Athletic Club - RCD Mallorca
Final hamaseirenak
Kopa

Athletic Club - RCD Mallorca

Athletic Club
Athletic Club
11
RCD Mallorca
RCD Mallorca
  • 11' Gabilondo
  • Maxi 50'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Mallorcak 1: Kanporaketa aldatz gora

Ez da emaitzarik onena Athletic Clubek Mallorcaren aurka San Mamesen eskuratu berri duena (1-1, Gabilondo…

Athletic Club

Ez da emaitzarik onena Athletic Clubek Mallorcaren aurka San Mamesen eskuratu berri duena (1-1, Gabilondo eta Maxi) Kopako kanporaketa aurrera ateratzeko, baina talde bien arteko parekotasuna kontuan hartuta atea oraindik irekita dago itzulekoari begira.
Domekan esaten genuen legez, aukerak sortu ditu Athletic Clubek eta oraingoan gol bat lortu ere, baina arerioak oso gutxi behar du gurean gola sartzeko eta halaxe gertatu da gaurkoan ere, norgehiagoka guztiak bestelakoak diren arren.

Athletic Club Kopako izpirituaz jantzita atera da berdegunera. Erasokor, bertikala eta gogo askorekin. Hamaikakoari dagokionez, Iraola itzuli da eskuin hegalera lauko defentsan eta lerro horretan Amorebietak bete du hasieratik Prietoren tokia. Euskarrian Javier Iturriagak hasierako hamaikakoan izan du debuta eta Etxeberria zein Gabilondo itzuli dira taldera hegaletan.

Esan bezala, ziztu bizian sartu du Athletic Clubek Mallorca atzean. Hirugarren minuturako Adurizek bolea bat egin du, baina behartuta baloia gora bidaliz. Eta aspaldiko partez ordu laurdena bete baino lehenago iritsi da etxekoen gola. Gabilondok berebiziko jokaldia egin du, Mallorcako hainbat jokalari atzean utziz eta baloia loratu du Moyaren gainetik. Bat eta zerokoa eta bide batez zuraren madarikazioarekin amaitu du Añorgakoak. Erasoaldia ez da hor gelditu. Zurigorriek kanporaketa alde jartzeko aukera begiztatu dute eta 16. minutuan Yesteren jaurtiketa desbideratu du kornerrera Moyak, 28. minutuan balizko penaltia egin du Ramisek (duela denboraldi batzuk Javi Gonzalezi San Mamesen bertan seinalatu zioten antzeko bat) eta minutu berean Yesteren falta jaurtiketak ez du gutxigatik saririk lortu.

Lehen zatiko azken txanpan ere bere aukerak izan ditu Athletic Clubek. Gabilondok buruz kanpora errematatu du 39. minutuan, baina aukerarik garbiena Etxeberriarena izan da 41. minutuan. Elgoibartarrak Gabilondoren pase sakona jaso du arearen marraren parean eta ezkerrez jaurti du bortizki, baina Moyak desbideratu du berriro ere.
Mallorcari dagokionez, seigarren minutuan Victorren jaurtiketa harrapatu du Lafuentek eta 34. minutuan Maxik buruz errematatu du kanpora.

Gutxi erein baino uzta oparoa, horrela laburbildu daiteke Mallorcarentzat partidako lehen ordua. Atsedenaldian aldaketarik ez talde bietan, eta aldaketarik ez Athleticen patuari begira. Nahikoa izan da lehendabiziko erdiraketa arearantz bigarren zatian berdinketa ezartzeko. Komek eskuinetik erdiratu du eta Maxik orraztu du baloia buruz. Banakoa eta dena, partida, kanporaketa, aldatz gora.

Une horretan hasi da aldaketen dantza. Jonas irten da Komeren ordez 60. minutuan eta berehala, 65. minutuan, aldaketa bikoitza egin du Sarriugartek: Urzaiz Adurizen ordez eta Dañobeitia Etxeberriaren ordez. Ia atsedenik gabe Gabilondo eskiatzailearena errepikatu du: hainbat arerio atzean utzi eta atezainaren aurrean baloia gehiegi gurutzatu du ezker hegalekoak.

Mallorcan Basinas sartu da Pereyraren ordez 69. minutuan eta baita ere ia atsedenik gabe Jankovicek kanpora bidali du errematea, gutxigatik bada ere, 70 minutuan. Horixe eta Jonasek oso txarto amaitu duen bi baten aurkako kontraeraso argia izan dira Mallorcaren azken abaguneak. Gutxi baina, esan legez, uzta itzela izan da.

Azken aldaketak 74. minutuan heldu dira: Javi Martinez Iturriaga debutariaren ordez eta Navarro Doradoren ordez. Oraindik ere, Gabilondo golegile gisa debutatu duen egunean, beste aukera paregabea izan du. Dañobeitiak eskuinetik erdiratu du eta Gabilondok, bakar bakarrik zela, bere bolea desbideraturik bidali du kanpora. Eta gure jokalariek sartzen ez bazuten, azken aukera 89 minutuan heldu da, baina atzelari baten burukadak ez du Moya ezustean harrapatu. Beste datu bat hau ere: aste honetan gure kontra ari diren atezainentzat bikaina litzateke nota.

Zapore mingotsa uzten du berdinketak, San Mamesera bertaratu diren askorentzat ere, baina irakurketa positiboak egiteko parada eskaini ere. Adibidez datu esanguratsu bat: ia aukera guztiak sortu dira jokaldian gaurkoan, baina askozaz etekin gehiago atera beharko lieke taldeak estrategiako jokaldiei. Celtaren aurka batzuen iritzia kontrakoa zen: estrategiako jokaldietatik heldu zen soilik arriskua (bestalde ez zen horrela gertatu) eta jokaldien ondorioz oso gutxi. Gaurkoan jokaldiak egin ere bai, baina estrategiakoetan arrisku gutxi sortu. Orekan edota gehiketan egon daiteke gakoa, bitartean euskal derbi bat datorkigu Ligako erritmoari eusteko.