Real Sociedad - Athletic Club
Jardunaldia 20
Liga

Real Sociedad - Athletic Club

Real Sociedad
Real Sociedad
02
Athletic Club
Athletic Club
  • Iraola 12'68'

KokapenaAnoeta , Donostia

Real Sociedadek 0 Athletic Clubek 2: Urrezko garaipena

Urrezko garaipena lortu du Athletic Clubek gaur Anoetan Real Sociedad 0-2 menperatuz Andoni Iraolak lortu…

Athletic Club

Urrezko garaipena lortu du Athletic Clubek gaur Anoetan Real Sociedad 0-2 menperatuz Andoni Iraolak lortu dituen bi golei esker, 12. eta 68. minutuetan konkretuki. Urrezko puntuak beheko postuetatik alde egiteko egun arerio zuzenaren aurka irabazi eta gero, nahiz eta baja asko pairatu, oraingoan “Javierren egunean” Javi Martinezek eta Javi Casasek ezin izan dutelako jokatu, baina bai lehendabiziko aldiz Javi Gonzalezek ezker hegala defendatuz.

Sasi guztien gainetik etxetik kanpoko aurreko partidatan erakutsi dituen dohaiak erakutsi ditu gure taldeak, Anoetan ere zale askoren sostengua izan duena. Atzean sendo, ordenaturik eta ordena desagertu denean atezaina ere agertu da Xabi Prietori penaltia desbiratzeko, esaterako, eta beste bitan esku onak ateratzeko. Bigarren zatian birtuteak nagusitu dira eta ia ez du zailtasunik pairatu gure taldeak presioa askozaz hobeto egin duelako eta baloiaren jabetza ederto kudeatu duelako.

Gainerako emaitzak ikusita, beste pauso txikia eman da, orain jeitsierako postua hiru puntura dagoelako, baina gaurkoan legez, tokatzen zaigun arerioa, Betis, borroka honetan dago sartura eta domekako lehiak berebiziko garrantzia dauka tarteak egiteko orduan.

Donostian esan zuten hil ala biziko baino gehiagoko lehia zela eta Athletic Clubek irmotasunez hartu du erronka, hasieratik jokuaren ekimena eramanez. Bravoren area inguruan ibili dira zurigorriak eta 12. minutuan Iraolak, ezkerrez area marraren paretik, egin du zero eta batekoa. Zaplastada handia izan da oso Realarentzat eta asko kostatu zaio erreakzionatzea etxeko taldeari. Halaz ere, batez ere Savioren bitartez, saiatu dira arriskua sortzen eta gainera brasildarrari egin dioten ia sarrera guztiak faltatzat hartzen zuen epailea. Skouboren jaurtiketa lehen minutuetan, Aranzubiak harrapatu duena, izan da arriskurik handiena ia ordu erdira arte. Korner jaurtiketa orraztu dute etxekoek eta bigarren zutoinean Lopezek errematatu du baina Aranzubiak atera du eskua. Berehala heldu da Athleticen erantzuna: kontraeraso azkarra, Adurizek loratzen du baloia atezainaren gainetik eta Bravok eskuz mozten du areaz kanpo. Jokaldi eztabaidagarria baina txartel horiarekin konpondu dena. Galdera da, zer behar zuen gorria izateko?

Ez dakigu epailea Ligako lehen partidan eragotzi zioten errakuntza ezabatzen saiatu den jokaldi horretan, baina hortik gutxira zalantzazko penaltia seinalatu du Sarriegiren eskuan jo duen Savioren erdiraketan. Prietok jaurti eta Aranzubiak desbideratu. Halaz ere, Realak bere unerik goxoenak izan ditu atsedenaldira arte eta Juanitok aukera paregabea izan du jokoz kanpoko jokaldia txarto egin duenean Athletic Clubek. Aranzubia berriro present egon da.

Atsedena hartu dute zurigorriek eta ideak argitu ostean bigarren zati hobeagoa egin dute zurigorriek, hasieratik bukaeraraino. Atzeko lerroa aurreratu dute eta presioa hobetu egin. Emaitza nabarria izan da: Realak ezin izan du jokua sortu eta aukerak zurigorriak izan dira. Garmendiak lana eman dio Bravori, Aduriz saiatu kontraeraso azkar batean, Iraolak bere bigarren gola egin du adorez baloiaren bila joateagatik 68. minutuan, hasieran errematatu eta errebotearen bila abiatu erdiboleaz sareetara jaurtitzeko. Hor bai zeharo desagertu egin dela Reala. Lotina saiatu da lehenago taldea berpizten Jesuli eta Skoubo kenduz gari Uranga eta Herrera sartuz 61. minutuan, baina alferrik. Batzuk zein besteekin ezintasuna izan da nagusi etxekoen aldetik eta 75. minutura arte ez du abagunerik sortu talde donostiarrak. Saviok erdiratu-jaurti du faltaz eta Aranzubiak kornerrera bidali du, atera eta gero boleaz gora errematatu du Lopezek.

Gurean, Garmendiak utzi du bere tokia Gabilondo sar zedila 61. minutuan, Yeste erdiratu da eta Aduriz eskuinean aritu da. Zero eta birekin Llorentek ordezkatu du Urzaiz eta azken minutuak jokatu ditu Dañobeitia Adurizen ordez. Guztion partehartzea ezinbestekoa izan da eta zailtasun guztien gainetik halaxe beharko datorren jardunaldian ere. Lan eskerga egiteke dago, baina taldeak erakusten duen portaerarekin baikorrak izateko arrazoi franko dago.