Sevilla FC VS Athletic Club 4/22/2007 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
31. Jardunaldia

Sevilla FC4 : 1Athletic Club

Kerzhakov49'
Puerta54'
Chevantón69'
Luis Fabiano82'
Yeste77'
Laburpen bideoa
Estadioa
Ramón Sánchez-Pizjuán
Herria
Sevilla
Data
22/04/2007
Ordua
7:00 PM
Data eta ordua
4/22/2007 - 7:00 PM

Sevillak 4 Athletic Clubek 1: Etxekoak nagusi

Athletic Clubek ezin izan du Sevillak gainditu eta beharbada egun europar talderik indartsuena 4-1 nagusitu…

Apr 22, 2007

Athletic Clubek ezin izan du Sevillak gainditu eta beharbada egun europar talderik indartsuena 4-1 nagusitu da Sanchez Pizjuan futbol zelaian, nahiz eta atsedenaldira partida hasierako emaitzarekin amaitu. Bigarren zatian aldiz, behar ez duten “laguntza”rekin andaluziarrak aurretik ipini dira markagailuan eta espazioekin erraz menderatu dute gure taldea. Kerzhakovek, Puertak, Chevantonek eta Luis Fabianok egin dituzte sevillarren golak eta Yestek Athletic Clubarena.

Partida espero bezala hasi da, hau da Sevilla presionatu guran eta Athletic sendo atzean kontraerasoa erabiltzeko. Zazpigarren minutuan Poulsenek falta egin dio Aranzubiari jauzian eta jokoz kanpo zegoen gainera. Gola baliogabetu egin du epaileak, baina atezaina lesionaturik geratu da eta Lafuente sartu behar izan du entrenatzaileak bere ordez 30. minutuan.

Bitartean partidak beste detaile garrantzitsu bi eskaini ditu. Bederatzigarren minutuan Kerzhakovek ondo bilatu du penaltia Yesterekin, baina Luis Fabianok zutoinera bidali du baloia eta hurrengo minutuan Gabilondok baloi polita utzi dio Joseba Etxeberriari eta horrek Cobeño eta zutoinarekin egin du topo. Athleticek ez zion zirrikiturik uzten Sevillari, baina minutuak aurrera joan ahala zailtasun handiagoak eduki ditu baloia mantentzeko, batez ere lehen zatiko azken hamar minutuetan. Baloirik gabe zaila zen oso kontraerasoan arriskurik sortzea edota estrategiako jokaldietan minik egitea.

Juande Ramosen jokalarientzat, aldiz, gero eta errazago zen Lafuenterengana hurbiltzea, gero eta gorago berreskuratzen baitzuten baloia. Berogeigarren minutuan Luis Fabianok abagunea izan du buelta erdian, Kerhzakovek jaurtiketa ona egin du 41. minutuan, baina Lafuentek desbideratu egin du eta Poulsenek buruz errematatu du gutxigatik kanpora.

Atsedenaldira eta helburu bat nagusi bigarren zatiari begira: partidan luzaro mantentzea etxekoen balizko nekea aprobetxatzeko. Ez da bete. Etxeberriak izan du lehen abagunea baina kontraerasoa deuseztatu du Cobeñok 46. minutuan eta 49. minutuan Luis Fabianok jokaldi ona egin du Kerhzakovi baloia utziz eta errusiarrak erraztasun osoz, baina jokoz kanpoko egoeran, sartu du lehena. Kolpe gogorra eta taldea paper berriari egokitzeko ia betarik gabe bigarrena heldu da.

Kasu honetan ere eztabaidarako gaia eskaintzen du jokaldiak. Luis Fabiano jokoz kanpo zegoen eta hortik irten da baloia hartzeko eta Puertari irekitzeko. Hau ezkerraldetik sartu da eta Lafuente zutoinetik at harrapatu du erdiraketa egingo zuelakoan. Txarto jo du baloia, baina barrura joan da atezainaren angelutik. Sevillaren nagusitasuna onartu ostean gure entrenatzaileak prentsa aretoan esan duenez, sikieran jokaldi horiek epaileek erakusten duten Athleticen aldeko ustezko portaeraren inguruko hainbeste zaborrarekin amaitzeko izango balitz….!

Norgehiagoka apurtuta eta Sevilla zoriontsu horrenbeste espazioarekin eta horrenbeste kalitate duten jokalariekin. Manek 4-4-2koa antolatu du Exposito eskuin hegalera eramanez, Iraola zelai erdira eta Amorebieta ezker lateralera mugituz. Gero ere saiatu da Luis Fabianoren eraginkortasuna ekiditzen Sarriegi eta Prieto tokiz aldatuz, baina alferrik. Zurigorriek aukera pare bat sortu dute: Etxeberriak jaurti du 56. minutuan baina Cobeñok desbideratu du eta Adurizek buruz errematatu du kanpora 57. minutuan. Sevillan Hinkel sartu da Navasen ordez atzeko lana azpimarratzeko eta Kerhzakovek izan du bere azken aukera 64. minutuan Chevantoni lekua utzi baino lehen.

Gurean taldea gehiago sendotzeko asmoz Ustaritz eta Urzaiz sartu dira Gabilondo eta Adurizen ordez. Ustaritz Murillorekin batera kokatu da zelai erdian, baina ez dute denborarik ezertarako 68. minutuan Chevantonek bernarekin eginiko errematearen bitartez hirugarrena ezarri du eta. Athleticek ez du etsi, eta Amorebieta eta Urzaizen aukera banaren ondoren Yestek errematatu du barrura buruz Iraolaren erdiraketa 77. minutuan. Larritu dira etxekoak, baina oso gutxi eta Chevantonek baloia loratuz 78. minutuan, Luis Fabianok laugarrena eginez 81. minutuan eta Chevantonek berak zutoinera jaurtiz 88. minutuan gauzak bere horretan utzi dituzte.

Ezinezkoa izan da punturik urratzea eta hurrengoan izan beharko estu segitzen duen sailkapeneko zulotik alde egiteko. Jardunaldia ez da txarra izan beste emaitzei erreparatuta, baina kontsolamenduaren eskutik ez dira puntuak iritsiko, Real Madril irabazten baizik.