Real Racing Club de Santander - Athletic Club
Jardunaldia 28
Liga

Real Racing Club de Santander - Athletic Club

Real Racing Club de Santander
Real Racing Club de Santander
54
Athletic Club
Athletic Club
  • 66' Garay (p.)
  • 70'88' Zigic
  • 78' Murillo (b.a)
  • Luis Prieto 7'
  • Etxeberria 62'80'
  • Iraola 83'

KokapenaEl Sardinero , Santander

Racingek 5-Athletic Clubek 4: Zoramena punturik gabe

Athletic Clubek ezin du punturik urratu Santanderren 5-4 galdu ostean zoramena nagusi izan den partidan,…

Athletic Club

Athletic Clubek ezin du punturik urratu Santanderren 5-4 galdu ostean zoramena nagusi izan den partidan, batez ere bigarren zatian. Zurigorriak bitan egon dira aurretik markagailuan eta 4-2 galtzen joan diren arren, launako berdinketa eskuratu dute partida amaitzeko zortzi minutu falta zirela. Tamalez etxekoen bosgarrena heldu da eta horrekin batera etsipena, zaleek eta taldeak elkarri kontsolamendua eman dioten arren.
Hamar partida falta dira eta garaipen batera dago behin behineko lasaitasuna, baina lortu behar. Adorea eta kemena Santanderren erakutsi dira, baina konzentrazio gehiago beharko du taldeak.
Prietok egin du zero eta batekoa 7. minutuan; Cristian Fernandezek berdindu du 58. minutuan; Etxeberria bat eta bikoa ezarri du 63. minutuan; Garayk, penaltiz berdindu du 65. minutuan; Zigicek buruz sartu du hiru eta bikoa 69. minutuan; Murillok bere atean lau eta bikoa 77. minutuan; Etxeberriak 79. minutuan ezari du lau eta hirukoa; Iraolak launakoa sartu du 82. minutuan eta Zigicek bost ta laukoa 87. minutuan.

Zeharo ezberdinak izan dira partidako zati biak. Atzeko lerroak nagusitu dira lehen zatian eta arrisku gutxi sotu dute talde biek. Baloi luzea eta bigarren jokaldiaren aukera hobetsi dituzte Racingek zein Athletic Clubek. Etxekoek eraman dute ekimena, baina Prietok faltaz eginiko golarekin “ospatu” du bere itzulera. Golaren eskutik joerak nabarmendu dira.

Kantabriarrek euren zaleen laguntza jaso dute, gehienetan Bigarrenera! oihua nagusitu bada taldearen izenaren gainetik eta bi aukera sortu dute ia jarraian: Zigicek errematatu du 9. minutuan eta jaurtiketa kornerrera joan da eta Balboak gora jaurti du 11. minutuan. Hor amaitu dira benetazko arriskuak lehen zatian, zurigorrien aldetik Urzaizen aukera bat, 15. minutuan, langa gainetik bota duena, bakarra izan den bitartean.

Bigarren zatian, aldiz, txanpoiaren beste aldea ikusi dugu. Athleticek jo du lehen eta berehala erantzun du 47. minutuan Munitisek buruz atetik metro gutxira, baina Aranzubiak desbideratu egin du baloia. Llorente sartu da Urzaizen ordez 55. minutuan eta Racingek abagune berri bat izan du Garayen bitartez. Tamalez hortik gutxira heldu da gola eta 58. minutuan inolako oposiziorik gabe area txikian bertan errematatu du buruz Cristian Fernandezek, zelai erditik zetorrela. Berehala erantzun du Athleticek eta Etxeberriak Llorentek buruz orraztu duen baloia aprobetxatu du arrasean sartzeko. Etenik gabeko erasoak bizi izan dira ia amaiera arte. Serrano sartu da ezkerretik 64. minutuan eta Murillok zangotrabatu egin du. Penaltia Garayk jaurti du ondo eta binako berdinketa ezarri du.

Hasieran osterabe. Yestek Gabilondoren tokia hartu du 66. minutuan, baina geldiezina zen Racing gure taldea kontrako irudia eskaintzen zuen bitartean. Zigicek buruz sartu du hiru eta bikoa eskuinetik heldu den erdiraketa errazaren ostean. Golik gabeko tarterik luzeenean zelairatu da Garmendia Javi Martinezen ordez eta gaitza are handiagoa bihurtzeko Murillok, gura barik, egin du bere atean kantabriarren laugarrena, Zigicen burukada bere gorputzean jo eta gero.

Iluna zen oso partidaren etorkizuna, baina Etxeberriak beste baloi bat jaso du arean eta ezker hankarekin keinu tekniko paregabea erakutsi du hirugarrena lortuz. Berpiztu da Athletic eta falta baten osteko baloi soltea sareetara bidali du Iraolak. Zoramena zentzu guztietan. Launakoa eta zortzi minutu partida amaitzeko. Betiko galdera: Partidaren bila joan? Atzean eutsi? Bigarren aukerarako ez zen eguna domekakoa eta aurrera jo du Athleticek. Tamalez beste zirrikitu bat aprobetxatu du Racingek eta Zigicek partida erabaki du. Kolpe gogorra, baina taldeak eta zaleek erantzun dute batera, beste berdinketa baterako baldintzak sortzen. Iraolaren erdiraketa kornerrean amaitu da eta horren sakea gutxigatik kanpora errematatu du Garmendiak.

Egoera latza da, gogorra oso, baina tinko segitu behar du Athleticek. Mailari eusteko aukera egon badago eta horretarako ezinbestekoa da ia partida guztietan jasotzen den gol sortari aski dela esatea. Golak egiteko ahalmena egon badagoela argi dago eta erronka gogorra da Valentziarena. Gaindituko bada zaleen laguntzarekin ere izango da, ez dago zalantzarik, baina zorionez soberan dago horretaz jardutea. Sardineron be zoragarria izan da milaka zale zurigorrien lana eta alaitasun eguna zor zaie. Zor zaigu guztioi. Lehenbailehen, hil edo bizikoa bihurtzen ari da eta.