zurigorrien despistea aprobetxatuz, baina Lafuentek ezin izan du gainditu. Jokaldi horretan Orbaiz lesionatu da eta Murillok berehala ordezkatu duen arren baja garrantzitsua izan da Athleticentzat. Partidako hirugarren jokaldi erabakigarria. Halaz ere partidak ez du epe motzera aldaketa gehiegirik somatu. Etxeberriak ezkerrez arriskua sortu du 58. minutuan,Yestek eta Adurizek batu dituzte txartel bana, baina gure taldeak lehenengo moduan segitu du, baloiak lapurtzen zelai erdian eta kontraeraso azkarrak antolatzen.

Horrelako batean partidako laugarren jokaldi erabakigarria heldu da. Aduriz, Yesterekin hormarena egin eta gero, ondo sartu da area ertzetik eta atzelari baten aldaratzea Gabilondorengana heldu da. Horrek ezkerrez jaurti du, baina Casillasek geldiketa onarekin erantzun du. Zero eta bitik berdinketara pasatu da ziztu bizian. Hurrengo jokaldian Sergio Ramosek baloi luzea bidali dio Ronaldorik, hark kontrol aparta egin eta behetik berdinketa ezarri du 64. minutuan.

Athletic ez da atzean geratu eta berehala jarri da Casillasen ateari begira, Urzaiz sartu da Yesteren ordez 70. minutuan, baina partidako bosgarren jokaldi erabakigarrairekin dena are zailago ipini da. Adurizek eta Diarrak gora jo dute baloiaren bila 74. minutuan eta biek soropil gainean amaitu dute. Epaileak falta seinalatu du eta behin hurbilduz gero, Diarrari odola zauritik zeriola ikusi du. Soilik une horretan planteiatu dio bere buruari txartela ateratzeko posibilitatea eta gorria hartu du Aduriz kaleratzeko.

Hor ere ez da atzeratu gure taldea, baina zelai erdia indartu du Casasek Etxeberriaren tokia 79. minutuan sartu denean. Real Madril noizean behin iristen zen, baina askomkostatzen zitzaion: Beckhamnek faltaz 79. minutuan egin du eta Ronaldok lana eman dio Lafuenteri 81. minutuan. Hortik gutxira teoriaz behintzat arriskurik ez zeukan jokaldian, areatik at baloia hartu du Roberto Carlosek eta Iraolaren hanka azpitik arraseko baloi indartsua bidali du sareetara. Bat gutxiagoz ere Real Madril bere zelaian sartu du Athletic Clubek eta abagunea sortu du berdinketa eskuratzeko, bikoitza gainera, tartean Raulen aukera egon den arren. Arauzko laurogeita hamarretara heltzeko bi minutu falta zirela Urzaizek orraztu du baloia buruz, Gabilondok bigarren zutoinean baloia area ertzean utzi eta bertan Iraolak, bakar bakarrik, gurutzatu du baloia… baina Gabilondori gertatu zaion bezala, Casillasen oin puntarekin egin du topo. Hiruzpalau minutu beranduago, Van Nistelrooyk eskuz urrundu du baloia bere arean. Seigarren jokaldi erabakigarria bata, Iraolarena, eta azken eskua penalti izatea fikziozko eleberri ona, bestea.

Dozena erdi jokaldi erabakigarri punturik gabeko irudi ona hornitzeko. Eta horrekin batera amorrazio eta sufrimendutik “Bigarrenera, bigarrenera” Bernabeuko ohiua. Txarto zaudenean hangoek eta hemengoek bat egiten dute, baina ez dute gure taldea ezagutzen: egun hauetan eta zailtasun guztien aurrean min egiteko gogoratzen digute zein den denboraldiko helburua, baina baita ere egun eta egoera zail hauetan Athleticekoa izatea den ohorea.